Sarrionandiaren pentsakera soziolinguistikoa “Moroak gara”n (eta II)
Bigarren post honetan, liburuaren azken ataletan jasotako ideiak bilduko ditugu.
‘Berdintasuna eta homogeneizazioa’z diharduen 25. atalean, Frantziak eta Espainiak garatutako politika akulturatzaileak deskribatzeaz gain, lehenengo nazionalismoaren oker linguistikoak aztertzen dira, tartean euskalgintzaren gaur egungo planteamenduak berpentsatzeko parada eskaintzen duten hausnarketa interesgarriak eginez: “Elebitasuna ezinezkoa delako axioma gainditu dela ematen du, hizkuntza aniztasuneko egoeraren abantailei eta zailtasunei begiak itxi beharrik gabe. ‘Beste hizkuntza’ lurperatzeko gogo hori indargabetu egin dela esan daiteke, askatasunaren eta bizikidetasunaren mesedetan. Euskaldunen artean, propioaz gainera, hizkuntza guztiak duin eta laintzat hartzeko joera zabaldu da”.
‘Asimilazioa, insertzioa eta integrazioa’ dira 26.ean sakontzen diren kontzeptuak. “Mundua lasaiago biziko litzateke naziotasuna ere modu demokratikoan erabakitzeko modurik balego, negoziazio eta akordio bidez” irakurtzen dugu. Interesgarria da oso Pierre Bourdieuren ‘biolentzia sinbolikoa’ren inguruan idatzitakoa. Hala deitzen zaio, menperaketa egoera lazgarriak normalizatu eta naturalizatzen dituen menpekotasun ez kontziente barneratuari.
‘Euskaldunen aukerak eta ezak’ aztertzen dira 27. atalean: nazionalismoa, biktimismoa, hizkuntza nazionalaren formazioa, besteen deformazioa… Atal honetan badira eztabaidarako geziak: “Ikusteko dago despolitizazioak aterik zabalduko dion euskarari. Euskararen azken ehun eta piko urteko historia, ezinbestean, politikoa izan da”. Badira aurrera begirako iradokizunak: “Komunitate nazional moduan antolatu behar badugu, ez da besteen betebeharra, geurea da bakarrik (…) Euskaldunen eginbeharra da estaturik gabeko halako nazio bat, bi estatuon artean, gainsortzea”. Eta hausnarketa filosofikoak: “politika ezin dela bizikidetza inposiblea egiteko medioa izan. Politika elkarrekin bizitzea posible eta onuragarria egiteko erreminta izan behar dela”.
’Arkeologia izan arteko eraikuntzak’ eta ”Ezinbesteko antzerkitik ziurtasunik gabeko politikara” izenburu gogoetagarriekin hasten diren 31 eta 32. ataletan zer pentsa ematen duten era honetako zatiak irakurriko ditugu:
- Euskaldunak hein batean moro direla Iruñean. Eta edonor dela moroa, beste norbaitentzat. Beste askorentzat dela norbera ere moroa. Geu ere moroak gara, denok gara moroak.
- Telebistak ere badu zerbait Esku Ikusezinaren ilusionismotik eta Pentsamendu Bakarraren sabelizkeratik.
- Besteari zor zaion sinpatia eta enpatiaz aparte, ’elkartasun’ dei daitekeen sustantzia horretatik zerbait behar da gizarte bizitza onuragarria egiteko. Elkartasuna, ez zentzu moralistan, baizik eta munduko aniztasuna onartzeko zentzu errealistan.
- Zapalketaren sareaz kontzientzia hartu eta boterearen eta agindutakoaren parte ez sentitzea askatasunaren hatsarrea da. Pertsona horiek libre dira ordutik aurrera, ezkutuan eta disimuluan beharbada, eta oraindik boterearen kontrako borroka irabazteko duten arren. Baina libreak dira jadanik, aukeratzeko gauza direlako.
- Gizabanakoaren bizitza hain laburra eta heriotza hain ebidentzia larria eta behin betikoa da, non luzarora begirako asmoek ez duten zentzu handirik. Norbera bakartiaren esparrua gaindituz, helburu duin kolektiboekin, bizitzak berak hartzen du zentzua.
- Baina erresuma mediebal bat ezin da inongo emantzipazio asmoren erreferentziatzat hartu. Nafarroako Erresuman errege-erreginak ziren soberano bakarrak. Ez zegoen han herririk, azpian harturiko subdito multzoa baino (…) Historiaren bidea jarraitzea bezain arrazoizkoa eta bidezkoa izan daiteke historia aldatzea.
33.a da azkena: ”Gauza batzuen amaiera, beste batzuen hasiera”. Atal honetako esaldi batzuetan egilea biluztu egiten da: “Ez dugu mundua aldatu, eta hori iragarpenen barruan sartzen zen, baina gure ingurua ere ez. Eta gure burua ere ez, ez dugu hobetu ahal izan”. Edo beste hau: “Bakearen Nobel saria merezi dugula pentsatzen dugu denok, albokoa konprenitzeko eta estimatzeko gauza ez izan arren. Sektarismoa eta autoatsegina, marmarra eta zipozkeria. Tristea da. Energia intelektual eta sentimental oker bideratu pila bat”.
Eta barruak astintzen dituzten erreflexio horiekin batera, liburuaren abiapuntu eta hari den amazigeraren inguruko azken konstatazio hau: “Independentziatik mende erdi pasatu ondoren, galdetu beharrekoa da, zergatik idazten da frantsesez literatura gehiena Aljerian, Marokon nahiz Tunisian? Erraza litzateke idazle horien saldukeria salatzea, baina jende hori arduratua, kontsekuentea eta pragmatikoa da. (…) Arabiera hegemonikoa amazigerarekiko da soilik”.
Aurreko postean esan bezala, aipamen hauek guztiak liburuaren mami osoaren zati bat besterik ez dira. Merezi du osorik irakurtzea. Lerrook interes hori piztu badute, bete dute beren helburua.
Afrikako postal familiarrak
Liburua irakurtzen ari nintzela, familian, Afrikako Iparraldearekin izan dugun harremana errepasatu nuen.
Gogoan nuen, etxeko albumean ikusitako argazki bat non gure aitona Enrique Gorria (Villatuerta 1896 – 1974) azaltzen zen. Bera, Afrikan izan baitzen 3 urtez 1919. urte inguruan, Melillako Cuerpo de Regularesen. Lastima, ez nuela berarekin gorabehera haietaz hitz egiteko aukerarik izan.
Gure aita berriz, Agustin Amonarriz (Anoeta, 1927 – ), Tetuanen ibili zen lanean 15 hilabetez, 1953. urtean joanda, bertako paper fabrikako makinak montatzen. Askotan aipatu izan dizkigu bertako bizimodua eta anekdotak, Abdelkhalek Torres buruzagiaren etorrerek eragiten zituzten mugimenduak, edo Tetuanen ikusitako Donostiako Orfeoiaren emankizuna. Izan ere, paper-fabrika hori Jose Ramon Calparsororena zen, Condor Legioan piloto ibilitako tolosarrarena. Irakurtzekoa da Calparsorori Jon Artanok Argian egin zion elkarrizketa.
Zorionak artikuluagatik. Zinez ona iruditu zitzaidan liburua niri ere eta disfrutatu dut liburua birgogoratzen artikulua irakurri bitartean. Liburuan gogoeta mamitsuak egiten dira eta egoera bere gordinean erakusten du.
Lortu duk hel burua! Liburuari heldu beharko…