9. eguna: Hvar, Kroazia
Atzo Hvarreko uharteaz eta bere txokoez lurretik gozatu genuen. Gaurkoan uhartearen paisaiak eta Pakleni Otoci parke naturala uretatik ikuskatzea erabaki dugu. Bakoitzak hamar euro ordainduta ontzi txiki bat alokatu dugu egun guztirako eta honetaz baliatuz parke naturalean barrena uhartez-uharte ibili gara. Txalupa ez da oso azkarra baina guk ere ez dugu inongo presarik eta ondorioz, erritmo lasaian hainbat uhartetako hondartzetan geldiuneak egin ditugu.
Ontzia alokatu dugun lekuan mapa bat emateaz gain, bisitatzeko lekuak gomendatu dizkigute. Gomendagarriena areazko hondartza batera hurbiltzea zela azaldu digute. Kontutan izanik kostalde honetako hondartzak harrizkoak direla ilusioa egin digu ohituta gauden area horren bila joateak. Mapa jarraituaz ikaragarri ederra den badia batera heldu gara. Guztiok buruan, hondartza eder horretan etzanik eta deskantsuan pasatuko genuen unea dugu, baina ontzia geratu dugunean errealitatea ezagutu dugu. Gure areazko paradisuak lau metroko zabalera du. A ze broma! Egia da badia ikaragarri polita dela baina espero genuen hondartza ez da inon ageri. Mapa pare bat aldiz kontsultatu ostean, toki egokian gaudela argi ikusi eta arerik ezean harrizko hondartzaz gozatuko dugula erabaki dugu.
Aurrez supermerkatuan erosia dugun janaria jan ostean, bigarren uhartea atzean utzi eta hirugarrena inguratzera joan gara. Uharteak handia dirudi baina ez du inork espero bidaia bi orduz luzatzea. Gainera, kostaldeko aldean egon ordez Adriatiko itsaso irekiaren aldetik egin diogu bideari eta konturatzerako olatu nahiko handietan barrena goaz. Iaski zorabiatu eta guzti egin da. 1,90 gizasemeak ezin izan dio botaka egiteari ekidin. Hori gutxi balitz, eguzkia laino artean ezkutatzen hasia da eta tenperatura beherantz doa. Momentu batean bira erdia ematea pentsatu dugu baina azkenean hau bide luzeagoa izango zela erabaki. Azkenerako gure paradisurako ontzi bidaia, lehen bai lehen lurreratzeko gogoan bihurtu da. Zazpiak alderako ontzia alokatu dugun portura heltzea lortu dugu eta ontziaren jabeari nondik ibili garen esan diogunean ez digu sinistu. Inork ez omen dio eman bira osoa ontzi honekin hirugarren uharteari… Barre algara itzelak egin ditugu eta gure artean komentatu Elkanoren herrikide izanik arraroa zela Italiaraino ez joan izana. Dena den, hurrengorako ikasi dugu gomendagarria dela zerbait gehiago ordaindu eta ontzi azkarragoa alokatzea. Bestela poliki-poliki ibilian gaur amaieran adina aspertuko baikara.
Lurretik ez ezik, itsasotik ere a ze parajeak Hvar inguruan.
t a faltao una foto mia con la kami d la real jajaja q pena m da q no lo entiendo mu bien pero parece q estas haciendo un trabajo increible!! te felicito Aitorr!!