22. eguna: Sunny Beach, Bulgaria – Vama Veche, Errumania
Beste herrialde batean nago, Errumanian. Hori gutxi balitz, Euskal Herriko lau lagun izango ditut nire abenturaren bukaeran lagunkide.
Orain arte bizitakoagatik eta lagunekin bat egiteko ilusioz, pozez beteta atera beharko nintzen Sunny Beachetik gaur goizean, baina Ivan lagun bulgariarra atzean uzteak sentimendu kontraesankorrak utzi dizkit. Dena den, Ivanek resortaren kanpoalderaino lagundu dit oinez eta elkarri zorte ona opaz batak besteari agur esan diogu. Nik Errumaniara iritsi behar nuen, berak ordea bi egun gehiago bertan pasa ostean Smolyanera.
Trafiko ikaragarria dago Sunny Beachetik pasatzen den errepidean, baina segituan ikusi dut ez dudala lan ederra izango gaurkoan. Nire aurretik pasatzen diren auto gehienak gama altuko kotxeak izateak gehiegi lagunduko ez didalakoan nago. Inguru honetan dabiltzan turista dirudunek ez dute denbora galduko ni edonora eramaten. Nire usteak, ustel izan ordez, bete egin dira, eta gelditu gabe autoak behin eta berriz nire aurretik pasatzen diren arren, ordu eta hamar minutu behar izan ditut Nemshi izeneko 60 urteko gizona nire alboan geratu den arte. WV golf baten lehen modeloa gidatzen du, eta autoa ondo mantendua egon ordez, zaharkitua eta zikina dago. Hala ere, eta Nemshinek bulgariarra ez den beste hizkuntzarik hitz egiten ez duen arren pozez sartu naiz bere autoan eguzki izpietatik eta bero latzetik ihes egiteko intentziorekin.
Nemshirekin bidea barregarria izan da. Nahiz eta hizkuntza arazoak izan bien artean, biok komunikatzen saiatuaz joan gara eta Varnarako bidean zehar ordu eta erdiz.
Varnara iristean Nemshik hiriaren sarreran utzi nau eta han joan da, ulertu diodanez bere etxerako bidean. Bulgariako hirugarren hiri handiena da Varna Sofia eta Plovdiven ostean, eta horregatik beste egunetan bezain beste ibili beharko nuela pentsatu dut eta honek beldurtu egin nau. Dena den, kalean pare bat pertsonei galdetu eta hauen argibideez baliatu naiz 20 minuturen ostean Iparraldera eramaten duen errepidean lanean egoteko. Bertan ez dago Sunny Beachen bezain beste trafiko, baina zorte hobea izango dudalaa pentsatu dut.
Ordu erdian Svetlio izeneko artista baten autoan sartzea lortu dut. Svetlio Golden Suns izeneko beste resort baterantz doa bertan bere bandarekin gauean egongo den ezkontza batean jo behar duelako. Tipoak ingeles bikaina duenez kontu-kontari joan gara bide guztian zehar. Azkenerako berarekin bandako kide bezala ezkontzan sartuko ninduela ere esan dit. Pena asko eman dit gonbidapen honi ezetz erantzutea, baina nire lagunak zain nituela jakiteak pisu handia izan du erantzun horretan.
Svetliok Golden Sunsen sarreran utzi nau, eta nahiz eta norbaitek ez sinetsi, bere autotik motxilak ateratzen ari naizela atzean beste auto bat geratu dela ikusi dut. Beregana harrituta hurbildu eta barruan dagoen Harry-k nora nindoan galdetu dit. A ze tipo majoa! Nik Iparralderantz noala esan eta berak sartzeko gonbidapena egin dit. Harry-k ere ingelesez ongi egiten du. Bere izena Sergey dela esan dit, 43 urte dituela, Dobric-en bizi dela eta bertaraino eramango nauela. Dena den, mundu guztiak Harry deitzen diola eta bera ere horrela aurkezten dela.
Harryrekin Dobricera iritsi naiz ordu beteren ostean. Herri txiki honetako kanpoaldeko errepidean utzi nau eta bertan jarri naiz berriro ere lanean. Bertatik ez da auto asko pasatzen. Parajeak gainera kostakoak izan ordez barrualdekoak dira eta nire buruan gaizki ote noan pentsatzen hasi naiz. Dena den, hamar minutu baino lehen Jelko izeneko aitona baten autoan nago iparralderantz joaten.
Horrela ba, nahiz eta nire kezkak izan, Iparraldean Errumania dagoela jakiteak lasaitu nau eta Jelkorekin General Toshevo izeneko herriraino iritsi naiz. Herri hau behetik gora zatitzen duen kale nagusiaren amaieran utzi nau Jelkok, beste autostopista bat dagoen lekuan hain zuzen ere. Berriro ere lagun berri batekin nago. Stoian izeneko 20 urteko bulgariarra. Honek hurrengo herriraino soilik joan nahi du, baina bere esanetan herri hau muga aurreko azkena da. Horrela ba, Stoianekin talde lanean aritu naiz eta honek bere fruituak eman ditu. Beste Svetlio batekin, eta bere ama, Danketarekin autoan egotea lortu dugu bost minuturen ostean.
