Sarrionandiaren pentsakera soziolinguistikoa “Moroak gara”n (I)
Amaitu berri, oraindik ere aztoratuta nauka Sarrionandiaren liburuak. Boterea, politika, historia, hizkuntzak, kolonialismoa, filosofia, literatura… Gai ugari jorratzen ditu egileak, erudiziora hurbiltzen den datu emari oparo bat oinarri. Ukitzen dituen gaien inguruko informazio aberatsa eta zehatza eskaintzen du, baina joritasun hau ez da irakurketarako oztopo gertatzen, eta orrien itsasoan murgildu ahala, marea gorako uhinek nola, hondo sakonetik datozen hausnarketa, proposamen eta ideiek blaitzen zaituztela sentitzen duzu. Gutxi, hau bezalako liburu oso eta iradokitzaileak.
Pedro Hilarion Sarrionandiak idatzitako amazigeraren lehen gramatika abiapuntu, “botereari eta giza askatasun debekatuari buruzko erreflexio” sakona idatzi du egileak, “normalizazioaren ideia zalantzan ipini” asmoz, Argian egin elkarrizketan aipatu bezala. Liburu politikoa da eta politikari buruzkoa, hitzaren zentzurik sakonenean.
XX. mendeko Afrika Iparraldeko kolonizazioa eta gerrak ditu aztergai Sarrionandiak, begirada tamazigengan fokatzen duela. Euskaldunok gerra horietan izandako partehartzea ere aztertzen du eta baita Afrikako gerrak Espainiako gerra zibilean izan zuen eragina edo Arjeliakoak Iparraldeko abertzaletasunean izandakoa. Egunkariak, liburuak, bertsoak, argazkiak, mapak… Zail da imajinatzen nondik eta nola lortu duen horrenbeste material.
Azalpen eta hausnarketa horien artean, pentsamendu soziolinguistiko sakon, ausart eta berritzailea eskaintzen zaigu. Ondoko lerrootan, ideia nagusiak biltzen saiatuko naiz, nahiz eta jakin ez dela erraza halako saiakera bat laburtzea, bidean ekarpen eta ñabardura garrantzitsuak galdu gabe.
Amazigera, euskara eta beste
Liburuaren ardatz nagusietako bat, hizkuntzen arteko hierarkia eta botere-harremanak dira. Arabiera bera da horren adibide, izenak hizkera desberdintasuna estaltzen baitu: “Arabiera esaten denean, bi erregistro edo hizkuntza berezi behar dira: arabiera klasikoa eta herrialde bakoitzeko arabiera arrunta (…) Bi erregistro edo hizkuntzen arteko erlazioa diglosikoa izan ohi da” (57.o.).
Lionel Galanden “Esistitzen ote da hizkuntza berberea?” galderarekin ematen zaio hasiera ‘Zer da hizkuntza eta zer dialekto?’ 7. atalari. “Esan daiteke hizkuntzari izena ematea botere arazoa dela, estatu bat eraikitzea bezala”. Ongi dakite hori katalanek edo okzitanoek, esate baterako. Baina egileak dioskunez, amazigeraren inguruan ere kontua ez da horren garbia, eta hizkuntza bakarra dela ukatzen hasi direnak ba omen dira. 29. atalean esaten den bezala, “momentuz ez dago amazigera baturik (…) ez baita hizkuntza bakar bat amazigera deitzen den hori, hainbat hizkuntzaren multzoa baino.” Batasunari begira, gainera,, euskararena ez bezalako bidea hartu dute: “Ez da norma pan-amazig artifizialik asmatuko, baina normalizazio hurbiltzailea bultzatuko da, desberdintasun arauak multiplikatu gabe”. Hizkuntza komunitate askoren eztabaidagaiak.
‘Amazigera eta euskara’. Bi hizkuntzen artean egin izan diren loturak direla eta, 22. atalean baskoiberismoa eta korronte honen inguruan izan diren jarrera eta irakurketa ideologikoak aztertzen dira. Eta gaiarekin tematuta dabiltzan batzuk irakurri beharko luketen ohar ironiko hau egiten du euskararen jatorriari buruzko zenbait teoria eta ikerlariren inguruan: ”Ez dago dudarik hizkuntza bat ezagutu gabe hizkuntza horren hiru edo lau mila urteko historia egitea ariketa atsegina izan behar dela. Hizkuntza hori beste hizkuntza batekin konparatzea, bigarren hizkuntza hori ezagutzen ez bada batez ere, egundoko plazerra izan behar du. Baina lau hizkuntza hartzen badira konparatzeko, hizkuntzetatik bakar bati buruz ere deus jakin gabe, orduan, imajinatu…”
Atalaren amaieran, hizkuntzen arteko ahaidegoaren ideia guztiz erlatibizatzen du Sarrionandiak, aniztasunean oinarrituriko gizarte eraikuntzari begira hausnarketa interesgarriak eskainiz. Familia linguistikoen metaforak euskaldunoi ogi puska bat besterik ez digula eman dio, ”Baina ogi lehorra da hori. Ostera, euskararen bakardade eta isolamenduaren ideia faltsua eman zuen. Hizkuntza irlaren irudia. Baina ’irla’, ’autoktono’, ’bertako’ eta halako terminoak erabili diren lekuetan, sarritan, ’erreserbak’ antolatu dira gero”. ”Auzotasuna”ren alde egiten du egileak aurreko kontzeptuen aldean: ”hizkuntzak jendearen ahoan azaltzen edota isiltzen dira, jende horren auzokoekiko harremanen arabera bilakatzen dira (…) Auzokoekin egiten delako hizkuntza: ’egin’ horrek bi zentzu ditu, ’sortu’ eta ’erabili’, eta ez da batere anbiguoa. Euskara eta amazigeraren kasuan, mendeetako harreman eta liskarrak, botere erlazioak, elebikoiztasun eta hizkuntza ordezkatzeekin. Lehen auzokoekin harremanak ez dira erosoenak izaten”.
Frantziaren eta Espainiaren jokamolde desberdinak aztertzen dira 23. atalean. Historiak frogatzen digu espainiarrek frantsesek baino eragin arinagoa izan zutela hizkuntzaren hedapenean. Elite hispanofonorik ez zen sortu, baina aitzitik, Frantziak lortu zuen bertako eliteak frantsestea, eta eragin hori nabarmena da gaur egun ere.
24. atala, ’Amazigera estatu berberefoboetan’. Arabiera da ofiziala eta amazigera sakabanaturik eta bazterturik dago. Hari horri tiraka ”hizkuntza ofiziala jendeak hitz egiten duena izan behar delako ideia demokratiko hori berri samarra dela” diosku eta Euskal Herrian bezala, hizkuntza, dominazio legalaren tresnetako bat dela, elite batzuen nagusitasuna eta erabakimen zuzena bermatzeko. Are gehiago, ”Afrikako herri hizkuntzak, independentziaren ondoren, normaldu beharrean ’bernakularizatu’ egin dira.” Amazigeraren aldeko aurrerapausoak eman diren arren, Afrika iparraldeko estatuak ’berberofoboak’ izaten nola jarraitzen duten azaltzen da orriotan. Aitzitik, euskaldunon artean bezala, hizkuntzarekiko atxekimendua handia da amazigen artean.
(…jarraituko)
Arras interesgarrie!