Webkomikiak. Aitor Erañaren “RIP”, saritua
Webkomikiak izeneko podcast-artxiboa Entzutekoak karpetan sartu nuen duela hilabete inguru. Beste hainbat artxiboren moduan, zulo beltzean galtzeko arriskua zuen Radio3-ko saio hark ere. Duela bizpahiru egun erreskatatu egin nuen, ordea, eta horri esker jakin ahal izan dut Aitor Eraña gasteiztarrak irabazi zuela iaz webkomiki onenaren saria Madrilgo Expocomic azokan, RIP obrarekin. Tira, horri esker jakin ahal izan dut Aitor Eraña 2009an hasi zela sareratzen hilerri bateko gora-beherak jasotzen dituen RIP webkomikia, eta iazko abuztuan amaitu zuela, behin-behinekoz bederen.
[Webkomikiei buruzko tartea irratsaioaren 1:27:15ean hasten da]
Gero eta jende gehiagok plazaratzen ditu Interneterako pentsatutako komiki zintak eta binetak, gailu mugikorren –smartphone, tablet eta gainerakoen– iraultza medio. Erraza da –ez dago argitaletxeetan ate joka ibili beharrik–, azkarra eta merkea; askatasuna ematen du eta egileak publiko zabalagoa erakarri dezake, Jesus Jimenez Viñetas y bocadillos blogaren sortzaileak Radio3-ko elkarrizketan dioen moduan.
Argitaletxeek badakite zein webkomikik duten bisita –irakurle– gehien, eta paperera eramaten dituzte haietako batzuk, Interneteko irakurle –erosle potentzial– kopuruak bultzatuta. Jimenezek gomendatutako gaztelaniazko bost webkomikiak ditugu horren adibide.
RIP (Aitor Eraña)
Las crónicas PSN (Andres Palomino)
Moowiloo (Nestor F.)
Conejo frustrado (Mike Bonales)
Miau (Jose Miguel Fonollosa)
Formatu askotariko webkomikiak daude, baina zinta klasikoek dute arrakasta gehien, umore ukitua duten istorio kostunbristek, ez hainbeste zientzia fikziozko, fantasiazko edo beldurrezkoek. Lehendabiziko webkomikitzat har ditzakegun historietak AEBetan argitaratu ziren 1980ko hamarkadaren amaieran (fotokopiak eskaneatu eta Internetera igotzen ziren). Hain justu, komiki tirak gurean baino errotuago daude AEBetako hedabide txiki zein handietan (Patxi Huarte-Zaldieroa, Olariaga-Zakilixut edota zoologikoa dirudien Olmo-Don Celes moduko salbuespenak salbuespen), eta horrek ere badu loturarik webkomikigintzak herrialde hartan duen indarrarekin.
Euskarazko webkomikiei dagokienez, duela bi urte elkarrizketatu genuen Joseba Larratxe ‘Josevisky’-ren Kakalardo (KKLRD) aipa genezake, definizioz agian ez den arren –jatorrian behintzat– Interneterako pentsatutako komikia. Baina gabon zurrunbilo polboroitsu honetan beste izenik ez datorkit, eta gainera komikiaren munduko etiketak (nobela grafikoa adibidez) gustuko ez ditudanez…
Kaixo, hona hemen beste bi webkomiki euskiraz
http://norbaitezagutu.com
http://www.norbaitezagutu.com/?lang=eu
Mamufrikiak.tumblr.com
Agur bat