Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Bizitzaren udalehena (by bAst)
2020-04-22 // bAst // Iruzkinik ez
Etxaide Itharteren oin-oharrak
2020-04-21 // bAst // Iruzkinik ez
Jon Etxaide Ithartek leziatu gaitu, lezioa eman digu, gu hezi beharrik gabe. Eneko Agerroa izeneko eleberri historiko aberkoian honako oin-ohar hau egiten du Xahoren testu bat hitzez hitz aipatzen duenean. Akitaniar zaldunak beren leziakuntza* bukatzera eta…
*Educacion. Leziatu=educar, hitz herrikoia dugu. Gure egunetan “hezi” eta “hezkuntza” erabiltzen dituzte “educar” eta “educación” aditzera emateko eta hori astakeria ikaragarri bat besterik ez da, “hezi” domar baita, hots, indarbidez egiten den zerbait eta “leziatu” berriz, lezioa eman, alegia, onez-onean ematen den erakuspidea.
Gaur Jon Etxaideren bi libururen aipua egin nahi dugu: Eneko Agerroa eleberria batetik, eta Arturo Kanpionen bost euskal-narrazio itzulpena bestetik.
Eneko Agerroa (Erein, 1991)
Enekoren lehenengo gudu-ekintza Burdigarako hesiketa eta hiri hartzea izan zen. Ez zuen borroka handirik ezagutu, baina iskilu erabilkizunean trebatzeko balio izan zion eta behin Burdigara hartuta, ez pentsa gure mutila lo egon zenik, erdoiak jan zuenik. Euskotarrak borrokan zailtzen ziren francoen mendeko Akitaniara ateraldi ondagarriak eginaz eta franco-akitaniarren mugaldetako gudalzaingoak jo ta txautu* aurkitzen zituztèn tokian, eta gure Eneko gudu-ekintza guziotan beti gailen ageri zen.
*Hitz labur hau bi zentzutan har daiteke hemen: destrozar, pulverizar edo vencer, derrotar, Azkuek dakarrenez. Beraz, txikitu, apurtu, desegin edo garaitu, gailendu, bentzutu eta abar bezala. Beste hiru zentzu ere baditu hitz polit honek: limpiar/purificar, ganarle a uno todo eta fastidiar. Baina, Gipuzkoako hitz baliakor eta sarkor hau galtzen ari zaigu eta ahaleginak egin behar ditugu gal ez dadin.
[…]
Gabarreta zeritzàn hiri batera eraman zituzten katiguak, Elusaberritik hiru lekua iparraldera hortxe-hortxe. Batzuk borrokan zaurituak izan ziren, nahiz alderdi batekoak, nahiz bestekoak, eta bizpahiru hiltzeko arrisku larrian. Guztiok garraiatzeko gurdi pare bat ekarri zuten auzoko hirixka batetik. Itxura triste honetan sartu ziren Gabarretako herrian. Bazizun hiri honek enparantza ederrik eta zabalik eta hara zuzendu ziren Gartxot eta bere jarraitzaileak katiguak erdian harturik. Sarrantzeko jentilak, gartxotek alegia, mahain handi bat aterazi zuen plazerdira, eta beraren gainera salto eginik, ilargi beteak nausikiro mundutarrei bere babes eztia eskaintzen zièn gau izarratu* zoragarri batean, honela mintzatu zitzaion Gabarretako enparantzan bildutako lagunabarrari: (…)
*Ene txipitan, gurasoei ikasirik “izartu” esaten zuen eta gerora izkribatu ere bai. Alabaina, zenbait lekutan baserritarrei “izarratu” esaten entzun nien. “Estrella” izar da, ez izarra. Azkueren arabera; beraz, gramatikalki izartu behar du izan eta ez izarratu. Baina Azkuek berak izartu ez dakar, ez eta izarra ere, guri dagokigun zentzutan. Bai, ordea, izarratu, “cielo estrellado” eta “cubrirse de estrellas” esangurez, beronen erabilkizuna Nafarroari, Bizkaiari eta Gipuzkoari erantxiz. Misterio honen azalpena hizkuntzalarien eskuetan uzten dut. Milesker aurretik.
Ikus dezagun hiztegi batuak dioena:
izarratu, izarra/izarratu, izarratzen
da ad. Izartu, izarrez bete. (Batez ere izenondo gisa erabiltzen da). Zeru izarratua. Udazkeneko gau eder izarratu bat zen.
izartu2, izar/izartu, izartzen
1 da ad. Izarrez bete. Zerua izartu zait bat-batean.
2 da ad. Irud. Lorez izarturik dagoen lur hezean barna.
3 (Partizipio burutua izenondo gisa). Zeru izartuan. Gau izartua.
Azalen diseinua eta irudiak: Antton Olariaga
Arturo Kanpionen bost euskal-narrazio
Hauek dira bost narrazioak: Itzaltzuko koblaria, Villalba koronela, Gamio Anaiak, Yan-Pier, eta, Erraondoko azken ttunttuneroa.
Itzaltzuko koblaria
Aurrera zihoàn denborari jaramonik egiteke, paisaiaren bikaintasuna eta zorroztasuna ederresten nuen: aitzinean Abodi mendilerroa eta beste hegal beltz oihantsuak ibar artean zabalduak; eskuinean Orhiko tontorra eta bere elurraren disdira zerumuga goibel haserrekorrean. Ilunabar hotzak harkaitz soilen, zuhaitz adartsu eta goibehe malkartsuen forma bereiziak lausotzen zituen. Muzkilda, unai* panpoxa, barea eta apurtxo bat adarjotzaile ere bazen. Horra ba, hiritarrek kanpainari daukakioten begiespen liluragarriak mnditarrei egiten dien harridura begietan josia zuelarik, zain zegoen ni erretira nendin leihoa itxi zezan.
*Unai (behizain, itzain). Saraitzuko neskatxei ematen zaien izen orokorra, asko hala direlako (Egilearen oharra). Campionek “Muzkilda” izkiriatzen du, nahiz eta berez “Muskilda” izan Otsagiko Am,a Birjina, Muskaria (N), Muskildi (Z), Muskiz (B)… bezala. Bestalde, bada “Muzkiz” herria Naparroan.
Villalba Koronela
(Nafar tradizioa)*
1516-ko Agorrilaren egun beroetako arratsalde bat da. Villalba koronela, berrehun lantzagizon jarraitzen zaizkiolarik, Igarri ibarreko mazela latzetan zehar Lizarrara aldera jaisten da.
*Elezahar hau, gaztelar lur-nausiketaren historiari erauzitako orrialde bat da; elementu guztiak historian daude hezur-mamiturik; aldiri erreketak, gaztelu porrokatzeak, Nafarroako bizilagunak Andaluziara eramateko egintzasmoa, Villalbaren heriotza ikaragarrizkoa eta harrigarrizkoa, historia baitan daude; koronel gaztelauaren biraoa, Jaun done Mikeleren aurka jaurtikia izan zen, baina gertakari honetaz Lizararrako herrian gaurko egunean oraindik gelditzen diren tradizio nahasietan, Puyko Ama Birjinaren aurka zuzendua izan zelazko sinestea dago, zalantzarik gabe harenganako dagoen benerapen handiagatik. Beraz, hemen nirerik ez dago azalekoa baizik, mise en scene delakoa, gertakarien biltzea eta zenbait pertsonaia, hala nola Argia (luz), Bakedano, frai Alonso Leitzako eta Villalbaren armalagunak. Hau esan beharra daukat, uste ez dezaten inori irain egiten diodanik eta pentsa ez dezaten elezahar honen mamia osatzen duten gertakari txit tristeak neuk asmatuak direla. Hain doilorra izan zen atzerritar arrotzaren jokamoldea garai haietan, non ez den deusik asmatu behar gorrotagarri izan dakigun (Egilearen oharra).
Gamio anaiak
[…]
-Zigorra diok? Martiretza, urrezko abarrekin eta ereinotz koroekin. Haren* agindupetan hil zirenak, azken nafarrak izanen dituk, eta zuek, doilorrak, lehenen gaztelauak.
