Gizonezkoak espazioaren jabe, igerilekuetan ere bai?
Igerileku estaliak ez dira nire habitat naturala, inola ere ez. Aspaldian ez dut silikonazko txano profesional horietako bat jantzi, luze bakoitzaren ostean igerileku ertzean atseden hartzeko, poker aurpegia mantenduta, hori bai. Bazterretako kaleak aukeratzen nituen igeri egiteko, erdikoak uzteko jende zailduagoari. Badakit, behin kalea hautatuta, eskuinetik joan beharko nukeela. Igeri “normal” egitean (krol estiloan) zintzo betetzen nuen araua, baina bizkarrez nindoanean ipar-orratzak ez ninduen oso zuzen eramaten, egia esan.
Hain justu, igerilekuetako kale bakoitzean zein pertsona dabiltzan eta igeri nola egiten duten abiapuntutzat hartuta, El “Manspreading” també es viu a les piscines del nostre país (“Manspreading”-a, baita gure herrialdeko igerilekuetan ere) artikulua plazaratu du Marc Martinez kazetariak Fosbury.cat webgunean. “Manspreading”, badakizue, metroan, trenean edota autobusean gizonezkoak hanka-zabalik esertzearen fenomenoa.
Zer lotura dago, baina, igerilekuetako zirkulazioaren eta “manspreading”-aren artean? Martinezek dioenez, albokoak aintzat hartu gabe igeri egiten dutenak, orohar, gizonezkoak dira: “Emakumezkoek zergatik jotzen dute eskuinaldetik igeri egitera, zirkulazioa erraztuz? Zergatik ez dugu gizonezkook gauza bera hain sarri egiten? Ez da kasualitatea. Faktore ugari daude, eta generoa da horietako bat: gizonezkoek, inkontzienteki –txikitatik hala jaso dugulako– espazio handiagoa betetzeko eskubidea daukagula pentsatzen dugu”.
Kale bakoitza, norentzat? (Zarautz, eredu)
Ez dut oroitzen herriko igerilekuan pertsona bakoitzak desberdin igeri egiten ote zuen gizonezkoa ala emakumezkoa izan. Litekeena da kontziente ez izatea –bizkarrez egitean, ziur enbarazu egingo nuela noiz edo noiz–, baina zentzu horrretan ezerk ez zidan atentzioa eman.
Onintza Irureta lankide akuatikoari galdetu diot, ea Zarauzko igerilekuan-eta halakorik sumatu ote duen. Ezetz. Kale bakoitzeko zirkulazioa lotua dago igerilariaren mailarekin, generoarekin baino. Zarauzko bi igerilekuetan, norberak badaki kale zehatz batean murgiltzean nola igeri egin behar duen. Izan ere, batak “kale azkarra” kartela du paratua, bigarrenak “ertaina”, besteak “motela”, laugarren batek “entrenamenduak”, besteak “librea” (igeri/jolas askeago egiteko), hurrenak “materiala bai” (eskuko palekin edota aletekin aritzeko)… Kale bakoitzean, emakumea ala gizona izan, berdintsu. Agerikoa da “kultURa” handia dutela han.
Eta, zuek, inguruko igerilekuetan sumatu al duzue kazetari katalanak hizpide duen “manspreading” fenomenoa?
(Igerilekuez ari garela, bada fenomeno bat artikuluak dioenarekin lotura izan dezakeena, uda garaian-eta sumatu dudana. Oro har, “bonbak”, zilipurdiak eta horrelakoak egiten dituztenak mutilak dira. Eta, hondartzan, uretara korrika sartzen direnak, olatuak “hartu” eta parean suertatzen zaien bainularia kolpetik kentzen dutenak, gabarroian indioarena egiten dutenak… Nire irudipen erabat subjektiboa da, oinarrituta batez ere gazte garaiko pasadizoetan, baina esango nuke ez nabilela oso oker, ala?)
Gasteizen ere jarri dituzte horrelako txartelak barruko igerilekuetan eta horrek, ziur aski, arazoa konpondu du neurri handi batean. Ni ez naiz igerilekura joaten (eragotzi ahal badut behintzat), baina ama astero-astero joaten da eta askotan aipatu izan ditu “ballenato”ak, alegia, adin batetik gorako gizon begirunerik gabekoak. Emakumeez ez da kexu izaten eta gizon gazteak ere ez ditu sekula aipatu. Beharbada belaunaldi berriek bestelako jarrera dute. Hala izango ahal da!
Egunon Nerea. Milesker idazteagatik 😉 Egia esan, artikuluaren harira, hainbatek aipatu dizkidazue adineko igerilariak, ez zehazki gizonezkoak, orokorrean baizik. Generoarekin baino, adinarekin ez ote duen lotura kontu honek guztiak…