11. eguna: Mostar, Bosnia – Dubrovnik, Kroazia – Bar, Montenegro
Gaur Bosnian esnatu, Kroazian jan eta orain Montenegron joango gara lotara. Egun luzea izan da baina makina bat gauza ikusteko beta ere izan dugu.
Goizeko bederatzietan esnatu gara Mostarreko Aksoj ostatuan. Mostar Belfasten antzera bitan zatituta dagoela esan daiteke. Neretva ibaiaren iparraldean kroaziarrak daude eta hegoaldean berriz, musulmanak. Erraza da zein aldetan zauden jakitea meskita eta elizak ikustean. Dena den, ibaiaren bi aldeetan ikus daitezke oraindik gudaren eraginak. Ez dago berritua izan ez den eraikinik, ezta kanpo hormetan ehunka tiro zulo ez dituenik ere. Gainera, etxe suntsituak edonon ikus daitezke. Guda zein gogorra izan zen antzematen laguntzen du guztiak. Ezin da ahaztu Mostar izan zela gudan zehar sarraski handiak jaso zituen hirietakoa. Kroaziarrak mendebaldeko bi sarreretatik sartu ziren eta serbiarrak ekialdeko beste bietatik. Hiriaren inguruan dauden muino garaietan euren metrailadore eta misil jaurtitzaileak kokatu eta etengabe tirokatzen zuten hiria. Horrela uler daiteke nola daude oraindik ere bertako eraikin gehienak. Hainbeste urte atzera egin gabe paraje honetan jazo zena imajinatzeak oraindik ere hunkitu egiten du. Kontakizunean ezin ahaztu Mostarreko Stari Most zubia aipatzea. Gerra garaian lehen aipatutako muino horietako batetatik botatako jaurtigai batek zubia erditik zatitu zuen eta ez zen orain sei urtera arte berritu. Berritze hori bi herritar taldeen arteko bake sinbolotzat hartu zen gainera.
Gure ostatua aurreko egunean esan bezala, alde musulmanean dago. Bertako langileen lagun egin eta berriketan egon ostean, gauzak argitu dizkigute. Nahiz eta, banaketa egon eta gudan gertatutakoak ahaztuta ez izan, ez dagoela gorroto handirik batzuen eta besteen artean. Normalean ez omen dira elkarrekin ibiltzen baina gaur egun ez dagoela arazorik ibaiaren bi aldetako herritarren artean. Noizbait inor Mostarrera hurbilduz gero, Askoj ostatua kontutan izatea ez ahaztu. Jende gazte jatorrak egiten du bertan lan eta hamar euro ordainduta herriaren erdialdean, aire girotu eta komun pribatua duen biko logela eskaintzen dute. Gainera, beti daude pasatako guda eta urte zailei buruz mintzatzeko eta ahal duten heinean lagungarri izateko prest daude. Esaterako, Marta eta biok Bosniako mugaraino eraman eta bidean arbasoen herrixka musulmanean turkiarrera kafera gonbidatu gaituzte. Benetan jende jatorra.
Mugara bidean Bittorren deia jaso dugu. Iaski eta bera Splitetik atera eta hegoaldera, gure norabidean, Dubrovnikeraino doazela esan digu. Nahi izanez gero Opuzen izeneko herrian itxarongo gaituztela guztiak batera joateko. Guk baietz esan eta mugatik Opuzenera dauden hamar kilometroak ahalik eta azkarren egiteko berehala hasi gara autoak gelditzeko ahaleginetan. Mugan poliziak auto guztiak gelditzen dituenez ez zaigu zaila egin Opuzenera eramango gaituen kotxea aurkitzea. Bost minutu baino lehen Anna izeneko kroaziar gazte batekin gaude autoan eta konturatzerako Bittor eta Iaskitekin geratutako supermerkatuan gure zain daudela ikusi dugu. Annari eskerrak eman eta berriro ere gure lagunekin bat egin dugu. Autoan hegoalderantz joateari ekin diogu eta ordu eta erdian Dubrovniken gaude autoa parking-ean uzten. Dubrovniken mediterraneotik dabiltzan kruzero ontzi askok egiten dute geldialdia bertako harresiz inguratutako alde zaharra ikusteko. Egia esan, merezi du. Harri zuriz eraikitako harresian eta honek barruan gordetzen dituen eraikinen artean ibiltzea ederra da. Zortziak aldera norbaitek barruan gauden milaka turistei itxi egin behar dutela esan eta bertatik ateratzera gonbidatuko gaituzte. Esan bezala, kale nagusi eta txikiago guztiak turistez lepo daude eta hauen diruaren erakargarri diren hamaika jatetxe, taberna eta izozki denda ere badaude. Guk ere bertan bazkaldu ostean herri zaharrean paseatu dugu porturaino. Txoko gehienak ikusi ostean autoa aparkatu dugu lekura itzuli gara. Nahiz eta beraiek bertan lo egiten duten Iaskik eta Bittorrek herriaren bukaerara eraman gaituzte gure bidaiarekin jarrai dezagun. Berriro ere lagun berriak agurtu ditugu eta oraingoan ziur azkeneko aldiz dela, eta Montengroraino iristeko asmoarekin autoestopari ekin diogu.
Dubrovniken ordu bete inguru egon gara lanetik bere furgonetan zetorren Alexek geratu arte. Cautat izeneko herriraino joan gara bera hara doalako. Nahiz eta Dubrovniken baino trafiko gutxiago dagoen, 20 minutura 45 urteko Lukaren autoan gaude Kroazia Montenegro arteko mugara bidean. Hegoalderantz goazen heinean trafiko gutxiago dago eta bidea kaskarragoa da. Lukak mugatik bost kilometrora utzi gaitu bide estu batean “han aurrean duzue Montenegro”, esanda. Eskerrak eman eta autotik jaitsi bezain laster konturatu naiz bide horretako trafikoa txikiarekin ez dela batere erraza izango garraioa aurkitzea. 20 minututan 50 auto baino gutxiago pasa dira eta denak abiadura nahiko altuan guri inongo kasurik egin gabe. Gainera, iluntzen hasi du eta honek larritu egin gaitu. Halako batean BMW 535 berri bat urrutian ikusi eta geratzen ari dela iruditu zait. Ez dela posible pentsatu dut baina hala da. Arbe eta Lulzin izeneko bi montenegroar daude barruan. Ez dute ingelesez hitz egiten baina ahal dugun bezala elkar ulertu dugu. Hannoverretik 4:00etan abiatu direla eta 17 ordu gidatzen aritu ostean gu ikusi eta geratu egin direla esan digute. GPSan ikustean baieztatu dut azaldu digutena. Gure intentzioa Montenegro Budvaraino joatea da baina bi lagun hauek Bar izeneko herrira doazela esan digute. Oraindik hegoalderago dago eta bertaratzea erabaki dugu. 22:30erako iritsi gara Bar-era eta Arbe eta Lulzin agurtu ostean lo egiteko leku baten bila hasi gara. Berehala aurkitu dugu egokitzat jo dugun apartamentua eta orain bertatik ari naiz idazten.
Egun luzea baina ondo aprobetxatua…
Hau da enbidia, datorren urtean abixatu noa zoazen ni ere apuntatzeko