Algara, edo ez gara
Hasiera » Hezkuntza » Alsaziari buruzko oharrak, erreferendumaren aitzakian
Api07 0

Alsaziari buruzko oharrak, erreferendumaren aitzakian

Atalak: Hezkuntza, Nazioartea, Soziolinguistika

 

Mulhouse/Mìlhüsa herri sarrerako panoa

Mulhouse/Mìlhüsa herri sarrerako panoa

Gaur Alsazian lurralde egitura erabakitzeko erreferenduma aitzakia egokia iruditu zait, iazko udan bertan igaro genuen oporretako astean zehar jasotako hainbat inpresio blogeratzeko. Leku ederra izan eta oso ardo eta jaki onak eskaintzeaz gain, interes berezia nuen bertatik bertara ezagutzeko alsaziar kulturaren egoera. Kasualitateak gainera, Milhüsa/Mulhouse herrira eraman gintuen! “Miluzera goaz” esaten nien lagunei. Herri sarrerako kartelean, Mulhouse frantsesez, Milhüsa alsazieraz letra txikiagoz, eta inongo panotan azaltzen ez zena alemanezko izena: Mülhausen.

Frantziar estatuko beste hizkuntza gutxituen aldean ezaugarri bereziak ditu alsazierak. Bretoierak adibidez, baditu bere egoera zailtzen duten faktoreak: hizkuntza zeltikoa da, frantsesetik arras desberdina, eta ez dago kanpotik lagunduko dion hizkuntza zeltiko indartsurik. Euskara eta katalana hexagonoan egoera zailean egon arren, mugimendu sozial indartsua dute atzean eta badute babesa beren hegoaldeetan. Alde horretatik, jakin-mina pizten zidan Alsazian zer gertatzen ote zen. Azken batean, bertako hizkera, alemanaren dialektoa delako; potentzia ekonomiko baten hizkuntzaren dialektoa, alegia. Eta krisia dela medio, gure artean bertan alemana gero eta gehiago ikasten bada, alsazierak zenbateko erabilera soziala zuen, edo alemanaren indarrak zer nolako eragina izan zezakeen ikusi nahi nuen.

Dena ez dago elebietan

Dena ez dago elebietan

Lehen inpresioa garbia izan zen. Alsazian sartu eta elebitan (frantsesez eta alsazieraz) idatzita ikusi genituen kartel bakarrak herrien sarreretako herri-izenak eta kale izen batzuk izan ziren. Bestelako iragarki, denda-izen, edo pano guztiak frantsesez zeuden bakarrik.

Zerbait gehiago jakin nahian, liburudenda batzuetara joan nintzen bertako hizkuntza egoeraren inguruko liburuen bila. Gramatikez gain, liburu bakarra zegoen salgai: Jean Marie Gilligen « Bilinguisme et religion à l’école: L’Alsace divisée ». Gaur egungo egoera linguistiko berezia ulertzeko datu esanguratsu asko ematen ditu egileak.

  • Batetik, Frantziako estatuak hizkuntza minorizatuen aurka eraman duen bazterketa eta jazarpen politiken inguruko datu ugari eskaintzen ditu.
  • Baina alsazieraren kasuan, eta mende honi dagokionez, nazismoak eta bigarren mundu gerrak, aparteko garrantzia hartzen dute. Frantzia okupatuaren garaian alemana izan zen hezkuntzako hizkuntza bakarra Alsazian. Nazismoa garaitu eta gero, bai Frantziako agintariek, eta baita bertako agintari askok ere, ez zuten alsaziera berriro ere eskoletan sartu nahi izan “kolaborazionismo” kutsua  zuelako. Gertaera honek, hizkuntzaren inguruko jarrerak asko baldintzatu zituen.
  • Hori dela medio, eztabaida egon da alsazieraren izaeraren inguruan: ea alemanaren dialektoa zen ala ez. Zenbaitek, alsaziera alemanarengandik bereizteko eta hizkuntza desberdinak zirela defendatzeko beharra sentitu zuen. Eta eztabaida horrek bizirik dirau.

    Ekomuseoko proposamenaren adibidea

    Ekomuseoko proposamenaren adibidea

Pello Zubiriak gomendaturik Alsaziako ekomuseoa bisitatzera joan ginen eta bertan aurkitu genuen eztabaida honen inguruko informaziorik argiena: beraiek honako hau proposatzen dute karteletarako: frantsesa, aleman estandarra eta tokian tokiko dialektoa erabiltzea. Alsazian eta Moselan dialekto bat baino gehiago hitz egiten baita!.Borondate ona ezin zaie ukatu baina ez dirudi oso irtenbide praktikoa denik, nahiz eta gurean ere eztabaida hau oraindik bizirik dagoen, aste honetan bertan izan den eztabaidatxioan ikusi dugun bezala: euskalkiak noraino erabili? Euskara batua beti eta nonahi?

Praktikan ordea, alsazieraren (alemanaren) presentzia hutsaren hurrengoa da. Bertako denda batean erosketak egiten ari ginela dendaria inguratu eta ea nongoak ginen eta zein hizkuntzatan ari ginen hizketan galdetu zigun. Euskaldunak ginela esan genionean, zur eta lur geratu zen eta bertan ere bazutela “patois” bat esan zigun (nire artean: alemanari patois deitzen ari zaio!) eta domaia zela baina zahar batzuk bakarrik hitz egiten zutela…

Gero eta gehiago dira hango eskoletan alsazieraz ikasten duten haurrak, nahiz eta hizkuntza ezagupena jaisten ari den modu aztoragarrian gaurko Berrian irakurri ahal izan dugun bezala: 60 urtetik gorakoen artean hiztunak %74 eta 18-29 urte bitartekoen artean, aldiz, %12.

Bestalde, bertako eztabaida pedagogikoetan planteatzen ari dira bertako dialektotik abiatuta iritsi behar dutela aleman estandarrera eta hori abantaila modura azaldu behar dietela gurasoei… Erreferentzia interesgarria izan daiteke euskalkietatik batura iristeko bidean.

Lurralde batasunaren auziaz gain, hizkuntza politikaren inguruko eztabaidak biziak eta sutsuak dira han ere. 2011n Estrasburgoko Akademiaren errektore berri Armande Le Pellec-Mullerrek alsazierazko klaseen hedapena gerarazi nahi izan zuen, sekulako kalapita sortuz. Aurten alsazieraren aldeko elkarteek alde egin dezan eskatu dute. Suprefeta ez denean, errektorea da!

Colmer/Colmar

Colmer/Colmar

Gaurko erreferendumaren emaitzak, beraz, garrantzitsuak izango dira Alsaziarentzat, baina baita Frantziar estatu barruko beste nazioentzat ere.

Eta aukera baldin baduzue, bisita ezazue! Ez zarete damutuko!

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Kike Amonarriz

Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.

Azken bidalketak

  • Hizkuntzak maite dituen jendea
  • “PENSAR EN VERS” Mediterràniako bertsolaritzaz
  • “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua
  • ‘Maisu-maistrak eta ministroak’ eta beste hamairu txiste
  • Gerra hotsak komikietan

Iruzkin berriak

  • Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
  • Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
  • Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
  • patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
  • Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan

Artxiboak

  • 2015(e)ko iraila
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Hedabideak
  • Hezkuntza
  • Komikiak
  • Kultura
  • Nazioartea
  • Sailkatugabeak
  • Soziolinguistika
  • Txisteak
  • Umorea
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA