Tradizio berriak Tolosako Inauterietan
Noiz hasi ziren gazteak urratutako galtza bakeroak edo buzoak janzten Ostegun Gizenean? Duela hamarkada gutxi batzuk arte denok txilabak janzten genituen! Noiz bota zen lehen txupinazoa udaletxetik? Patxi Zaharraren garaietan ez zen horrelakorik. Noiz askatu ziren lehen idiskoak zezen plazan Ostiral Mehe egunez? Guretzat egun hori eskola egun arrunta zen. Noiztik hasi zen jendea koloretako oihalez apaintzen balkoiak? Galdetu Joxeramon Garikanori! Berak abiarazi zuen tradizio hori duela 30 bat urte, Letxu kaleko balkoi guztiak oihal koloretsuz apaindu zituenean, Galtzaundi abestiaren “Jota nabarra juaz Enpero kalian, sobrekamak balkoitan naramatenian” letrari jarraiki.
Aipatu ditugun ekintza horiek guztiak tradizio bihurtu dira jada. Ez esan gure seme-alabei horiek inauterietako “ohiko” ekitaldiak ez direnik! Horrela ezagutu baitute beti.
Inauterien gauzarik ederrenetako bat horixe da: belaunaldi bakoitzak urtero-urtero eraberritzen eta egokitzen duela aurretik jasotako festa-giroa. Aitortu behar baitizuet “tradizio” hitza entzun orduko, alarma guztiak pizten zaizkidala. Sekulako beldurra diet, tradizioan oinarrituz, garai berrietarako egokitzapenak eta aldaketak arbuiatzen dituztenei. Batzuentzat, tradizioa delako, tradizioaren izenean, komeni zaizkien tradizioak, komeni zaizkien bezala mantentzea. Tradizioak biziko badira, ordea, egokitu egin behar dira. Eta bestela, folklore, edo “sinesmen ukiezin” bihur daitezke.
Alde horretatik, interesgarria eta eskertzekoa da, Tolosako Inauterietan tradizioak nola mantentzen, aldatzen eta galtzen diren ikustea. Eta aitzakiaz baliatuz, hona Inauteriak hobeto ezagutzeko proposamen batzuk:
Kontuz Zaldunita bezperan! (Larunbata)
Tolosara larunbatean baldin bazatozte, berehala ohartuko zarete, bi multzo desberdin dabiltzala kalean. Mozorro nabarmenak daramatzatenak, eta arratsalde pasa normal-normal dabiltzanak. Tolosarrak, azken hauek dira! Larunbatean ez baitago mozorrotzeko ohiturarik. Arratsaldez gainera, danborradez aparte, ez dago aparteko festarik. Gauez bai, noski!
Zaldunita (Igandea) goizeko Diana 8etan
Inauteriaren hasiera bizi nahi baduzue, goiz jaiki eta azaldu Tolosako Gorriti plazan goizeko 8etarako. Tradizioari jarraiki, ehundaka lagun topatuko duzue bertan, pijaman edo mozorrotuta, orraztu gabe edo peluka koloretsuekin, eta baita, bereziki Dianarako prestaturiko “numeroak”… Jendeak Alde Zahar guztia zeharkatuko du Udal Musika Bandarekin batera, “Jaiki, jaiki, oi hortatik, gaur tolosarra, goazen festara danok goizetik!” kantari. Ondoren (berriro) gosaldu eta karrozak eta konpartsak ikustera!
Zernahi nonahi
Igande goizetik astearte gauera bitartean Tolosa festa eremu irekia izango da. Kale nagusietatik kanpo ere hamaika ustekabe aurkitu ahal izango duzu.
Bazkal ondoren, arratsaldeko 4etan txarangak Udaletxearen aurrean biltzen dira eta kale-jiran joaten dira Zezen Plazaraino. Egin ezazue ibilbide hau jauzika, Inauterietako unerik gozoenetako bat baita.
Aurten, Euskara Ahora!
Kilometroek presentzia berezia izango dute aurtengo Inauterietan: “Ahora!” tonbola San Frantzisko pasealekuan, “Ahora!” taberna-jantokia Euskal Herria plazan eta “Ahora” abestia nonahi! Ea tradizioz ia erabat erdaldunak izan diren karnabalak gero eta Inauteriago bihurtzen ditugun! “Ahora!” leloak jauzi kualitatibo bat ematera gonbidatu nahi ditu herritarrak eta bisitariak. Ea lortzen dugun!
Eta tradizioari jarraiki… Ongi etorri Tolosara! Gozatu Inauterietan, eta joka sano!
Aupa Kike,
Erabat ados zurekin “Tradizioak biziko badira, ordea, egokitu egin behar dira” diozunean. Hain zuzen ere, egokitzea, gaurkotzea da tradizioaren ezaugarri nagusietako bat. Ez naiz horren ados “bestela, folklore, edo “sinesmen ukiezin” bihur daitezke” horrekin.
Folklore hitzak azken aspaldian badu halako kiratsoa, erabiliaren erabiliaz (gaizki erabiliaren erabiliaz, segurki). Baina folklorea zuk aipatzen dituzun tradizio horien batura bada, besteak beste, berau ere egokituz doa etengabe. Beraz, ez dut ulertzen zergatik jartzen duzun folklorea zerbait zurrun eta fosilaren pare.
Zure sarreran argi geratu da, Tolosako inauterietako tokian-tokiko folklorea adibide, folklorea izatekotan, zerbait bizia, eraldatzen dakiena, malgua… dela, eta besterik dela tradiziokeria.