Aitor Agirrezabalaga (1985, Donostia)
Glasgowtik Derryra hegazkinez joango naiz. Handik Dublinera autostopean. Hegazkina hartu eta Kroaziara, handik autostopean berriz, nolabait Errumaniara heltzeko asmoz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Txope(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
12. eguna: Bar, Montenegro – Tirana, Albania
Atalak: Albania, Montenegro
Uncilj-eko herria eta hondartza txikia
Gaurkoan Adriatiko itsasoari agur esan eta Itsaso Beltzaren bidean barrualderantz abiatu gara. Goizean hondartzara joateko asmoarekin esnatu gara Bar-en, baina nahiz eta euririk ez egin eguraldi kaskarra dago eta ideia berehalakoan baztertu dugu. Dena den, herria ikusteko asmotan portualderantz joan gara eta hondartza ikusteko aukera ere izan dugu.
Egia esan ez dut ideiarik ere nolakoa zen hasieran batean joan behar genuen Budva herria, baina Bar-eraino oporretan joatea ez dut ideia ona denik uste. Nahiz eta turismoari zuzenduta dagoen herria izan, hondartzan bertan hainbat toki puskatuta daude, eta kaleak zaindu gabe eta zikinak. Kontraesan handiak ikusten dira Bar-en, portuan 15 metrotik gorako yateak ikusgai eta ondoren hondartza bidean gutxienez bi urtez moztu gabe daramaten lorategiak.
Herriaren erdigunean komunismo garaiko eraikin ugari daude. Ia ehunka familiarentzat lekua dute etxebizitzen blokeez gain, garai hartan futuristatzat salduak izango ziren eraikin publikoak ere badaude. Montenegroko txanpon ofiziala euroa da. Montenegrok duela lau urte lortu zuen independentzia eta Kosovoren eta gero Europako herririk gazteena da. Belgradotik zetozen diru laguntzak galdu izanak eta Europar Batasunetik datozenak ez horrenbestekoak izateak azaldu dezake Bar bezalako herrien egoera.
Bar ikusi dugunean, motxilak hartu eta berriro ere oinez herri kanpoaldera joan gara; Albaniara eramango gaituen garraioa lortzera. Leku egoki bat aukeratu eta bertan motxilak utzi eta kartoian gure helmuga idazten ari garela auto bat ondoan geratu eta nora gindoazen galdetu digu. Guk Tirana dugula helburu esan eta berak Montenegroko azken herriraino, Uncilj-eraino, eraman gaitzakeela erantzun digu. Horrela, autoak geratzen hasi aurretik, mugaraino eramango gaituen autoa lortu dugu.
Paulekin Uncilj-en
Paul-ek 24 urte ditu eta Uncilj-ekoa da. Tipo oso jatorra izateaz gain, ingelesez daki eta pasatzen garen leku bakoitzeko historia azaltzen saiatzen da. Honetaz gain, pare bat aldiz bide nagusia alde batera utzi eta hondartzak erakustera eraman gaitu. Hau gutxi balitz, ordu erdiren ostean Uncilj-era iritsi garenean herrian zehar tour gidatua egin digu; hondartzak, alde zaharra… erakutsiz. Gainera, bere etxean gaua pasa eta berarekin parrandan irteteko gonbidapena ere egin digu. Baina guk argi dugu gaurko helmuga Tirana dela eta nahiz eta pena eman ezetz esan behar izan diogu. Uncilj ikusi ostean ondorengoa esan dezaket: norbaitek Montenegron hondartza oporraldia egitea pentsatzen badu, ahaztu dezala Bar eta joan dadila Uncilj-era. Ikaragarrizko jendetza eta bizitza egoteaz gain, areazko hondartza ederrak eta alde zahar historiko bikaina ere du eta.