*Jaime Belatz Medranoko, Amaiurko gazteluko alkaidea (buruzagia) izan zen eta lepamoztua edo pozoindua hil zuten Iruñeko morroilopetan.
Yan-Pier
[…]
Yan-Pierrek ezkondu nahi izan zuenean Dominikarekin, hitza moztu zion Mariak zakarki: “Nire errainak ene mailakoa izan behar dik, eta oroz gain, ene gustutakoa: etxekoandre jatorra, zinezkoa, nekazalgo eta barrio* lanetan trebea. Ez diat onartzen, txiki-arraio egingo banatxiotek ere, aldiriko jostuntxo hori, handiputz, goizoilanda eta tirtiriña”*. Epai aldaezina, burua makurtu beharrekoa.
*Korrale (corral). Zuberoako hitza, han “etxalte” bakoitzak bere barrio edo korralea baitu. Ez dut beste euskal-hitz jatorrik ezagutzen “corral” aditzera emateko.
*Goizoilanda: irtirin (coqueta, coquetona, coquetuela). Tirtiriña: persona presumida, Azk.G.
Erraondoko azken ttunttuneroa.
[…]
On Josepek ahaleginak egin zituen haren ideia burutik kentzen: “Zer bizitza egin behar duzu deabruzko herrixka hartan, mapetan ere azaltzen ez dena, inork ez zaitularik gogoan, inoren maiotasunik gabe? Zure mainada beharbada suntsiturik da –nirearekin agitzen den bezala, arrano pola!-; gehieneko ere, zenbait iloba aurkituko duzu, eta zu “heredentziaren osaba” izanen zara, heriotza desiratzen zaion osaba urte guztian, bederatziurrenak errezatuz Andredena Alborengori eta Jaundone Sukar-usteli*, lehenbailehen sar zaitzaten zuloan. Zuloa zuretzat, ganbela eurentzat. Europako aldaketa gogoan harturik, zure kapital txipitik parte handi samar bat galduko duzu.
*Andredena Alborengo: Santa Pulmonia. Jaundone Sukar-ustel: San Torozón. Alborengo: pulmonía. Sukar-ustel: fiebre tifoidea. Torozón: retortijón doloroso de vientre.
Jon Etxaide (1920-1998) euskal idazle saiatua
Helin Bölek aktibista eta kantaria
Helin Bölek
Helin Bolek abeslari kurdua hil da 28 urterekin, Diyarbakir-en jaioa, gose greban egona estatu turkiarraren jazarpen politikoagatik. Aktibista eta Grup Yorum taldeko abeslaria zen eta apirilaren 3an zendu da, 288 egun jan-ukoan pasa ondoren. Talde hori lau lagunek eratu zuten 1985ean, eta ezagun bihurtu zen 90eko hamarkadan, abestietako letrek mintzagai baitzuten gentrifikazioa, Ankararen politikak eta 300 langile hil zituen meatze-ezbeharra bezalakoak. Ibrahim Gorcek eta biak protestan egon dira jazarpen politikoaren aurka eta group Yorum taldearen kontzertuak debekatzearen aurka; horrez gain, preso politikoak askatzea eskatzen zuten eta kulturguneen aurkako sarekadak amaitzea. Correle, correle, correla,…ezin bizi horrela. Kos, kos dur, oraya buraya öteye.
Adela-ri (La casa de Bernarda Alba)
Pepe-El-Romano zure maitea hil delakoan zure buruaz beste egin duzu, ai Adela!
Luis Eduardo Aute
Ez dago ezer bizitza baino irrazionalagorik, baina badu bere izateko arrazoia.
Izarra ezazue ortzia!
