Ibai Ruiz (Iraultza 1921): “Futbola baliatzen dugu injustiziak salatu eta jendea kontzientziatzeko”
Alaveseko zaleak biltzen dituen Iraultza 1921 kolektiboko kidea da Ibai Ruiz. Gasteizko Mendizorrotza zelaiaren 90. urteurrena dela-eta larunbaterako prestatu duten jaialdiaren harira elkarrizketatu dugu. Egitarauari heldu aurretik, dena den, taldearen ibilbidearen eta lan ildoen inguruan aritu gara solasean.
Street Art Fanatics festibalaren helburuetako bat Alaves-zaletasuna bultzatzea dela diozue. Taldea nahikoa errotua al dago Araban eta zehazki Gasteizen?
Iraultza 1921 duela hiru urte hasi zen talde bezala lanean; herritarrekin hitz egin genuen, motibatzen saiatu… eta jendea mugitu da, geroz eta gehiagok sentitzen dituzte taldearen koloreak. Bizpahiru urtetan gora egin du zale kopuruak, umeek Alaveseko kamisetak daramatzate, Iraultzaren pegatinak… Nik 25 urte daramatzat Mendizorrotzara joaten, eta mugimendua geroz eta sendoagoa dela agerikoa da. Orain sentitzen naiz harroen gure afizioarekin.
Arrazakeriaren aurkako mezua ere helarazi nahi duzue, Maroto alkatea kontrako norabidean ari dela dirudienean…
Ez dugu aldarri hori gure egin zehazki Marotok esan eta egindakoengatik. Gurean ez, baina Espainiako Estatuko eta Europako estadio batzuetan arazoak izan diren heinean, jendeari esan nahi diogu arrazakeriak ez duela lekurik futbol zelaietan. Errespetua sustatu nahi dugu.
Futbola, harmailak, tresna baliagarriak izan daitezke aldarrikapenak zabaltzeko.
Bai, noski. Mendizorrotzan, esaterako, 10.000 lagunengana heltzen dira gure mezuak; gainera, futbolak hedabideetan duen oihartzunarekin… Tresna eraginkorra da jendea kontzientziatzeko, zabalpen handia baitu.
Futbola sarri izan da kritikatua, “herriaren opioa” delakoan…
Ez du zertan horrela izan behar. Jendea mobilizatzeko tresna bilaka daiteke, manifestazio baten edo beste edozein ekintzaren moduan. Jendeak zure aldarrikapenak aintzat hartzea nahi duzu, eta futbolaren bitartez ere lor daiteke. Futbola ikustera joaten gara, baina bestelako kezkak ere baditugu.
Esaterako, azkenaldian Donbassera begira zaudete.
Kanpaina bat hasi dugu, Donbassera neguko arropa eta sendagaiak bidaltzeko. Elkartasuna adierazteaz gain, lagundu egin nahi diegu. Indar Baskoniako kideek ere hartuko dute parte, baita Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko futbol zaleek ere, Mujika Taldeak, Herri Nortek, Cadizeko Brigada Horiek, Vallecaseko Bukaneroek eta abar. Sei hilabete dira gerra hasi zela, eta egunero ehundaka herritar hil, zauritu edo torturatzen dituzte. Ez da posible gaur egun halakoak gertatzea.
Street Art Fanatics festibala
Izatez, Mendizorrotzak apirilaren 27an bete zituen 90 urte. Iraultzak tifo batekin [Bideoa] gogoratu zuen efemeridea, baina ospakizunak atzeratu egin zituzten, Alavesek sailkapenean zuen egoerak bultzatuta.
Egitarau oparoa prestatu du Iraultza 1921 taldeak larunbaterako. Eguerdian hasi eta 17:30ak bitarte –Alcorconen aurkako partida jokatuko du gero Alavesek– hamaika ekitaldi izango da Mendizorrotzan: klubaren historia laburbilduko duen 16 muraleko graffiti ikusgarriaren inaugurazioa, herri-kirolak, umeentzako jolasak, DJ emanaldi eta breakdance erakustaldiak, Arabar Errioxako upategiek lagundutako pintxo potea eta abar.
Mural erraldoiarekin batera, hil diren Alaveseko ordezkari eta zaleei egingo zaien omenaldia nabarmendu du Ibai Ruizek. 16:45etan hasiko da, eta gogoan izango dituzte ere Aitor Zabaleta, Iñigo Cabacas eta berriki zendu den Indar Baskoniako Kepa.
Gaur egungo futbolari ez!!!
Aupa Urola eta Jagoba!!
Goazen Glorioso! Es una fuerte pasión