Ulcinj-etik mugara dauden hamar kilometroak bi norabideen arteko irudimenezko marra bide estu batetik egiten da. Egia esan, bertan ez dago trafikorik eta Paulek bere zenbakia eman digunez berari deitu beharko geniola pentsatzen dut. Bost minututan bi auto bakarrik pasatu dira gure aurretik eta ikaragarrizko zortearekin bigarrena geratu egin da. Autoan Rudi eta Agustin doaz. Rudi-k ingelesez hitz egiten daki baina ez Agustinek. Ondorioz, guk Rudirekin hitz egin eta honek albanierara itzultzen dio guztia Agustini. 60 urte inguruko Agustin da gure bidaian interes gehien duena eta gelditu gabe galdezka ibili zaiguna. Halako batean, ez dakit nola italieraz Rudi inoiz Albanian izan den futbol jokalari onena izan dela esan eta nik ulertu egin diot. Rudi Albaniako selekzioko kapitaina izan zen eta guztira 70 partida jokatu bere herriarentzat.
Rudi Vata azkenean Realagatik fitxatzen
Honetaz gain, Europa guztian zehar jokatu zuen Glasgowko Celtic eta Energie Cottbus bezalako taldeetan eta baita Japoniako Yokohaman ere. Horrela mintzatzen ari garela, nire taldea zein den galdetu dit eta nik Reala esan ostean ezagutzen duela esan ez ezik 2000. urtean Bern Krauss entrenatzaile zela ia-ia Realagatik fitxatu zuela esan dit. Ez fitxatu izanaren arrazoia oraindik britainiar pasaportea ez zuela eta albaniarra zela izan zela ere azaldu dit. Istorio sinestezin honi buruz ari garela joan zaigu Shkodrarainoko bidea. Bertan autotik atera eta Rudi eta Agustini agur esan ostean berriro ere Tiranako bideari ekin diogu.
Oraingo honetan, aurrez beste autoak utzitako lekuan geratzea erabaki dugu. Erabaki egokia izan da, berriro ere lanean hasi eta minutu bat baino lehen Mhill eta Linarekin baikaude. Horien furgoneta urdinean gaude
Lina, Mhill eta bere furgonetarekin
Tiranarako bidean. Furgoneta zahar bat da eta ez du indarrik oso azkar joateko, baina bideko lautada berdeez eta Mhill-ek bere ingeles umilean esplikatzen dizkigun istorioez gozatzeko abiadura nahikoa da. Halako batean, bide erdian kafea nahi dugun galdetu eta baietz esan ostean jatetxe batean geratu gara. Lau kafe eskatu ditugu eta Mhillek whiskey bat, espero dut gaurko lehena izatea. Eskerrak ematekotan mahaitik altxatu eta kontua ordaintzera joan naiz. Guztia 1,2 € zela ikusteak harritu nau, baina ni zertan ari naizen ohartu denean Mhill aulkitik nola altxatu den eta zein azkar ordaindu duen oraindik gehiago. Ni bere gonbidatua eta laguna naizela esan eta inondik-inora ez dudala ordainduko azpimarratu dit. Ezin izan dut ezer egin eta bere kontu geratu dira edariak.
Azkenean Tiranan
Bidean aurrera jarraitu eta Tiranarako 30 km inguru geratzen direnean aurrean dugun furgoneta bati argiak botatzen eta bozina jotzen hasi da. Aurreko furgoneta Tiranaraino doa eta berak han inguruan lanean geratu behar duenez Lina eta hiruontzako garraio berria lortu nahi du. Azkenerako aurreko furgoneta geratu eta gu atzean jarri gara. Mhillek agur esan digu eta bazekienez albaniar dinarrik, bertako txanponik, ez dugula, Linari hiruontzat hiribururako garraioa ordaintzeko dirua eman dio. Mhill-i mila aldiz eskerrak eman ostean garraio berrian sartu eta ordu erdian Tiranan gaude. Linak txoferrari nora gindoazen esan eta gu baina aurreragoko geltokian geratu da. Pena handiz agurtu ostean bost minutu geroago Tiranako plaza nagusian gaude.
Albania gustatu zait baina are gehiago Albaniarrak.