Algara, edo ez gara
Hasiera » Kultura » Tradizio berriak Tolosako Inauterietan
Ots08 1

Tradizio berriak Tolosako Inauterietan

Atalak: Kultura, Umorea

Ostegun Gizena

Ostegun Gizena

Sobrekamak balkoitan

Sobrekamak balkoitan

Noiz hasi ziren gazteak urratutako galtza bakeroak edo buzoak janzten Ostegun Gizenean? Duela hamarkada gutxi batzuk arte denok txilabak janzten genituen! Noiz bota zen lehen txupinazoa udaletxetik? Patxi Zaharraren garaietan ez zen horrelakorik. Noiz askatu ziren lehen idiskoak zezen plazan Ostiral Mehe egunez? Guretzat egun hori eskola egun arrunta zen. Noiztik hasi zen jendea koloretako oihalez apaintzen balkoiak? Galdetu Joxeramon Garikanori! Berak abiarazi zuen tradizio hori duela 30 bat urte, Letxu kaleko balkoi guztiak oihal koloretsuz apaindu zituenean, Galtzaundi abestiaren “Jota nabarra juaz Enpero kalian, sobrekamak balkoitan naramatenian” letrari jarraiki.

Aipatu ditugun ekintza horiek guztiak tradizio bihurtu dira jada. Ez esan gure seme-alabei horiek inauterietako “ohiko” ekitaldiak ez direnik! Horrela ezagutu baitute beti.

Inauterien gauzarik ederrenetako bat horixe da: belaunaldi bakoitzak urtero-urtero eraberritzen eta egokitzen duela aurretik jasotako festa-giroa. Aitortu behar baitizuet “tradizio” hitza entzun orduko, alarma guztiak pizten zaizkidala. Sekulako beldurra diet, tradizioan oinarrituz, garai berrietarako egokitzapenak eta aldaketak arbuiatzen dituztenei. Batzuentzat, tradizioa delako, tradizioaren izenean, komeni zaizkien tradizioak, komeni zaizkien bezala mantentzea. Tradizioak biziko badira, ordea, egokitu egin behar dira. Eta bestela, folklore, edo “sinesmen ukiezin” bihur daitezke.

Alde horretatik, interesgarria eta eskertzekoa da, Tolosako Inauterietan tradizioak nola mantentzen, aldatzen eta galtzen diren ikustea.  Eta aitzakiaz baliatuz, hona Inauteriak hobeto ezagutzeko proposamen batzuk:

Kontuz Zaldunita bezperan! (Larunbata)

Tolosara larunbatean baldin bazatozte, berehala ohartuko zarete, bi multzo desberdin dabiltzala kalean.  Mozorro nabarmenak daramatzatenak, eta arratsalde pasa normal-normal dabiltzanak. Tolosarrak, azken hauek dira! Larunbatean ez baitago mozorrotzeko ohiturarik. Arratsaldez gainera, danborradez aparte, ez dago aparteko festarik. Gauez bai, noski!

Zaldunita (Igandea) goizeko Diana 8etan                                                                                  

Inauteriaren hasiera bizi nahi baduzue, goiz jaiki eta azaldu Tolosako Gorriti plazan goizeko 8etarako. Tradizioari jarraiki, ehundaka lagun topatuko duzue bertan, pijaman edo mozorrotuta, orraztu gabe edo peluka koloretsuekin, eta baita, bereziki Dianarako prestaturiko “numeroak”… Jendeak Alde Zahar guztia zeharkatuko du Udal Musika Bandarekin batera, “Jaiki, jaiki, oi hortatik, gaur tolosarra, goazen festara danok goizetik!” kantari. Ondoren (berriro) gosaldu eta karrozak eta konpartsak ikustera!

Zernahi nonahi

Igande goizetik astearte gauera bitartean Tolosa festa eremu irekia izango da. Kale nagusietatik kanpo ere hamaika ustekabe aurkitu ahal izango duzu.

Bazkal ondoren, arratsaldeko 4etan txarangak Udaletxearen aurrean biltzen dira eta kale-jiran joaten dira Zezen Plazaraino. Egin ezazue ibilbide hau jauzika, Inauterietako unerik gozoenetako bat baita.

Aurten, Euskara Ahora!

Kilometroek presentzia berezia izango dute aurtengo Inauterietan: “Ahora!” tonbola San Frantzisko pasealekuan, “Ahora!” taberna-jantokia Euskal Herria plazan eta “Ahora” abestia nonahi! Ea tradizioz ia erabat erdaldunak izan diren karnabalak gero eta Inauteriago bihurtzen ditugun! “Ahora!” leloak jauzi kualitatibo bat ematera gonbidatu nahi ditu herritarrak eta bisitariak. Ea lortzen dugun!

Eta tradizioari jarraiki… Ongi etorri Tolosara! Gozatu Inauterietan, eta joka sano!

 

Iruzkin bat

  1. aritz ibañez | 2013-02-27 at 15:01

    Aupa Kike,

    Erabat ados zurekin “Tradizioak biziko badira, ordea, egokitu egin behar dira” diozunean. Hain zuzen ere, egokitzea, gaurkotzea da tradizioaren ezaugarri nagusietako bat. Ez naiz horren ados “bestela, folklore, edo “sinesmen ukiezin” bihur daitezke” horrekin.

    Folklore hitzak azken aspaldian badu halako kiratsoa, erabiliaren erabiliaz (gaizki erabiliaren erabiliaz, segurki). Baina folklorea zuk aipatzen dituzun tradizio horien batura bada, besteak beste, berau ere egokituz doa etengabe. Beraz, ez dut ulertzen zergatik jartzen duzun folklorea zerbait zurrun eta fosilaren pare.

    Zure sarreran argi geratu da, Tolosako inauterietako tokian-tokiko folklorea adibide, folklorea izatekotan, zerbait bizia, eraldatzen dakiena, malgua… dela, eta besterik dela tradiziokeria.

    Reply

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Kike Amonarriz

Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.

Azken bidalketak

  • Hizkuntzak maite dituen jendea
  • “PENSAR EN VERS” Mediterràniako bertsolaritzaz
  • “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua
  • ‘Maisu-maistrak eta ministroak’ eta beste hamairu txiste
  • Gerra hotsak komikietan

Iruzkin berriak

  • Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
  • Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
  • Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
  • patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
  • Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan

Artxiboak

  • 2015(e)ko iraila
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Hedabideak
  • Hezkuntza
  • Komikiak
  • Kultura
  • Nazioartea
  • Sailkatugabeak
  • Soziolinguistika
  • Txisteak
  • Umorea
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA