10. eguna: Hvar, Kroazia-Mostar, Bosnia-Herzegovina
Goizeko zazpietarako katamarana hartu dugu Hvarreko uhartetik berriro ere Splitera itzultzeko. Esnatzea asko kosta zaigu, aurreko egunetako lasaitasunezko errutina hautsi dugu eta, baina gaurko gure helmuga Mostar izanik goizeko zortzietarako Spliteko portuan egotea ideia ona da. Spliteko portuan Iaski eta Bittorren autoan sartu eta Split kanpoaldeko bidera eraman gaituzte. Guk aurrera jarraitu behar dugunez eta beraiek ordea eguna Spliten pasa, elkar modu tristean agurtu eta lehendabizikoz Martarekin autoestop egiteari ekin diot. Leku ederrean gaude; Mostarreko norabidea, trafiko handia, autobus geltoki bat autoak gera daitezen… ez nuen inoiz esango bertan bi orduren ostean ez gintuela inork geratuko. Bai! bi ordu egon gara autoak geratzeko “leku itzel” horretan eta ezer ez. Azkenerako aurrerantz ibiltzeari ekin diogu; pare bat kilometrora dagoen gasolindegira joan gara.
Bertan energia berritzeko kafea hartu dugu eta bertan geratzen diren gidari guztiei galdezka aritu gara gure samaritar onenaren bila. Mundu guztiak gertu doala, presa duela edo zuzeneko ezezkoa eman digu. Beste ordu baten ostean Phillip izeneko tipo batek Splitetik atera eta Omis izeneko kostaldeko herrira eramango gaituela esan digu. Guztira hiru ordu pasa dira Splitetik ateratzerako, baina haserre edo triste egon ordez pozik gaude behingoz hiri hau atzean utziko dugulako.
Phillipekin ordu erdiz egon gara autoan. Omis izeneko kostaldeko herri politeraino. Herri bukaerako portuaren ondoan utzi gaitu. Musika bolumen altuan duen barku turistiko bat dago eta han ekin diogu dantzatzen dugun bitartean autoak geratzeari. Ordu laurdena baino lehen Zoran izeneko 40 urteko bosniarra da alboan. Guk kartelean dugun “Makarska” seinalatu eta autora igotzeko keinua egin digu. Tipoak ez du ingelesez hitz egiten eta ondorioz, keinu bidezko komunikazioa landu behar izan dugu. Nahiko barregarria izan da Makarskarainoko ordu erdiko bidaia. Gainera, oraindik ez dut aipatu baina, Splitetik irten garenetik Makarskara heldu garen arte itsasertzeko bide zoragarri batetik joan gara. Kostalde guztian zehar portu eta hondartzak dituzten herrixka txikiak daude. Ura gardena da, eta kostarekin paraleloan, laku edo ibai bat ikusten ari garen sentsazioa izan dugu, uharte kopuru kontaezina bata bestearen atzetik errenkan baitago.
Makarskan sarreran utzi gaitu Zoranek eta ttippi-ttappa irteerarantz joan gara lanerako leku on baten bila. Beste “leku on” horretan ia ordu eta erdiz egon gara Mario izeneko italiarrak bere Fiat Cinquecento laranja geratu duen arte. Mariori buruz zer esan? 60 urte dituen italiarra da, hamar hizkuntza dakizki (horien artean gaztelania), 120 herrialdetatik bidaiatu du, historiaz lepo daki, bidean zehar argazki eder bat egiteko aukera ikusten duen bakoitzean geratu egiten da… Artista bat! Gainera, Mostar bertaraino eraman gaitu! A ze bidaia ederra izan dugun Makarskatik Mostarrera. Paisaia zoragarriekin gozatu dugu eta eliza, meskita edo gaztelu bat zegoen toki bakoitzean Mariok bere historia kontatu digu. Egia esan autoan sartzeko gure motxilekin nahikoa arazo izan dugu eta ez da 60km ordutik pasatzeko gai, baina bidaia ahaztezina izan da. Berak esan digunez, behin auto horretan Siberiaraino iritsi zen Italiatik eta beste batean Ekialdeko Europa gurutzatu zuen Osloraino.
Dena den, Mariok gaurkoan izan duen burutazio xelebreena Kroazia eta Bosnia arteko mugan izan da. Aurrekoan bertan egon zenean oraindik gudan omen zeuden. Honen ondorioz, oraingoan bakeari omenaldia egin nahian, bere autoaren alboan autoa bera baino handiagoa zen bakearen bandera jarri du muga igarotzeko. Bi aldeetako auto ilaretan dauden kotxeen bozinak saltoka jarri ditu eta jende guztiak bakearen keinua eta txalo egin digu. Sinestezina. A ze esperientzia. A ze satisfazio eta poz aurpegia gure lagun Mariorena. Nahiz eta polizia berehalakoan hurbildu bertan argazkirik atera ezin zela esatera, argazkia ere egiteko beta izan dugu bi herrialdeen artean.
Mostarrera bidean, Makarskatik normalean igaro genitzakeen bi orduen ordez, hiru bat ordu egon gara inoiz ahaztuko ez ditudan auto eta tipo honekin bidaian. Mostarren bidaiagatik eskatu digun gauza bakarra turkiar kafe bat izan da. Kafe hori musulmanek tradizionalki egina dela esan digu eta kasualitatez gure ostatua herriaren alde arabiarrean dagoenez bertako terrazan gonbidatu dugu Mario. Kafeak normalarekin alderatuz duen desberdintasun nagusia loditasuna da. Solidoa izan gabe likido izatetik nahiko urrun dago eta gainera, hondar solido nabarmena uzten du katiluaren azpialdean. Kafea hartu ostean Mario agurtu eta eduki dugu egun ikaragarriari buruz mintzetan geratu gara Marta eta biok. Gertatu zaigunarekin azkar ahaztu dugu guztira lau ordu eta erdiz egon garela bide ertzetan garraio bila. A ze eguna!
Egun ikaragarria eta Mariorekin momentu ahaztezinak!
Uau aitor! LAnera itzuli garenontzat ze ihesbide polita goizero zure kronikak irakurtzea! Segi fuerte!