Ez gara beti bat, aldatuz-aldatuz goaz
2020-04-20 // bAst // Iruzkinik ez
Ez gara beti bat,
aldatuz-aldatuz goaz
Meghan Markle / Argazkia: gtresonline
Megan Marklek konfiantzazko ile-apaintzaile bat izan du, George Northwood. Sussex-eko Duke-dukesak britainiar erret familiatik irten direnetik, bertze garai bat hasi da, alde guztietatik begiratuta, eta Northwoodek omenaldi bat eskaini die sare sozialetan, eta The Telegraph egunkarian elkarrizketa bat eman du esanez harreman estua zuela Meghan-ekin eta haren orrezkera nabarmenen sekretua zein den. Estilista honek bezero ezagunak ditu, Gwyneth Paltrow, Alexa Chung, Rosie Huntington-Whiteley, Doutzen Kroes, Alicia Vikander, .. eta dio aski urduri zegoela hura ezagutu zuenean, baina Meghan “txit atsegina izan zen eta lurrean zeuzkan oinak”. Marklek hau esan zion: “Cali-ko neska bat bertzerik ez naiz, eta nik oso maite dut estilo kaliforniarra, Rosie eta Gwyneth-ekin egiten zenuena”. Oso eroso sentitu nintzen lehen unetik bertatik.
“Oinarrizko guztia egin beharra geneukan, baina baita ere nahi genuen gertuko ager zedin, denekin tratua duen herriko printzesa izan zedin”, dio haren lehenengo look haiei buruz, orrazkera eta estilo desberdinak probatzen zebiltzan garaikoak. Northwood-ek aitortzen du bere bezero guztiekin gustatzen zaiola bidaia bat hastea eta elkarrekin haziz joatea, pixkanaka, eta Meghanekin gauza bera gertatu zen: “Ama izan zenean, progresio bat izan zen. Hazi egin zen bere paperean (…) Ikus zitekeen zein eroso zegoen”, dio estilistak, eta gogorarazten du Meghanek umea izan eta gero ilea luzeago utzi zuela.
Meghanen orrazkera ez da beti bat, aldatuz-aldatuz doa. Bera ere aldatuz doa. Populu zen, gero royal, eta orain berriro populu. Edo pop-royal. Edo royal-pop. Etxeko altxagarria nahi du, baking powder utzita. The Simpsons saileko pertsonaiaren baten ahotsa izan daiteke gure Meghan. Bikoizketako aktoreak gogoz har dezake lan eskaintza hau.
Liam Hemsworth at a public appearance for INDEPENDENCE DAY: RESURGENCE Cast Rings The Nasdaq Stock Market Opening Bell, NASDAQ MarketSite, New York, NY June 14, 2016. Photo By: Derek Storm
Liam Hemsworth
Aldatuz-aldatuz doan bertze bat Liam Hemsworth aktore australiarra dugu, izan ere azken aldian bi gauza bederen aldatu ditu. Bata, jateko modua, vegano izateari utzita, eta bigarrena konpainia, Miley Cyrus-i agur esanda. Iaz kirofanotik pasa behar izan zuen, giltzurruneko harri bat kentzeko, eta medikuek aholkatu zioten dieta beganoa aldera uzteko, izan ere harri hori oxalato gehiegiak eragindakoa baitzen; sustantzia hori oso ugaria izanik espinaka, erremolatxa, patata eta arbendoletan.
Osasun egoera zail horrekin batera gertatu zen Miley Cyrus-engandik dibortziatzeko paperak sinatzea. Harreman hori hondatu baitzen, emakumeak Tennesse-n duen rantxoan elkarri baietza eman eta sei hilabetera.
Eta orain aurkitua duke haren ordezkoa: Gabriela Brooks. Hogeita bat urteko modelo kotizatua da. Txoratuta utzi du aktore ospetsua. Bazkari informal bat antolatu zuen Liamek gurasoekin eta bere neska berriarekin agertu zen. Badirudi, bere sorterrian berreskuratua duela bizipoza Hemsworth guapoak. Ez gara beti bat, Liam, aldatuz-aldatuz goaz!
Paco Ibañez abeslariak elkarrizketa batean aipatu zuen gai hau, aldatzen joatearena, denborarekin bertze batzuk izatearena: “No somos, vamos siendo” adierazi zuen. Ez gara, izanez goaz. Alegia, aldatuz-aldatuz goaz. Ez gara beti bat eta bakarra.
Miley Cyrus eta Cody Simpson / Argazkia: holmex
Miley Cyrus eta Cody Simpson urte erdiz elkarrekin
Liam Hemsworth-engandik banandu ostean, Miley Cyrus-ek aurrera egin zuen bere maite-bizitzan. Erromantze arin bat izan zuen Kaitlynn Carter-ekin, baina bazebiltzan zurrumurruak, Cody Simpson-ekin harremana zuela. Kantari bikoteak baietsi egin zuen zurrumurrua, eta nahiz eta internauta batzuek esan gutxi iraunen zutela, jadanik urte erdi egin dute elkarrekin. “6 hilabete zurekin, dira, bertze batekin bizitza guztia hainbat”, idatzi zuen 23 urteko interpreteak instagramen. “Maite zaitut”. Miley-ren txuri-beltzezko argazki bat ezarri zuen idatzi laburraren ondotik. Codyk argitara emandakoagatik jakin da biak elkarrekin daudela berrogeialdia pasatzen.
Luis Sepulvedaren azken-azken aldaketa
Berri txarra heldu da. Orodabirus gaitz honek eraginda gaixotu eta hil da Luis Sepulveda idazle txiletarra. Herrialdez hamaika aldiz aldatu zen, eta orain behin betiko lekua aurkitu du. Liburu gogoangarrien egilea dugu. Euskaraz badira batzuk argitaratuak.
Kaio baten historia
Katu handi, beltz eta gizena da Zorbas. Hanburgoko portu inguruan bizi da bere kideko lagunekin: Idazkario, Orojakitun, Colonello eta Haizalde. Egun batean, kaio bat agertzen da Zorbasen bizitzan, ezinean, hil-zorian, itsasoko petrolio isuri batek kondenatua. Zorbasek hitz ematen dio errun berri duen arrautzatik sortuko den kaioa haziko duela eta, zailagoa dena, hegan egiten irakatsiko diola. Eta hitza beteko du bere kideko katu adiskideen laguntzaz.
Patagonia Express
Luis Sepulvedak bizitzan zehar izandako gorabeheretan laguntzeko gonbitea luzatu egin digu. Aitonaren eskutik militantzia politikoan emandako lehenengo urratsetatik, gartzela eta herbestearen ondotik berraurkitu zuen Patagoniararte. Joan eta etorriko bidaiatan kontinentea zeharkatu duen ibilbide pertsonala dugu egilearena, Sepulvedak aitonari hitz eman zion tokira iristean baino amaiera izango ez duena.
Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea
Amazoniako paisaia erakargarriak, bertakoen emozio eta nahiak eta Bolívar zaharraren figura bakartiak progresoak hiltzera daraman mundu zoragarria marraztu egiten digute eleberri honetan.
Eta baita Berbaratza blog bikainean argitaratutako El Tano bidaia-kronika ere, Elixabet San Sebastian Lasak euskaratua.
Gaur, ordea, txiletarraren beste istorio bat euskaraz irakurtzeko aukera duzue Berbaratzan: «El Tano». Jatorrizko istorioa Últimas noticias del sur liburuan irakur dezakezue, zeina Patagonian eginiko bidaia bateko kontakizunek osatzen baitute. Luis Sepúlveda eta Daniel Mordzinskiren elkarlanaren fruitu honek aukera ematen dio irakurleari, bataren hitzen eta bestearen argazkien bidez, Patagoniako bidaia horren zapore paregabea dastatzeko. Hona hemen altxor horren zatitxo bat euskaraz:
EL TANO
El Maitén zen gure helmuga, bertan hasten baitzen La Tronchitaren bidaia Esqueleruntz. Eguna argitzen hasi berria zen, Lezana lakuaren ekialdeko ertza atzean utzi genuenean, eta, Pedro Cifuentesen ‒Pedro Patagonia lagunartean‒, basoko maitagarrien eta iratxoen pozerako, oraindik ez zen ageri mapetan. Goiz hotza eta argia zen, kantuan ari ziren txori goiztiarrak, txantxangorriak kuxkuxean zebiltzan aristokrata txiki iletsuen manerekin, eta okilaren etengabeko tok tok hotsak agurraren erredoblea zirudien.
