15. eguna: Podujevo, Kosovo – Sofia, Bulgaria
Atzo Serbiako poliziak bertan sartzea galarazi ostean, gaur berriro atzera egin behar izan dugu. Podujevotik Pristinara jaitsi, hemendik Skopjera eta azken honetatik Sofiaraino iritsi gara. Egun luzea izan da baina berriro ere gure helburua, Bulgariako hiriburura iristea, lortu dugu.
Atzo Jasnak autoa garbitzera eraman zuen tokian egin dugu lo. Garbiketa tokia ez ezik kafetegia ere badenez bertaraino hurbildu gara gosaltzera. Bertan gosaria eskatzen ari garen bitartean barra atzean zegoen mutilaren arreta geureganatu dugu. Bertan turista asko ikusteko aukerarik ez dutela esan eta gure nondik-norakoak galdetu digu. Halako batean gurekin gosalduko duela esan eta barratik atera da. Ez da zerbitzaria soilik, garbiketa gune eta kafetegiko jabea ere bada. 21 urte ditu eta Menssur izena du. Izugarrizko negozioa du 21 urte izateko. Gure bidaiarekin txundituta geratu da eta Serbian sartzen ez uzteak amorrarazi du. Guk gaurko bidea zein den esan eta tipoak kosovotarrak ze jatorrak diren erakutsi nahian, guk ezer eskatu gabe, berak Pristinara eramango gaituela esan digu.
Horrela konturatzerako gosaria amaitu eta bere autoan gaude berriro ere hiriburura bidean. Gainera, gosaria ordaintzen ere ez digu utzi. A ze tipoa Menssur! Pristina kanpoaldeko bideraino eraman gaitu eta han agurtu dugu gaurko gure lehen laguna. Denbora asko itxaron gabe Leki izeneko beste kosovotar batek bere furgoneta gure alboan geratu eta lanagatik Skopjera joan behar duela esan digu. Gure aurpegiek poztasun galanta erakusten dute aurreko egunean Serbiara sartu ezinean galdu genituen km guztiak berehalako batean errekuperatuko ditugulako.
Eguerdia baino lehen berriro ere Mazedoniako hiriburuan gaude Sofiarantz doan autopistaren irteeran lanean. Nahiz eta leku egokian egon ordu bat pasa da norbait geratu den arte. Ni nahiko aspertua nago eta 50 metrora geldirik dagoen auto batera joan naiz norantz doan galdetzera. 70 urteko Erlin aitona dago bertan gidari. Berak esan dit lagun baten zain dagoela baina bera iristean eramango gaituela Sofia bidean dagoen Kumanovo herriraino. Guk ia autoan barruan itxaron dezakegun galdetu eta berak baietz esan ostean horrela egin dugu. Halako batean, telefono dei bat jaso du eta minutu bateko elkarrizketa eduki ostean aurrean esertzeko esan dit, bere laguna ez datorrela eta bagoazela Kumanovora.
Kumonovotik gertu gaudela ordainleku batera iritsi gara eta Erlinek gomendatu digu herrian bertan autostopa egin ordez bertan egitea. Bere gomendioa jarraituz hantxe geratu gara eta baita asmatu ere. Bost minuturen buruan auto bat geratu da eta sartzean tipoak, 50 urteko Hristok, Sofiara doala esan digu. Ikaragarria! Hristorekin hiru ordu eta erdiz egon gara autoan. Bidean zehar fruta saltzen duten postu batean ere geratu gara eta kilo bat gerezi erosi ditu guk jateko. Hala iritsi gara aran orlegi eta estuetan barrena Sofiara. Bulgarian gaude jada. Bidaia hasi nuenetik zortzigarren herrialdea da. Itxura ona du hiriak eta lehendabizikoz helmugara garaiz iritsi garenez, orain goaz hiria zertxobait ikustera.
Nahiz eta errepikatu; a ze jende jatorra aurkitu dugun!
Apa hi!! Norbaitek gintonik bat zor zidak jajaja akordatuko ez nintzalakoan ala??? Ahal dudanen dana irakurriko diat ze beandu dek ta luzea oin hasteko.
Ondo izan!!
Apa hi!! Norbaitek gintonik bat zor zidak jajaja akordatuko ez nintzalakoan ala??? Ahal dudanen dana irakurriko diat ze beandu dek ta luzea oin hasteko.
Ondo izan!!