14. eguna: Skopje, Mazedonia – Nis, Serbia
Atzo bezala, gaurko goiza Skopje ikusteko erabili dugu. Ostatutik beste behin nahiko goiz atera gara eta hau erdigunetik gertu dagoenez, hamarretarako hiriko plaza nagusian gaude. Tiranan bezala, plaza berreraikitze lanetan murgildua dago. Dena den, begi bistan ikusten da Skopje ondoko bizilaguna baino aurreratuagoa dagoela. Plaza ez ezik erdigune osoko hainbat eraikinetan lanean dihardute langileek eta argi dago beste lan asko duela ez hainbeste denbora amaituak direla. Hori bai, hemen ere, edonon herrialdeko bandera ikus daiteke eta hasieran eguna nahiko lainotsu badago ere, Mazedoniako bandera eguzkia izanik inon baino eguzki gehiago ikus daitezke Skopjeko zeruan.
Plaza nagusitik gaztelua dagoen muinora hurbildu gara. Gaurkoan motxilak ostatuan utzi ordez jada gurekin ditugunez, alferkeriaren ondorioz, muino magalaren hasieratik pare bat argazki bota eta ikusitzat eman dugu eraikina. Egia esan, gaurkoan “turismo express“ modalitatean aritu gara inongo lekutan denbora gehiegirik galdu gabe. Gaurko helmuga ere nahiko urrun dago eta geroago beharko ditugun indarrak gordetzea ezinbestekoa da.
Skopjeko bisitarekin amaitzeko Katedral ortodoxoa ikustera joan gara. Forma biribileko bost blokek osaturiko eraikin ederra da. Kanpotik eta barrutik da ikusgarria. Behin barrura sartuta gehien harritzen duena bertan aulkirik ez aurkitzea da. Pentsatu dut, litekeena dela, meza garaian soilik jartzea bankuak. Hori horrela den galdetzen ere saiatu naiz baina ezin izan dut ingelesez ulertzen duen inor aurkitu eta ondorioz, zalantzarekin geratu naiz.
Skopjen ikusi nahi genuena bisitatu ostean, autostop egiteko leku apropos baten bila hasi gara. Hiriak milioi erdi inguru biztanle izanik eta Kosovorako bidea erdigunetik horren urrun egonik, tranpa egitea erabaki eta hri kanpora joateko 10 dinarreko (0,17 €) autobus tiketa erosi dugu. Zorte handiarekin ingelesez dakien autobus gidaria tokatu zaigu. Tarim du izena txoferrak eta non geratu behar garen galdetu diogunean lasai egoteko eta berak abisatuko digula esan digu. Horrela, autobus hartan Skopje iparraldeko suburbioetan barrena ibili gara ordu erdiz autobusetik mundu guztia jaitsi den arte. Tarimek orduan lana amaitu duela eta Pristinarako bidera eramango gai tuela esan digu. Bertan gasolindegia dagoela eta gasolina behar duenez egingo digula fabore hori. Horrela konturatu eta nahi gabe, autobus batean autostopean goaz. Gasolindegira iristean autobusean bertan pare bat argazki atera ditugu gure lagunarekin eta bide ertzean lanean jarri gara. Halako batean, Tarim guri garrasika ari dela konturatu eta beregana hurbiltzean, a ze sorpresa. Gasolina botatzen ari den Pristinairaino doan auto bat geratua du. Leku onera ekarri ez ezik gure lana egin eta Skopje Pristina bidea egin behar duten bi pertsona gu eramateko konbentzitu dituzituen. Nolako tipoa Tarim hau!
