Alain Orsoni, Ajaccio futbol taldeko presidentea: “Hil nahi banaute, erraz daukate, egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik”
Alain Orsoni korsikarra eskuin muturreko militantea izan zen 1970eko hamarkadan, “neskak txunditzeko”, berak dioen bezala. Ekintzaile independentista izan zen ondorengo urteetan, eta 1990eko hamarkadan Nikaraguara egin zuen ihes. Duela bost denboraldi hartu zuen Ajaccio taldeko presidente kargua. Joachin Barbierrek eta Romain Canuttik Panenka aldizkarian egin dioten elkarrizketa euskaratu eta osorik jaso dugu blogean. ARGIAren 2.368. zenbakian argitaratutako Korsikako futbola: Nazionalismoaren suspertzeari helduta (pdf) erreportajearen osagarri da elkarrizketa hau.
Kanpotik begiratuta, ez dago ulertzerik 1980ko hamarkadaren amaieran korsikar nazionalismoaren barruan gertatu zen gerra zibila.
1989an Korsikako boterea hartzear zen nazionalismoa. Orduan, Frantziak erabaki zuen ezkutuan mugimendu separatistak manipulatzea, barne enfrentamenduak pizteko. Korsikara heltzean polizia-komisario batek hauxe esan zuen: “Nazionalismoa gangsterizatu egin beharra dago”. Nik diodana zera da: Nola izango dugu geure buruak gobernatzea helburu, elkar hiltzen ari bagara?.
Harrigarria bada ere, ez dirudi Korsikako Askapen Nazionalerako Frontea (FLNC) futbolaz gehiegi baliatu zenik.
Aurkakoa. Hain justu mugimendu hura apurtzean (1990ean) hasi ginen elkarteen sarera hurbiltzeko ahaleginetan, besteren artean futbolera. Hala hasi nintzen kolaboratzen Ajaccioko lehengo presidentearekin, Michel Morettirekin.
Hark eskatu al zizun bere lanari jarraipena emateko?
Ez. Nikaraguan nengoenean txanpon-makinen sektorean lanean, telefonoz hitz egiten genuen. Minbizia zuela esan zidan, eta bere buruaz beste egin zuenean shock egoeran geratu nintzen. Oraindik min ematen dit oroitzeak. Taldeko ordezkariak etorri zitzaizkidan orduan, eta Morettiren lanarekin jarraitzeko eskatu zidaten. Onartu egin nuen, baina baldintza bezala jarri nuen futbol zelai berria inauguratzean, datorren urtean, erretiroa hartzea. Michel Moretti Stade izena izango du.
Orduz geroztik zure kolaboratzaile ugari erail dituzte. Ez zara sikarioen beldur?
Futbol taldearen buru naiz eta erantzukizuna onartzen dut. Baina zer egin behar dut nire iraganari dagokionez? Etxean gorde? Ezkutatu? Ez, normal bizitzea erabaki dut. Inork duela bi edo hiru hamarkadako zorrak kitatu nahi izanez gero, erraz izango luke. Egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik eta kale beretik heltzen naiz futbol zelaira.
Korsikako futbola mitoak dioen bezain borrokalaria al da?
Korsikan jokatzea gogorra dela dioen mito hori… Egia da harmailetan pasioz bizi dela, baina Ajaccion sekula ez da istilurik gertatu. Zaila da irlako taldeen aurka jokatzea, jokalari eta zaleak izugarri konprometiturik daudelako. Ez gara desberdinak, baina desberdin ikusten gaituzte. Eta gu horretaz balia gaitezke, gure kultura eta identitatean oinarrituta. Jokalariek Korsikaren eta haren baloreen defentsa eurena egiten badute, ahuldadeei aurre egiteko indar mentala emango die.
Horrek esan nahi du jokalari bat irlara iristean nora heldu den ikasi beharko duela…
Aldagelako sekretuak haizatzeko eskatzen didazue! Bihotzetik hitz egin eta arauetatik kanpo dagoen taldea garela azaltzen diet, aurrekonturik txikienetakoa eta, agian, presidente arraroa duena. Beste taldeetakoak enpresariak dira, industria jabeak… Baina ni iraultzailea naiz. Borroka egin nuen nire irlako hondartzak hormigoizko pareta bilakatu ez zitezen, Kosta Urdinean gertatutakoa errepika ez zedin. Kartzelan sartu ninduten horregatik. Ez naiz lotsatzen, eta ez dut barkamenik eskatuko.
Jokalariek ulertzen al dute?
Bai, ia denek. Nire helburua da Errealaren antzeko taldea osatzea, nortasun indartsu eta familiaritate handikoa. Gustuko dut euren presidentearekin hitz egitea, antzekotasun ugari baitago bi taldeen artean, haiek hobeak diren arren.
Zer iritzi duzu Korsikako beste futbol taldeaz?
Gaztetan bihotzak dar-dar egiten zidan Bastiarekin. Talde hark belaunaldi oso baten espiritua markatu zuen: Rep, Larios, Orlanducci, Papi (Platinik eklipsatu zuen jokalari izugarri ona)… Kopa finaletara zale gisa bidaiatu nuen.
Zure irudiak lilura sortzen al du uhartean?
Tira, merezi dudan errespetua sumatzen dut, nire ustez. Sekula santan ez dut txerrikeriarik egin: tontakeriak bai, baina txerrikeriarik ez. Karismarena… Ez dakit, politikari esker publikoki hitz egitera ohitu naizela iruditzen zait. Baina uneotan nire lekua ez dago hizlariaren tribunan, futbol zelaiko tribunan baizik.
Ba al du zentzurik Korsikako selekzioak?
Korsika estaturik gabeko nazioa da, Euskadi bezala. Ez dakit zergatik den arraroa selekzio propioa osatu nahi izatea. Guy Roux [Auxerreko entrenatzaile mitikoa] bezalako jendeak barre eginarazten dit. Behin, telebistan, Korsikako selekzioa hizpide, zera esan zuen: “Beti amestu izan dut Borgoinako selekzioarekin”. Oso ondo, osa dezala ba. Gureak erregulartasuna izan nahi du; uneotan helburua ez da Munduko Txapelketa jokatzea”.
Eskerrak eman nahi dizkiet ‘Panenka’-ko kideei, elkarrizketa osorik sareratzeko baimena emateagatik. Futbola gustuko baldin baduzue, baina ohiko kirol prentsan ageri diren artikuluez aspertuta bazaudete, aldizkari hau irakurtzeko gomendatzen dizuet.
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks