Euskal selekzioaren ofizialtasuna: Noraino helduko gara konfrontazio ezaren bidetik?
Javier Landeta izango da Euskadiko Futbol Federazioaren presidente berria, Luis Mari Elustondori lekukoa hartuta. Ipuruan (Eibar) egindako batzar nagusian 86 boto jaso ditu, eta beste hautagaiak, Koikili Lertxundik, 29.
Landeta, 61 urte, Matematiketan lizentziatua, Leioa klubeko presidentea, Atletismo Federazioaren presidentea izan zen 1990eko hamarkadan. Politikan ere egin du agerpenik. 2015ean esaterako Udal hauteskundeetara aurkeztu zen, Leioako EAJren zerrendan.
Onena opa diogu Landetari. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako federazioetako zuzendaritza-taldeetako zenbait kidek babestu dute haren hautagaitza. Babes “inportantea” da, Manex Altuna kazetariak Naiz.eus-en azaldu duen moduan, Elustondo presidente ohiak bizitakoa ez errepikatzeko. Salatu zuen Bizkaiko Federaziotik berak kargua uztea saiatu zirela, besteak beste ofizialtasunaren inguruko “desberdintasunak” medio, Altunak dioenez.
Hain justu, ofizialtasunaren gaiari helduta, kontutxo bat. Barkatuko didazue ezkorregia banaiz eta etorkizuna beltz xamar ikusten badut, aurrerapenak aurrerapen –FIFA eta UEFAri eskaera egitea bezala–, baina nire uste harroan, borondate edo ez dakit nola deitu irmoagoa behar da, zeren eta Espainiari begira egote hori, Euskal Selekzioaren alde egingo dela esatea baina “kontsentsutik”, “konfrontaziorik gabe”, “negoziazioaren bidetik”… Zaharrak berri, iruditzen zait. Gaur gaurkoz Espainiari derrigor begiratu behar zaiola, ziurrenik bai, baina…
“Konfrontaziorik gabe” beste norbaiti ere irakurri diot, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari hain zuzen ere, Altsasu moduko telesailik gehiago zergatik emango ez duten arrazoitu duenean. Nork lortu du nahi duena? Eta nork eman du amore, barkamena eskatu behar izateraino ia ia? Hainbestetan ikusi dugu gauza bera, inor (zu baino boteretsuagoa dena normalean) “ofenditua” sentitu izanaren aitzakia pean… Umorea eta botere harremanak hizpide, Uxoa Anduaga soziologoak esan zizkigunak etorri zaizkit gogora. “Barkamena, menpeko posizioa berresten duen urratsa”.
Euskal selekzioaren ofizialtasunaren auzian horrelako zeozer sumatzen dut. Tira, ea honetan guztian esku-hartzea dutenek nire ezkortasun kroniko hau kolpetik kentzen didaten… Bitartean, Espainiako futbol selekzioa San Mamesen ikusteko aukerarekin poz-pozik denok.
Espainiako selekzioa san mamesen. Ezta pentsatu ere. Dirua eta dirua da dena, eta urdangarin aske. Altssuko gazteak non daude? Selekzioa kanpora, gora euskadi