Aitor Agirrezabalaga (1985, Donostia)
Glasgowtik Derryra hegazkinez joango naiz. Handik Dublinera autostopean. Hegazkina hartu eta Kroaziara, handik autostopean berriz, nolabait Errumaniara heltzeko asmoz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Txope(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
20. eguna: Burgas, Bulgaria
Atalak: Bulgaria
Burgaseko kaleak
Erlaxazio eguna gaurkoa Burgasen. Goizean lasai, hamarretarako esnatu gara. Dechok, Anak, Ivanek eta lauok batera gosaldu dugu. Gosari bulgariarrak, lutenitsa izeneko tomate zopaz aparte, entsalada eta jogurta du. Decho, 11:00etarako lanera joan da eta gu berriz hondartzara.
Hondartza ikaragarri luzea du Burgasek. Bertan turistentzat leku perfektuan jarritako jatetxe, taberna eta diskotekak daude. Harea nahiko beltza da eta itsasoan ez dago olatu bat bera ere; imajinatzen dut, Itsaso Beltza ia laku itxi bat izatearen ondorioa izango dela azken hau.
Burgas erdian dagoen parkea
Hondartzan, espigoi luze baten inguruan jarri gara. Ume asko bertatik eta urrunago dagoen eraikin altuago batetik uretara salto egiten dabiltza. Giro eta eguraldi ederra ditugu. Goiza hondartzan pasa eta Anak bertako txiringito batera eraman gaitu bazkaltzera. Arrain txikiak eta jogurt zopa jan ditugu beterik dagoen itsasertzeko tabernan. Bost eurogatik edari eta guzti eman digute eta bapo geratu gara.
Arratsaldean Dechok duen “grow shop”-a (erretzearekin zerikusia duten aparatuak saltzen dituzte bertan) ikustera joan gara berari bisita bat egiten genion bitartean. Ez dabil bezero askorik bertan baina denda ireki berria da eta ondo kokatua dago. Ziur aurrera aterako dela.
Decho dendan utzi eta hiri erdigunea ikustera joan gara. Hiri polita da Burgas. Hondartza ederrez gain, parke handiak eta oinezkoen kale zabal-zabalak ditu. Kalean jende asko dabil gora eta behera udarako azken egunak eta eguraldi onak aprobetxatu nahian. Eta ohikoa den bezala turistak dauden lekuan, beti saltzaile ugari ere badago. Bide eta kale ertz guztietan eguzkitako betaurrekoak, txapelak, arropa, umeentzako jostailuak edota hondartzarako materiala saldu nahian daude saltzaileak turisten ehizan.
Hondartzan Ivan eta Anarekin
Aurreko eguneko abenturatik oraindik ere nekatuta gaudenez, erdigunea atzean utzi eta apartamentura joan gara. Anak afaria prestatu nahi du guretzat eta bidean dagoen merkatu batean erosketa egin eta gero etxeratu gara.
Patata eta barazkiz labean eginiko plater goxoa prestatu du Anak, eta Decho lanetik iritsi denean berriz ere famili baten antzera afaldu dugu. Gero nire bidaiari buruz galdetu didate eta hor ibili naiz nire istorioak argazkien laguntzaz azalduz.
Burgas polita, eta Decho eta Ana jende oso jatorra, zer gehiago eska dezaket?