Koldo Izagirre merkatuan
Europako biztanleen lekua iragarri zuen Nietzschek bere basamortutik. Egun batean Zaratustrak etxe-sail berri bat behatu zuen. Urbanizazio horren ikusmenaren aurrean, harrituta, hitz karminak bota zituen: “Zer esan nahi dute etxe horiek? Zinez, inongo arima handik ez ditu hor jarri, bere buruaren sinbolotzat! Haur inozoren batek atera ote ditu bere jostailu-kaxatik? Eta gela eta ganbara horiek: gizakiak sartu eta irten al daitezke hortik?”.
Eta Zaratustra gelditu eta gogoetan hasi zen. Azkenean nahigabeturik hurrengo agiraka egin zuen: “Dena txikitu egin da! Ate txikiak bertzerik ez dut ikusten nonahi: nire etorkikoa oraindik igaro daiteke, baina makurtu beharra dauka!”.
Normal
0
21
MicrosoftInternetExplorer4
/* Style Definitions */
table.MsoNormalTable
{mso-style-name:”Tabla normal”;
mso-tstyle-rowband-size:0;
mso-tstyle-colband-size:0;
mso-style-noshow:yes;
mso-style-parent:””;
mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt;
mso-para-margin:0cm;
mso-para-margin-bottom:.0001pt;
mso-pagination:widow-orphan;
font-size:10.0pt;
font-family:”Times New Roman”;
mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;}
Etxegintza hori eta hirigintza hori Nietzscheren Zaratustrak ideia batean laburbildu zituen, bertute txikitzailearenean, jendartea txikitu egin zela ohartu ondoren. Etxe nanoetan, zoru murriztuetan bizi zen jende horrek bertute txikiak behar zituen. Horrela otsoa txakur bilakatu zuten, eta gizakia bera gizakiaren etxe-abererik hoberena. Bertute txikitzailearen bidez, izaki hauek sabaiak, zoruak, hormak gutxitu, txikitu, birrindu zituzten, leiho eta ateetatik igarotzeko burua makurtuz eta azken finean etxeko bihotza desjabetuz.
Bide horretatik gure hiriak aldatu dira –edo dizkigute–, espazio komuna txikiagotuz eta txikituz. Honetaz konturatu da Koldo Izagirre. Bere erranetan, bizi den hiri monarkikoan, zuhaizti paristar dekadente eta ederra zena parking baten estalki bihurtu dute, inon diren traba arkitektoniko amorragarrienekin. Hori suertatzen da hiriak marka baten tankera hartzen duenean, Kontxa hondartza eta Miramar jauregia direla medio. Bitartean, hitzaren transmisioa eta bizitzaren trukea galdu egin dira, langilearekin eta herrikoiarekin zerikusia zuen guztia ezereztu ostean, lurrak erosiz, suntsiketaren ondorengo berreraikuntzan, desjabetzearen bidezko metaketa-prozesu batetik.
Merkatuak bertako produktuen eta bertako hizkuntzaren guneak izan dira. Han, janaria erosteaz gain, baserritarrak eta hiritarrak hizkuntza eta euskara trukatzen zituzten. Bertakoek eta kanpokoek elkarri egiten zieten hitz, elkarrekin egiten zuten euskara, herrikoa eta hirikoa, basokoa eta auzokoa. Hori dela kausa, merkatuak eta hiriak pertsonak topatzeko lekuak izan dira, bila joan behar izan gabe: “hiria gurutzaketa eta ustekabeen gunea da, etengabe eraikitzen eta deseraikitzen doan geografia bat delako”, Izagirreren iritziz.
Idazlearen aburuz, ordea, bere hiriak suntsitu egin ditu topaketa eta topografia hauek, banan-banan, batean macdo bat jartzeko, bertzean fnac bat, harakoan etxe-multzo askotako bat. Eta hirigintzan gertatu duten hori bera gertatu digute artean, musikan, politikan ere. Koldo Izagirrek azken poema liburuan dioenez, “arkitektura idorrak / ezain bezain ezilkorrak / plano guztien gainetik zuzen / lurrezko bidezidorrak”.
Hala ere, nik komentatu baino, irakur dezagun “Donostia” izeneko olerkia, non zuria beltzaren gainean jarri duen, hiriko kontrasteak eta kontraesanak argituz –tamalez, idatzian Koldi Izagirreren ahots sendo eta ahaltsua galtzen da: duela gutxi, Katakrak gunean zuzenean entzuteko aukera izan nuen eta indar gehiago ematen dio poema orori, lerro bakoitza berpiztuz eta nabarmenduz–.
DONOSTIA
gortearen udaleku
hiritasuna debeku
kupido motzen joek daukate
sebastian zerutik gertu
erreginaren hondartza
garbia eta apatza
noiz hankapeko noiz eskupeko
alaiki easok dantza
hodei beltzetan durunda
bentazikinen sutunpa
bilintx hil dute bilintx hil dute
leihorik leiho entzun da
hareazko jauregiak
maite ditu haurreriak
herria hitza ama arbola
barrutasun geuregiak
haizeak dakar hazia
haizeak dakar gazia
haizeak zakar ekarri zuen
larrazabalgo ikasia
errekaldean lizarra
hari begira izarra
bere burua eskuratzea
euskaldunaren liskarra
hondar zuriz lau gabarra
urki zuriz bulebarra
sekretak denoi pausoak hartzen
iluna ilunabarra
martuteneren mospela
kaletik urrun orbela
gaiztoak diren onenek nonbait
etorri behar hobera
arkitektura idorrak
ezain bezain ezilkorrak
plano guztien gainetik zuzen
lurrezko bidezidorrak
perla polit biribila
dendarien hiri hila
ederrera iritsi ezin den
guztiaren faksimila
izar zaharrak ortzean
bakoitza bere bostean
hiriak hiri izaten dira
nortasun bat adostean
hondartza beti ospean
berririk ez donostean
madril txikia pozik bizi da
postal txatxuen ostean
amarako barrikada
pariseko karrika da
gau edo egun hots egizue
zatarron beharrik bada
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks