Aitor Agirrezabalaga (1985, Donostia)
Glasgowtik Derryra hegazkinez joango naiz. Handik Dublinera autostopean. Hegazkina hartu eta Kroaziara, handik autostopean berriz, nolabait Errumaniara heltzeko asmoz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Txope(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
17. eguna: Sofia, Bulgaria – Gudevica, Bulgaria
Atalak: Bulgaria
Martarekin azken argazkia
Hiru egun hauetan gauza asko gertatu dira, baina lehenik eta behin argitu behar dut zergatik argitaratzen diren 17, 18 eta 19. egunak batera. 17eta 18. egunak, Gudevican, Bulgaria eta Grezia artean dagoen 10 biztanle inguruko herrixkan, pasa ditut. Imajinatuko duzuenez interneterako konexiorik ez zegoen bertan eta ondorioz nahiz eta idatzita egon, ezin izan ditut lehen aipatutako egun horiek argitaratu zibilizaziora bueltatu naizen arte. Orain, bidaiaren istorioarekin jarraituko dut, utzitako lekuan.
Lagun berriekin lehen argazkia
Atzo gauean ostatura itzuli ginenean, Marta etxerako hegaldiak begiratzen hasi zen. Bere etxean jada faltan botatzen zutela, eta nahiz eta bidaia nirekin bukatu nahi izan, beretzat itzulera egokiena zein zen begiratu behar zuela esan zidan. Lagundu ere egin nion lan horretan, eta tamalez, aukera ekonomikorik eta geografikorik egokiena, hurrengo egunean Sofiatik bertatik hegan ihes egitea zela adostu genuen. Horrela, hegaldia erosi eta azken gaua garagardo batzuk edan bitartean, bidaiari buruz hitz egiten pasa genuen.
Jada 17. eguneko goiza heldu da, ostatutik batera irten gara baina azken bi asteetan ez bezala bide desberdinekin. Berak aireporturako bidea hartu du eta nik berriz, Sofiako ekialdeko irteerakoa. Elkar triste agurtu dugu eta berriro ere bakarrik nago.
Autoan Rodopiar mendietan barrena
Hirian zehar egon ohi diren mapaetako batean autostop egiteko puntu egokiak urrunegi daudela jabetu eta metroa hartzea erabaki dut. Baina hori bai nire helburuarekin jarraituz, nahiz eta Skopjen ez nuen bete, hemen ez dut garraiorik ordaintzeko asmorik. Horrela, nire motxila eta guzti, Sofiako metroan barrena abiatu naiz tiketik gabe. Eskerrak hiru geltoki bakarrik direla, bestela ez dakit nola ordainduko nuen isuna, bidaiaren ondorioz dirua ere urritzen ari baitzait.
Halako batean, iritsi naiz egokitzat jo dudan leku batera. Trafiko asko eta gelditzeko tokia ere badago bertan. Dena den, agian bakarrik nagoelako edo, 30 minuturen ostean asper-asper eginda oinez hasi naiz aurrerantz. Hori bai, Sofiako azken etxeak atzean uzten ditudan bitartean behatz lodia zerura begira dut; nahiz eta datozen autoei bizkarra ematen ari. Halako batean, 100 metro aurrerago Citroen Berlingo gorri bat geratu da. Erdi korrika ahal izan dudan bezala bertaraino iritsi naizenean barnean 2 bikote gazte daudela ikusi dut. Norantz noan galdetu eta nik kostaldera erantzutean, gutxienez Plovdiv-eraino eramango nautela esan didate. Berehalakoan igo naiz autora. Gidari Teodor izeneko nire adineko mutil bat dago eta bere alboan Lora, bere neska. Atzean, nirekin, Ivo eta Nadezda bikotea dpa. Aurrekoekin alderatuta zaharragoak dira, baina ez dira 35 urtera heltzen. Guztiek dakite ingelesez eta oso jatorrak dira. Nire abenturak kontatzen aritu naiz bidaiako kilometroak jaten ditugun heinean.
Bachkovoko monasterioa
Ordu eta erdiren ostean, Plovdivera iristeko gutxi falta zaigun unean, beraiek bi egunetarako Bulgaria eta Grezia artean dauden Rodopiar mendietara zoazela esan eta joatera gonbidatu naute. Ez dut asko pentsatu behar izan. Tipo jatorrak, mendi eta paisaia ederrak (euren esanetan), inongo helmuga zehatzik ez izatea… ondorioz, Rodopiar mendiak ezagutzera!
Hiriburutik Gudevicara ia bost orduko bidaia dago. Gainera, bidean bi geldialdi ere egin ditugu. Mendietara hurbiltzen ari ginela, lehen maldetan barrena gindoazela, bertan zegoen monasterio ortodoxo bat erakutsi nahi izan didate. 1083 urtean fundatuta Bulgariako monasteriorik zaharrenetakoa da eta nahiz eta besterik ikusi ez dudan, ziur ederrenetakoa ere badela. Bertan gainera, lehendabizikoz errezo ortodoxoak nola egiten dituzten ikusteak txunditu egin nau. Apaiza, elizaren barrenean dago sakristia antzeko batetik, behin eta berriz sartu eta irteten den errezoan dabilen bitartean. Beste apaizak eliza osoa intsentsu usainez betetzen duen bitartean. Bertan dauden 10-15 sinestunek aho batez erantzuten diote apaizaren errezoari eta euren ahotsek sabai baxuan bat egiten dute oihartzun handia sortuz. Nahiko mistikoa izan da guztia.
Bidean hurrengo geldialdia afari-merienda egiteko izan da. Bidean dagoen taberna bulgariar batetan geratu eta nire lagun berriek Bulgariako sukaldea dastatzera gonbidatu naute. Ez dut dirurik baina izan banu ere gonbidatuko nindutenaren susmoa dut.
Gudevican gauez
Horrela egun osoa bidaiatzen pasa eta gero, azkenerako iritsi gara Gudevicara. Dena den, gau ilunarekin batera iritsi garenez, ez dut herria nolakoa den ikusteko aukera izan. Nire lagunak, bertan berritzen ari diren eskola zahar batera eraman naute. GKE batekoak direla eta etxe horretan baliabide urri dituzten familien umeekin udalekuak egiten dituztela esan didate. Horretaz gain Teodorrek, hurrengo goizean berekin mendira egun sentia ikustera joateko gonbidapena egin dit. Benetan ederra izango dela baina lau eta erdietan esnatu beharko garela. Honaino iritsita, tontoa izan behar lo egiteagatik egunsenti hori galtzeko.
Zeinek esan behar zidan, Greziatik kilometro eskasera, Rodopiar mendietan egongo nintzela…