Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Alsaziari buruzko oharrak, erreferendumaren aitzakian
Atalak: Hezkuntza, Nazioartea, Soziolinguistika
Mulhouse/Mìlhüsa herri sarrerako panoa
Gaur Alsazian lurralde egitura erabakitzeko erreferenduma aitzakia egokia iruditu zait, iazko udan bertan igaro genuen oporretako astean zehar jasotako hainbat inpresio blogeratzeko. Leku ederra izan eta oso ardo eta jaki onak eskaintzeaz gain, interes berezia nuen bertatik bertara ezagutzeko alsaziar kulturaren egoera. Kasualitateak gainera, Milhüsa/Mulhouse herrira eraman gintuen! “Miluzera goaz” esaten nien lagunei. Herri sarrerako kartelean, Mulhouse frantsesez, Milhüsa alsazieraz letra txikiagoz, eta inongo panotan azaltzen ez zena alemanezko izena: Mülhausen.
Frantziar estatuko beste hizkuntza gutxituen aldean ezaugarri bereziak ditu alsazierak. Bretoierak adibidez, baditu bere egoera zailtzen duten faktoreak: hizkuntza zeltikoa da, frantsesetik arras desberdina, eta ez dago kanpotik lagunduko dion hizkuntza zeltiko indartsurik. Euskara eta katalana hexagonoan egoera zailean egon arren, mugimendu sozial indartsua dute atzean eta badute babesa beren hegoaldeetan. Alde horretatik, jakin-mina pizten zidan Alsazian zer gertatzen ote zen. Azken batean, bertako hizkera, alemanaren dialektoa delako; potentzia ekonomiko baten hizkuntzaren dialektoa, alegia. Eta krisia dela medio, gure artean bertan alemana gero eta gehiago ikasten bada, alsazierak zenbateko erabilera soziala zuen, edo alemanaren indarrak zer nolako eragina izan zezakeen ikusi nahi nuen.
Dena ez dago elebietan
Lehen inpresioa garbia izan zen. Alsazian sartu eta elebitan (frantsesez eta alsazieraz) idatzita ikusi genituen kartel bakarrak herrien sarreretako herri-izenak eta kale izen batzuk izan ziren. Bestelako iragarki, denda-izen, edo pano guztiak frantsesez zeuden bakarrik.
Zerbait gehiago jakin nahian, liburudenda batzuetara joan nintzen bertako hizkuntza egoeraren inguruko liburuen bila. Gramatikez gain, liburu bakarra zegoen salgai: Jean Marie Gilligen « Bilinguisme et religion à l’école: L’Alsace divisée ». Gaur egungo egoera linguistiko berezia ulertzeko datu esanguratsu asko ematen ditu egileak.
Ekomuseoko proposamenaren adibidea
Pello Zubiriak gomendaturik Alsaziako ekomuseoa bisitatzera joan ginen eta bertan aurkitu genuen eztabaida honen inguruko informaziorik argiena: beraiek honako hau proposatzen dute karteletarako: frantsesa, aleman estandarra eta tokian tokiko dialektoa erabiltzea. Alsazian eta Moselan dialekto bat baino gehiago hitz egiten baita!.Borondate ona ezin zaie ukatu baina ez dirudi oso irtenbide praktikoa denik, nahiz eta gurean ere eztabaida hau oraindik bizirik dagoen, aste honetan bertan izan den eztabaidatxioan ikusi dugun bezala: euskalkiak noraino erabili? Euskara batua beti eta nonahi?
Praktikan ordea, alsazieraren (alemanaren) presentzia hutsaren hurrengoa da. Bertako denda batean erosketak egiten ari ginela dendaria inguratu eta ea nongoak ginen eta zein hizkuntzatan ari ginen hizketan galdetu zigun. Euskaldunak ginela esan genionean, zur eta lur geratu zen eta bertan ere bazutela “patois” bat esan zigun (nire artean: alemanari patois deitzen ari zaio!) eta domaia zela baina zahar batzuk bakarrik hitz egiten zutela…
Gero eta gehiago dira hango eskoletan alsazieraz ikasten duten haurrak, nahiz eta hizkuntza ezagupena jaisten ari den modu aztoragarrian gaurko Berrian irakurri ahal izan dugun bezala: 60 urtetik gorakoen artean hiztunak %74 eta 18-29 urte bitartekoen artean, aldiz, %12.
Bestalde, bertako eztabaida pedagogikoetan planteatzen ari dira bertako dialektotik abiatuta iritsi behar dutela aleman estandarrera eta hori abantaila modura azaldu behar dietela gurasoei… Erreferentzia interesgarria izan daiteke euskalkietatik batura iristeko bidean.
Lurralde batasunaren auziaz gain, hizkuntza politikaren inguruko eztabaidak biziak eta sutsuak dira han ere. 2011n Estrasburgoko Akademiaren errektore berri Armande Le Pellec-Mullerrek alsazierazko klaseen hedapena gerarazi nahi izan zuen, sekulako kalapita sortuz. Aurten alsazieraren aldeko elkarteek alde egin dezan eskatu dute. Suprefeta ez denean, errektorea da!
Colmer/Colmar
Gaurko erreferendumaren emaitzak, beraz, garrantzitsuak izango dira Alsaziarentzat, baina baita Frantziar estatu barruko beste nazioentzat ere.
Eta aukera baldin baduzue, bisita ezazue! Ez zarete damutuko!