Benvenuti to East Belfast! (Edo Italiako Giroak auzo katolikoak nola saihestu dituen)
Belfastetik abiatuko da bihar, ostirala, Italiako Giroa. Txirrindulariek hiru egun emango dituzte Irlandan, iparraldetik hegoalderako bidean. Herrialdea turistikoki promozionatzeko estrategia egokia dela uste dute agintariek; baita, Ostiral Santuko akordioa sinatu zenetik 16 urte igaro direnean, gatazka armatuaren zauriak apurka-apurka desagertuz ari direla erakusteko ere, bi etapa jasoko dituen Belfast “eraberrituaren” kasuan bereziki, hainbat politikarik nabarmendu duenez.
Zer ikusiko dute, ordea, lasterketa telebistaz jarraituko duten 800 milioi ikusle potentzialek? Zer erakutsiko dute moto eta helikopteroetako kamerek?
Eman begiratua Italiako Giroko lehen etaparen ibilbideari. Erlojuz kontrako 21,7 kilometro dira, Titanic Quarter auzoan hasi, ekialderantz jo Stormont-eko parlamenturaino, eta handik erdialdera, udaletxe atarian amaitzeko.
Ikusi orain Belfasteko auzoak erlijioaren arabera banatuta erakusten dituen mapa hau. Gorriz eta arrosaz ageri dira katoliko gutxien dauden zonaldeak, berdez ehuneko handienak dituztenak, Falls auzo errepublikano ezaguna tartean.
Ohartuko zineten moduan, txirrindulariak ez dira pasako gehiengo katolikoa duten auzoetatik; bai, ordea, protestanteak nagusi diren ekialdeko zonaldeetatik.
Erabakiak haserrea piztu du komunitate katolikoan, Belfast mendebaldea apropos baztertu dutelakoan. “Ziklistak Falls kalean gora eta behera ikusteak irudi positiboa helaraziko luke mundu osora. Hiria promozionatzeaz ari gara; tristea da hura lasterketatik baztertzea”, adierazi du Sinn Feinn alderdiko parlamentari Paul Maskeyk.
Ibilbidearen inguruko erabakiak Italiako Giroa kudeatzen duen RCS Sport taldeak hartu zuela adierazi du Irlanda Iparraldeko Parlamentuko ordezkari Alastair Rossek. Gaineratu duenez Gobernuak 3 milioi libera ordaindu ditu lasterketa hartzeagatik. “Publizitate terminoetan, hamar bider gehiago jaso dugu jada”, azaldu du, Giroak izango duen inpaktu positiboaz mintzo.
Irlandar gatazkaren isla diren mural errepublikar ugari dago Belfast mendebaldean; baita unionistak ere, Shankill kale protestantean batez ere. Ez ditugu telebistaz ikusiko. Ez muralik –Belfast ekialdeko margolan unionistak salbu?–, ezta, ziurrenik, Giroa hasi eta 11 egunera egingo diren hauteskundeetarako kartelik ere, halakorik ez ipintzeko deia luzatu baitzaie alderdi politikoei.
Hala ere, pentsatzekoa da herritarrak haien sinbolo identitarioak ikusarazten saiatuko direla; eta horretarako aukera askoz ere handiagoa izango dute lasterketa etxe ataritik jarraituko duten auzotar protestanteek.
Informazio gehiago:
Loialistek desfilea egingo dute larunbatean Belfasten, bigarren etapa abiatzean. (Belfast Telegraph)
Banderak kendu eta muralak ezabatzeko deia (U.tv)
David Stitt, UDAko preso ohia: “Belfast ekialdeko mural [loialistak] ez ditugu ezabatuko. Erakargarriak dira, ibilbide turistikoaren parte”. (Irish Mirror)
Komunitate katoliko eta protestante terminoak irakurtzean irakurleak ulertu behar da komunitate horiek ez daudela erlijioari sutsuki begira egituratuak. Dena ez da zuri edo beltza. Erlijioa ez da ardatza, batzuek armatzat erabili badute ere. Haatik, historian izandako gertakizunek eta horien aurrean jokatzeko moduak gorpuztu ditu komunitate horiek. Garai batean, duela hamarkada batzuk, baziren auzo misto gehiago, baina garbiketa etnikoak egin zituzten 1960ko eta 1970eko hamarkadetan batez ere, eta gehienbat loialistek. Gaur egun auzo mistoak eremu aberatsagoetan daude.
Nolanahi ere, eta mapan ageri denez, auzo ‘katoliko’ baten ondotik pasatzekoa da Giroaren etapa, hain zuzen ere Ballymacarretten dagoen Short Strand ondotik. Falls ingurua ez da eremu ‘katoliko’ bakarra, nahiz eta nagusia eta ezagunena izan. Belfaten, ipar, hego, eki nahiz mendebaldean bizi dira jatorri katolikodun biztanleak, baita jatorri protestantedunekoak ere, ideologiak ideologia eta arazoak arazo.