Gure gidariak eta bere amak ez dute ingelesez hitz egiten, baina Stoianek egiten duenez gure arteko itzultzailea bihurtu da bidean zehar. Horrela nire bidaiaren berri eman die eta eurak niri laguntzeko asmotan mugaraino eramango nautela esan. Gaurko eguna ezin hobe doa.
Ordu laurdenean Bulgariako eta Errumania arteko mugan nago. Autoko lagun bulgariarrekin argazkia atera eta oinez joan naiz beste herrialde berri baten bila. Bulgariako muga polizia harrituta utzi du nire bisitak. Dirudienez, aspaldi ez da pasa bertatik motxila batekin turista galdurik. Gainera, inongo trafikorik ere ez dagoela ohartu naiz. Banekien ordurako gaizki nindoala, baina gutxienez Errumania 100 metrora dut.
Bulgariako muga poliziaren harridura handia izan bada, are eta gehiago Errumaniakoena. Erretiroa gertu izango duen poliziak jarri duen aurpegiagatik, martiztar bat ikusi duela ematen dirudi. Pasaportea erakutsi ostean, berak italieraz eta nik gaztelaniaz elkar ulertzeko ahalegina egin ditugu eta honakoa esan dit: ez nago kostako mugan (gauza nahikoa nabarmena bestalde) eta gertuen dagoen herria hamar km baino gehiagora dago.
Nik informazioagatik eskerrak eman eta gutxienez bi orduko ibilaldia nuenez eta handik inor pasatzen ez zenez, oinez, bideari ekin diot. Berak orduan bertan geratzeko eskatu dit, berak geldituko duela hurrengo autoa niretzat. Aukera txarra ez dela pentsatu eta berekin geratu naiz bere bulegoan egonean. Desesperatzen hasia nintzela, 30 minuturen ostean autorik bertatik pasa gabe oraindik, izugarrizko zarata entzun dut Bulgarialdetik. Nire autoa ote? Halako batean ikaragarrizko trailer handi bat azaldu eta mugan geratu da paperak erakustera. Orduan, Adrian izena duen nire lagun poliziak, kamioilariarekin hitz egin eta ni eramatera “behartu” du.
Zortea izan dut. Stilianek gidatutako kamioi zuzenean Constantara doa. Stilianek ere ez daki ingelesez, baina komunikatzeko gogoekin dagoenez hala-nola, Nemshirekin bezala, nolabaiteko solasaldia izan dugu. Bidean Errumanian dauden lagun baten mezua jaso dut. Bertan Constanta utzi eta Vama Veche izeneko herrira doazela esaten didaten. Herri hau, kostaldeko mugan Errumaniako azken herria da. Hau ahal bezala Stiliani komentatu eta berak kamioian duen mapa baten laguntzaz Agigea izeneko herrian utziko nauela esan dit.
40 minutu geroago kamioitik jaisten nabil Agigean. Stilian agurtu eta nire helburura eramango nauen autoaren bila ekin dut.
Berriro ere zortea lagun izan dut eta bi minututan Andrei izeneko 20 urteko errumaniarraren furgonetan nago Vama Vechera joaten zuzenean.
Bertara iritsi naizenean, eta hondartzan dauden ehunka kanpinen artean, nire lagunak ikusi ditudanean, barrenean lehertu zaidan poza deskriba ezina izan da.
Balkanetako hamaika lagunei esker, etxeko nire lau lagunekin nago orain…
Beno beno, orduan gaur ez dugu zure artikulurik irakurtzerik izango ezta? Aze ajea edukiko duzun hainbeste egun bakarrik pasa ostean lagunekin topatu eta gero! Zein garagardo edaten dute Errumanian?
Beno beno, orduan gaur ez dugu zure artikulurik irakurtzerik izango ezta? Aze ajea edukiko duzun hainbeste egun bakarrik pasa ostean lagunekin topatu eta gero! Zein garagardo edaten dute Errumanian?
Egia esan nahikoa ajea manejatzen dugu gaur. Baina oraintxe igo behar det artikulua, jeje. Bart gaueko gure garagardoa Ursus izenekoa izan zen, ederra zegoen.
Mezu hau aprobetxatu nahi dut, beste mezu guztiak eta emandako sostenguak eskertzeko eta irakurle guztiei ere eskerrak emateko.
Egia esan nahikoa ajea manejatzen dugu gaur. Baina oraintxe igo behar det artikulua, jeje. Bart gaueko gure garagardoa Ursus izenekoa izan zen, ederra zegoen.
Mezu hau aprobetxatu nahi dut, beste mezu guztiak eta emandako sostenguak eskertzeko eta irakurle guztiei ere eskerrak emateko.