21. eguna: Burgas, Bulgaria – Sunny Beach, Bulgaria
Gaur egun ona izan dut. Bidaia ondo joateaz gain emailez berri eder bat jaso baitut. Nire nondik-norakoen berri duten koadrilako bost lagunek, euren oporrak Errumaniako kostan igaroko dituzte. Sorpresa eman nahiean ez didatela lehenago komunikatu baina bihar bertan Constantara, Errumaniako kostako hiri garrantzitsuenetakora, iritsiko omen dira. Hau da hau! Ez nekien Bucarestera nondik joan, baina orain lehendabizi lagunekin elkartu eta abenturaren zati bihurtuko ditut.
Atzo bezala, goizean, Dechorekin eta Anarekin batera esnatu eta gosaldu egin dugu. Hamarrak dira etxean Ana agurtu eta Dechorekin kalera atera garenean. Bera, bere lanerantz doa eta gu geurerantz. Ivanek esan dit azken zortzi udetan, turistentzako resort erraldoi batean egin duela lan eta niri hura erakutsi nahi didala. Sunny Beach izeneko lekua, Burgasetik 40 km ingurura dago. Beraz, bazkal ordurako bertan egotea espero dugu eta halaxe izan da. Gasolindegi batean autostopean hasi eta Alexander izeneko 30 urteko bulgariarraren autoan sartzea lortu dugu bost minutu baino lehen.
Alexanderrekin Sunny Beacheraino iritsi gara eta bertan elkar agurtu ostean, hotelez, jatetxez, tabernaz eta dendaz betetako leku hau ikuskatzeari ekin diogu.
Burgas turistentzako prestatua zegoela pentsatzen banuen, Sunny Beach zer da? Leku guztietan turistak eta hauek edozein negozioren laguntzarekin dirua ateratzeko ehunka postu. Gainera, Bulgariako banderen ordez, Europako beste edozein herrialdeen banderak ikus daitezke. Gehienbat Eskandinabiako herrialdeenak; Danimarka, Norbegia, Suedia eta Finlandia, bertakoak baitira oporretan etorri diren turisten gehiengoa.
Ivanek berak lan egindako lekuak erakutsi eta horietako batean lanean dagoen neska ingeles bat aurkeztu dit. Mary izeneko 30 urteko gaztea Ivanen lagun ona izateak asko lagundu du, bere etxean geratzera gonbidatu baikaitu. Horrela, bere etxean motxilak utzi eta hondartzara joan gara, bidean dauden janari azkarreko postuetako batean zerbait jan ostean.
Hondartzan ere negozioak edonon. Uretako motorren alokairua, atrakzio parkea, uretako eskia edota parakaidismoa egiteko aukera… eta hau dena gutxi balitz, zeruan joan etorrian behin eta berriz helikopteroak. Ivanen esanetan horiek ere alokatu daitezke kosta beste ikuspuntu batetik ikusteko.
Ezerezean hondartzan gaudela, Ivanek beste lagun bat ikusi du eta bera eta bere lagunekin hondartza boleibolean ibili gara. Bidaia osoan lehendabizikoz kirola egin dugu eta izerdia botatzea ondo baino hobeto etorri zait. Ondoren, bainu bat hartu eta Maryren etxera joan gara dutxatu eta bera lanetik irteten zenerako berarekin bat egin eta parranda botatzeko asmotan. Parrandarako hain prestatua dagoen resort hau gauez ere ezagutu beharko dudala pentsatu dut, eta zeinekin hobe nire lagun bulgariar eta ingelesarekin baino.
Gainera, etxean ordenagailua piztu dudanean lagunen emaila jaso dut bihar oporretan Errumaniara iristen direla esanaz. Hau da hau poza! Lehen esan bezala ez nuen erabakia nondik joan Bucarestera, baina orain ziur beraekin bat egingo dudala Errumaniako Itsaso Beltzaren kostaldean.
Beste egun borobil bat! Zorionekoa sentitzen naiz…
Aupa Aitor! Bazen garaia parranda on bat botatzekoa!!! Zemoduzko giroa Suny Beach horretan?
Aupa Aitor! Bazen garaia parranda on bat botatzekoa!!! Zemoduzko giroa Suny Beach horretan?
Bidaia zoragarri honetaz gain, lagunen sorpresa ??!!
Zurea bai zortea, Aitor!
Bidaia zoragarri honetaz gain, lagunen sorpresa ??!!
Zurea bai zortea, Aitor!
Kaixo Jonan, kriston giroa dago Vama Vechen. Oraintxe igo behar det artxiboa, ia gustatzen zaizun.
Kaixo Jonan, kriston giroa dago Vama Vechen. Oraintxe igo behar det artxiboa, ia gustatzen zaizun.