Kapitalaren hutsalkeria
Egun batean Hannah Arendt eta gaizkiaren hutsalkeriarena irakurri zenituen, baita Adolf Eichmannen erantzunak bere azken epaiketan ere. Kanten etika edota zeinahi burubide erabiltzera ausartu zen Eichmann bere defentsan, gaizkiaren hutsalkeria halakoxea baita, basakeria-egoera normalizatu bat, buruko mekanika koipeztatu batean, non argudio guztiak balio berekoak diren, idioziaren, arduragabetasunaren eta kalte sortuaren artean. Hutsaren hurrengoa da edozein esapide, hutsaltasun horretan, non egia eta gezurra, sormena eta eromena, adimena eta krimena nahasten diren.
Hura irakurri zenuen bezain fite, armada naziaren hegazkinek bonbardaturiko Gernika etorri zitzaizun burura, eta jarraian Picassoren koadro handia gogoratu zenuen: zaldia, zezena, gudariaren besoa eta, batik bat, kinkea eskuan, gaizkiaren huskeriak eman ezin duen esplikazioa eskatzen duen emakumea.
Hau dena gomutatu zenuen duela egun gutxi batzuk emakume gazte baten hitzen harira. Vienan nazioarteko gazteria sozialistaren batasuneko idazkaria izan zen emakume honek opari bat jaso zuen: zapatila nabarrak, kolorez josiak, Picassoren zaldiaren irudia margotua eta guzti. Bezuza honen berria dugu, berak oinetako kikirriki eta pintoreskoen argazkia egin eta txiokatu zuelako, alaitasun legitimoa bezain hutsala erakutsiz hurrengo hitzekin: “Caballo de Guernica! Ole ole y ole!!”.
Honen aurrean ezinezkotzat jotzen duzu historiaren eta tragediaren hutsalkeria salgaiaren fetitxearekin bat datorrela saihestea. Eta gauza bera pentsatuko duzu egun batzuk beranduago, Gernikatik kilometro gutxira, nazioarteko plutokraziaren ordezkari adierazgarrienek goi-bilera ospatu zutenean. Gailur hartan ekonomia ministro bat zegoen, Lehman Brothers korporazioaren aholku-kontseiluan parte hartu zuena, orain porrot egindako nazio batean bere irizpideak inposatzen dituena. Bilera elitista hartan Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria agertu zen, etengabe soldaten murrizketa gomendatzen duena, urtean 324.000 euro garbi jasotzen dituena. Ospakizun xelebre hartan monarka bat ere azaldu zen, curriculumean bere familiaren ustelkeria kasuak eta petrodolar arabiarren xekeekiko harreman estua dituena. Hain modutan hiru pertsonaia itzaltsuen etorria estimatu eta ohoratu zuten, ezen aurresku bat dantzatu zuten maiestate guztiz gainekoaren aitzinean.
Biharamunean, Euskadin gehien irakurtzen diren egunkarietako batek bere lehen orrialdean hurrengo titulua jartzea erabaki zuen: “Lider ekonomikoek Bilbon Espainiaren hazkunderako itzulera babesten dute”. Orrialde berean, behean eta eskuinaldean, komunikazio taldeko publizitateak erosketetarako orga bat iragarri zuen, janariz betea, lauki bitxi batetik: “El Correo-k eta Carrefour-ek dohainik ekartzen dizute 70 eurotan zenbatetsitako orga hau”.
Halakoetan zeure buruari galdetzen diozu gaizkiaren hutsalkeria atzoko gauza ote den, edo, gaur, alderantziz, salgai fetitxizatu eta kapitalizatuak bilakatu ote garen, etxe desjabetzeen eta bizitza deuseztatuen garaian.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks