Aitor Agirrezabalaga (1985, Donostia)
Glasgowtik Derryra hegazkinez joango naiz. Handik Dublinera autostopean. Hegazkina hartu eta Kroaziara, handik autostopean berriz, nolabait Errumaniara heltzeko asmoz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Txope(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
19. eguna: Gudevica, Bulgaria – Burgas, Bulgaria
Atalak: Bulgaria
Bolartzeko ezkon arropen dendetako bat
Egun gogorra eta gero, Itsaso Beltzeko ura ukitu dut gaur. Bidaia luzea izan da, baina Burgasen nago. Ivanekin bere lagun Decho eta honen neska Anaren apartamentu berrian lo egingo dut gainera. Aldaketa handia izan da duela 30 urte bezala bizi diren Gudevica atzean utzi eta Bulgariako kostak duen hiri handienetako batera iristea.
Bart gaueko festaren ondorioak gaur goizean iritsi dira. Goizeko zortzietan mundu guztia jaikita zebilen motxilak egin eta etxea txukuntzen. Zortzi eta erdietarako autoan nago Teodor, Lora eta… bai! Ivanekin! Bart esan bezala nirekin dator Burgasera.
Popovitsa itxarotez aspertuta baina lanean
Lehendabiziko geldialdia Smolyanen egin dugu. Egiteko burokratiko batzuk dituzte Teodor eta Lorak eta horretan joan zaigu goiz erdia. Gero autoan Bolartz izeneko herriraino eraman gaituzte eta han elkarri agur esan diogu. Beraiek Ivo eta Nadezdaren bila joan behar dutenez ezin baikaituzte aurrerago eraman.
Bolartz-en aipagarria bertako industria da. Ivanek esan didanez eta kale guztietan ikus daitezken dendek baieztatu, herri honetan egiten dira bulgariar gehienek euren ezkontzan jantziko dituzten soineko eta jantziak. Harrigarria da kalean ezker-eskuin begiratu eta ezkontza arropen dendak besterik ez ikustea.
Bolartzen kanpoaldera oinez joan eta bertan hasi gara lanean. 40 minutu behar izan ditugu Krstef izeneko gizon batek geratu eta kilometro gutxi batzuk aurrerantz eraman gaituen arte. Izena gogoratzen ez dudan herri batean utzi gaitu eta hemen berehalakoan hartu dugu Popovitsaraino eramango gaituen autoa.
Stara Zagorako errepide bakartia. Non dira autoak?
Popovitsa izan dugu infernu! Trafikorik gabeko karretera batean gaudela konturatu garenerako ez dago atzera bueltarik. Hiru orduz egon gara, itzaletan 40 gradu egingo zituela, autoren baten zain. Eta denbora horretan daturik puztu gabe 100 auto ere ez dira pasa gure aurretik. Hori dela eta, ibiltzeari ekin diogu. Eta ordu betez edo aritu gara gure motxilekin eguzkipean oinez auto bat geldirik ikusi dugun arte. Nik ez dakit ze esan dion, baina bi minutuz bulgariarrez hitz egin eta gero, Stilian izeneko, 22 urteko, gazteak Pavormay izeneko herrira eraman gaitu. Bertan, bost minutu baino lehen, Ivan eta Tamil gazteek Chierpan izeneko herrira eramatea lortu dugu. Azken honetan ere, segituan Dimitir izeneko gaztea geratu eta Stara Zagoraraino eramango gaituela esan digu. Badirudi gure zortea aldatzen ari dela.
Starara iritsi garenean, Dimitir-ek esan digu onena hiri sarrera hartan autostop egitea dela. Guk sinetsi egin diogu eta ikaragarrizko hanka sartzea izan da. Popovitsakoa bezalakoa den bide batean gaude. Baina nola da posible, Stara Zagora Donostiaren tamainako hiri bat izanik bertako sarreretako batean autorik ez egotea?
Azkenean Burgasen!!!
Berriro ere eta eguna iluntzen hasia da, oinez aritu gara bidean aurrera ordu betez, STOP seinale batera iritsi garen arte. Gure nekea hain da latza bertatik pasatzen diren auto guztiak asaltatuko genituela zin egin dugula. Hori bai, ordu erdian autorik ez bada pasa ezin autorik asalta. Azkenean iritsi da auto bat, eta Ivanek berriro ere bertan dauden bidaiariekin hitz egin eta sartzeko esan dit. Familia gazte bat dago bertan. Lutnil, aita, Lotina (ez entrenatzailea) ama eta hilabete gutxiko haurra, Valentina. Azkenerako portatu dira eta Burgaserako Stara Zagorak duen irteeran utzi gaituzte. Gertuago gaude, baina jada gaua da.
Ivan, Ana eta Dechorekin
Lekua ona da, egunean zehar behingoz nahikoa trafiko dabil bertan. Hala ere, nahiz eta pare bat autok geratu, ez doazela gure bidean esan eta berriro ere urruntzen ikusten ditugu. Ia beste ordu betez egon gara bertan, gure aingeru guardakoa iritsi den arte: Todor. Burgaseraino doan 35 urteko bulgariarra. Gainera, ni atzean eseri naiz eta Ivan eta biak bulgariarrez hitz egiten hasi direnez eta nire nekearen ondorioz, ia bi ordu eta erdiko siesta itzela bota dut. Begiak ireki ditudanerako, Burgasen gaude auto kanpoan 23:00ak direla ziurtatzen duen erloju batean argazkia ateratzen.
Sei orduko bidea egiteko 14 inguru behar izan ditugu, baina pozik nago!