Aitor Agirrezabalaga (1985, Donostia)
Glasgowtik Derryra hegazkinez joango naiz. Handik Dublinera autostopean. Hegazkina hartu eta Kroaziara, handik autostopean berriz, nolabait Errumaniara heltzeko asmoz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Txope(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
16. eguna: Sofia, Bulgaria
Atalak: Bulgaria
Martarekin Kultura jauregi Nazionalaren aurrean.
Bulgariako hiriburua da Sofia. Milioi eta erdi inguruko biztanleria du eta Europako hiriburu zaharrenetarikoa da. Gure ostatua, beste behin ere, hiriaren erdigunean izateko zortea izan dugu. Hostel Mostel izena du eta mundu guztiko bidaiariz beteta dago. Gaueko hamar euro balio du zortzi pertsonako logela txukun eta garbi batek. Gainera, iristean ongietorri bezala garagardo bat ere eskaintzen dizute bertako langile gazteek.
Sofiatarrak ura hartzen iturri termaletan
Ostatu ondoan Natsionalen Dvorets na Kulturata edota Kulturaren Nazio Jauregia dagoenez eguneko bisita bertan hasi dugu. Orlegi argiko teilatua duen eraikin ikaragarria Bulgaria plaza osatzen duen parkearen alde batean dago. Argi nabarmentzen dira eraikinaren handitasunean komunismo garaiko aztarnak. Gainera, plazaren erdian garai bereko langileei eskainitako estatua ere badago pasatako errejimenaren oroigarri. Ostatuan esan digutenez plazan elkartzen da jendea eguzkiak ateratzeko keinua egiten duen bakoitzean eguna edo arratsaldea pasatzeko asmotan. Eraikina ikusi ostean, parkean zehar iparralderantz abiatu gara Justizia Jauregira. Beste eraikin ikaragarri bat. Goitik behera harri zuriz jantzita dago eta honek ere teilatu orlegia du. Bertan gertu begi bista batez ere ikus daiteke Sofiako bi katedraletako bat. Bideez inguratuta dago, norbaitek han erdian jarri duela dirudi. Bide hauetako bat hartu eta berriro iparralderantz jarraitu dugu meskitara iritsi nahian.
Katedraleko atean eserita
Nahiz eta Bulgariaren gehiengoa ortodoxo sinesmenekoa izan, sei pertsonatik bat musulmana da. Horren erakusgarria da Sofia erdigunean dagoen meskita handia. Bere ondoan, plaza handi batean, tea edaten eta arratsalde pasa jende pila dago. Plaza zeharkatu eta hurrengo interes lekura goazela interes puntu bat aurkitu dugu. Ur termalen iturri anitz dituen plaza txikia da. Bertan jende pila botilak, pitxarrak eta garrafak betetzen ari dabil. Ura bero-bero ateratzen dela ikusirik, bertara ur bila hurbildutako herritar bati galdetu diot ea zertarako erabiltzen dute. Berak iturritik etxera eraman eta bertan hozkailutan hoztu ostean kontsumorako dela esan dit. Mineral askoko ura omen da; osasunarentzat oso onuragarria. Gainera, negu partean hozkailuan sartu ordez balkoietan uztea nahikoa izaten dute hozteko.
Iturri termalak atzean utzi eta ziurrenik Sofiako eraikin ikusgarrienaren bila hasi gara: Aleksander Nevsky Katedrala. 1912an amaitu zuten eliza hori ortodoxoen artean handienetarikoa da. Bertan 5000 pertsonarentzat lekua omen dago eta nahiz eta ezin izan dugun barrutik ikusi, sinetsi kanpotik ere ikaragarria dela. Hasieran batean, Skopjekoaren antza duela pentsa daiteke baina askoz ere handiagoa eta ikusgarriagoa da.
Katedrala bere osotasunean
Turista egunarekin amaitzeko, katedral inguruan dagoen parkera joan gara bertan dagoen Gradska Gradina ikustera. Hori komunismo garaian eroritako soldaduei eskainitako ikaragarrizko mauseloa da. 20 metro inguruko zutabeen gainean aurkitzen da eskopeta eskuan duen soldadu baten estatua gune osoaren erdia aldarrikatuz bezala. Hori gutxi balitz han eta hemen, mausoleoko hormetan herritar eta soldadu gehiagoren estatuak. Amaiera polita ostatura deskantsatzera itzultzeko.
Hiri ederra Sofia.