Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Dabid Anauten “Hizkuntzaren barrurako atea” liburuaz
Atalak: Soziolinguistika
Norbaitek esango baligu “hizkuntzari buruzko liburu bat” irakurri duela, zer pentsatuko genuke? Normalean, euskararen gramatikari edo euskalkiei buruzko liburu bat irakurri duela. Edo euskararen jatorriaren ingurukoa. Agian, buruak beste esparru batera eramango gintuzke eta euskararen egoeraren inguruko libururen bat irudikatuko genuke, hitz potoloekin esanda, soziolinguistikari buruzko bat, alegia.
Dabid Anautek, ordea, beste bide bat jorratu du, euskaraz nahikoa gutxi landu den alor bat. UEUren eskutik iaz kaleratutako liburuaren izenburuan dioen bezala, hizkuntzaren barrurako atea zabaldu du. Gizakiok sortutako tresna edo lanabes miragarri honen inguruko hainbat galdera erantzun nahi izan ditu, gaiaren inguruan hainbat zientziatan garatu diren eta jorratzen ari diren ideia eta proposamen nagusienak arakatuz eta erkatuz. Hona horietako batzuk: Noiz eta nola sortu ziren hizkuntzak? Hizkuntza dugun espezie bakarra al gara? Zein bilakaera izan dute hizkuntzek? Nola eskuratzen ditugu, eta nola osatzen? Galdera hauek eta gehiago, bost atal nagusitan banatu ditu.
Zer da hizkuntza? galdetzen du Dabidek liburuaren lehen orrietan. Itaun honek erantzun asko jaso ohi ditu: komunikazio-sistema, pentsamenduaren euskarria, soinuak eta esanahiak lotzeko sistema… Are gehiago, bada hizkuntzarik ez dela dioenik ere! Baina iritziak-iritzi, garbi dago hizkuntzak konplexuak direla, inork ez dakiela zenbat hizkuntza dagoen munduan, eta hizkuntzak ez direla materia, abstrakzioak baizik. Atalaren amaieran, egilea, hizkuntza gizakion ezaugarri ote den argitzen saiatuko da, gaiaren inguruko teoria nagusien errepasoa eginez.
Bigarren atalean hizkuntzaren jatorriaz eta eboluzioaz dihardu Anautek. Nola eta noiz sortu zen hizkuntza? Edo berak dioen bezala, galdera zentzuzkoagoa eginez: Zertarako sortu zen?. Galdera honek jaso dituen erantzunen artean bi nabarmendu ditu Anautek: lankidetzan aritu nahi zuten primateen arteko kooperazioarena, bata, eta talde egituratuen barruko kohesioa eta lotura sozialak mantentzea, bestea. Zorriak kentzetik, txutxu-mutxuetara pasa zitzaizkigun primateak! Galderen soka ez da hemen amaitzen, ordea: Zein Homok sortu zuen hizkuntza? Eta nolakoa zen sortu zenean? Hizkuntzaren jatorria eta eboluzioa ikertzen ari direnen arteko azalpen onartuenen artean, gaur egungo hizkuntzen aurreko Protohizkuntzaren ideia nabarmenduko zaigu atal honetan. Baita, hizkuntzen bilakaeran sintaxiaren sorrerak, FOXP2 geneak edo laringearen kokapenak izan duten garrantzia. Chomsky, Fitch, Hauser edo Lieberman bezalako zientzialarien izenak maiz azalduko dira orriotan.
Hizkuntzaren senezkotasuna da hirugarren atalaren ardatza: hizkuntza instintu bat, berezko zerbait dela defendatu dute askok. Hizkuntza-gaitasuna gure dotazio genetikoan jasotzen dugun gaitasun orokor bat omen da, eta esperientziak potentzial hori aktibatu egiten omen du. Bestela ezingo bailitzateke azaldu haurrek nola ikasten dituzten hizkuntzak hain azkar eta nola diren gai inoiz erabili gabeko esaldiak hain erraz osatzeko. Ezta, ikasketa-prozesua zergatik gertatzen den horren modu parekoan hizkuntza guztietan.
Garuna da laugarren atalaren protagonista eta hizkuntzaren jabekuntza bosgarrenarena.
Bi atal hauen edukiaz, baina, ez dut ezer esango. Laburpen honek interesa piztu badizu eta gehiago jakin nahi baduzu, zabaldu liburuaren atea eta barneratu zaitez hizkuntzaren barrunbeetan. Ez dituzu bertan galdera guztien erantzunak aurkituko, baina hizkuntzaren misterioaren konplexutasunaz jabetuko zara. Azpimarratzekoa da bestalde, Anautek, horrelako gai konplexuak modu erraz eta dibulgatiboan azaltzeko duen trebetasuna, eta umoreaz egiten duen erabilera egokia.
Gaia atsegin baduzu, bidai on!