Gasolindegian Nedzat eta Islam izeneko aita semeekin sartu gara autoan. Lehenak 40 urte inguru ditu eta bigarrenak 60 baino gehiago. Ordu beteko bidea da bi hiriburuen artekoa. Hasieran aran estu batean zehar leku guztietan bidea hobetzeko lanak daude; zubiak eta tunelak egin eta egin. Esango nuke Europar Batasuneko diru laguntza gehiena Serbiarekin ez diren komunikabideak hobetzeko erabiltzen ari direla. Bidaiaren bigarren zatian, aran estua utzi eta lautada mugagabe batera iritsi gara. Hemen Pristinarako bidea guztiz zuzena dela esan liteke. Alde bietan Pristina baino 30 km lehenago eraikinak daude eta aipagarriena da, eraikin horietako askotan banderak dituztela erakusgai. Gauza da bandera hauek Kosovokoak izan ordez EE.BB.etakoak eta Albaniakoak direla. Kosovotar gehienek badakite Serbia mugan inongo erasorik egin gabe egotearen arrazoia, EE.BB. euren “anaia nagusia” direlako dela. Horregatik dago eurekiko miresmena herrialde gazte honetan. Bestalde, Kosovotar gehienak Albaniar jatorrikoak izanik, asko eta askok, begi onez ikusiko lukete Albaniaren mugen barruan sartzea.
Pristinan askorako betarik ez dugu izan egia esan. Justu-justuan bazkaldu, zertxobait erdigunea ikusi eta pentsatzen genuena baino gutxiago kostata Podujevora, muga aurreko azken herrira, eramango gaituen autoa lortu dugu. Podujevon autoak garbitzen dituzten leku batean ondoan hasi behar gara berriro ere lanean, Jasna izeneko serbiar bat hurbildu zaigunean. Nora goazen galdetu eta guk Nisera erantzutean, bera bide hartan doala eta eramango gaituela esan digu. Autoa garbitzen zioten bitartean kafe bat hartuz itxaroteko esan digu eta gero abiatuko garela. Bere Hyunda garbi-garbi utzi diotenean, bertan sartu eta mugarako bideari ekin diogu.
Mugan tentsioa nabari da. Gaur egun Serbiak ez du Kosovo herrialde bezala onartzen eta horregatik auto gehienak goitik-behera arakatzen ditu polizia serbiarrak. Eguna iluntzen ari da gure txanda iritsi denerako. Poliziak gure pasaporteak eskatu dizkigu eta gela batean sartu da. Bueltakoan ez dakar aurpegi ona eta bere ingeles apalean esan digu ezin dugula Serbian sartu. Gure pasaporteak Kosovoko zigilua duela eta ondorioz Serbian ilegalki sartu garela eta atzera egin behar dugula. Eztabaidatzen saiatu gara gure sarrera pasea lortzekotan baina orduan berak tinko mantendu du bere ideia eta Jasna tristeki agurtu ostean berriz ere Kosovorantz abiatu gara.
Gau iluna jada gainean dugu eta nahiz eta auto pila izan mugan inork ez gaitu inora eraman nahi. Gauzak beltz jarri zaizkigula esan dezaket. Halako batean Podujevora doan Armanek, 27 urteko gazteak, bere autoan sartzeko gonbita egin eta berarekin egin ditugu Podujevora bueltan zeuden 15 km-ak. Bertan gure goardako aingeru berria agurtu eta lo egiteko leku baten bila abiatu gara. Herrian hotel bakarra dago eta bertara joan gara zenbat ordaindu berdin zaigula. Egun luzea izan da eta lehendabizikoz ez didate herrialde batean sartzen utzi. Gutxienez hotelean gaua pasatzea pertsonako 10€ dira eta gainera interneta ere badu.
Zapore gazi-gozoko eguna…
Aitorrrrrrr! Animo eta zorte on bidaiarekin. Dena ezin zitzaizuen bikain atera! Segi fuerte eta ez galdu animoak! Ez nekien Serbia-Kosovoren arteko harremanek eragin praktikoak zituztela bizitza errealean…
Aitorrrrrrr! Animo eta zorte on bidaiarekin. Dena ezin zitzaizuen bikain atera! Segi fuerte eta ez galdu animoak! Ez nekien Serbia-Kosovoren arteko harremanek eragin praktikoak zituztela bizitza errealean…