Laino bakar bat ere ez zegoen patagoniar zeruan. Abiadura motelean sei bat orduz gidatzeko asmoa genuen, Cholila lakuaren inguruetara iritsi arte, eta atseden hartzeko eguzkiaren ordurik beroenetan, deabruzkoak baitira ozono geruzaren zuloa mundu australaren gainean kokatu zenetik. Nahikoa mate belar generaman, zigarretak, ur beroa termo batean, eta Pedro Patagoniaren amak oparitu zigun poltsa bete opil frijitu. Egun bikaina atera zen, haizea etengabe zebilen, Renault automobil frantsesen kontzesionario batek babestutako auto zuriaren tankea beteta geneukan, eta gure aldartea ezin hobea zen.
Poliki gindoazen harri koskorrezko errepide batean, izan ere, patagoniarrek dioten moduan, larritzea da ez iristeko modurik onena, eta presa alde egiten dutenek soilik daukate. Gainera, aldian behin geratu egin behar ginen, jaitsi, ireki eta ostera itxi egin behar genituen ganadua alanbradaren alde batean edo bestean mantentzeko balio zuten langak. Irekitzea erreza da, baina ixteko denbora behar da, gautxoek asmatutako mekanismo bitxiak ulertu arte. Halako uneetan badirudi teroek oro har sarkasmoz karranka egiten dutela. Poeren beleak errepikatzen zuen «inoiz gehiago ez»; teroak ez dira beleak, baina langa bat okerreko aldetik itxi nuen batean, argi entzun nituen adarren batetik zetozen «boludo» karrankari gardenak.
Azken oztopoa igarotakoan, Cholilara doan bidean sartu ginen, harri kozkorrezkoa hori ere. Nire lagunak bere Leica errepasatzen ziharduen, nahiz eta ez zegoen argazkiak ateratzeko gauza handirik. Iparrean, hegoan eta ekian Patagoniako estepa mehatsa geneukan, eta, mendebaldean, urrun eta berde, mendilerroaren magalak. Herrietako apaizak bezain serio, chimango batzuk begira geneuzkan telegrafo dorre baten behatokitik, eta hegan egiten hasiak ziren nire lagunak kamera altxatu zuenerako.
[…]
Eskerrik asko, Luis Sepúlveda, eta eskerrik asko, Elixabet.
Zer gerta ere, hobe orain irakurtzea. Auskalo zer dakarkigun geroak. Ez nuke esango Meghan Markle eta Liam Hemsworth elkartuko ez direnik Patagonian.
Bedatsea edo primadera
2020-04-18 // bAst // Iruzkinik ez
Bedatsa edo primadera
Etxealdi-itxialdia izanagatik, heldu da aurten ere udalehena. Horrekin zerikusia duen testuren bat ekarri nahi izan dugu hona. Petti Irigoin-en bertso hauek aurkitu ditugu bertso eta olerkien hemerotekan. Bedatsa edo primadera dute izenburu. Herria aldizkarian argitaratu zituen 1964an. Alde batean bertsoak jarri ditugu eta bertzean marrazki batzuk, aurtengo bedatsean egin ditugunak (bAst 2020), nork bere bedatsa baitu.
Irigoin, Petti (Herria, 1964)
1
Lau denbora zathiez egina urthea,
Zathi batez gogo dut, egin kantatzea.
Ahal den bezen chuchen, haren aiphatzea;
Zeren den edergailu, guziez bethea.
2
Neguaren ondotik, zoin den choragarri;
Bedatsean sarthuak, garenean jarri.
Bazterrak ikhustean, liliez inhaurri;
Bozkarioz bihotza jauzika zaut ari.
3
Nor ez da bozkarioz, gaindika bethetzen;
Ikustean bazterrak, ederki aphaintzen.
Choriek charamelan, ozenki kantatzea;
Goizetik arats arte, ez dira ichiltzen.
4
Argia urratzean, hasten dira kantuz;
Atsegin dutelakotz bedatsean sarthuz.
Lore eta ostoen artetan finkatuz;
Errepikan dagozi ezin enheatuz.
5
Adan, sagar, udani, gerezi, merchika;
Lorez emokatuak baitaude gaindika,
Erleak berriz hetan, aire ta phausaka
Ezti biltzen dabiltza zoin gehiagoka.
6
Denbora hasten baita, hotzetik epheltzen;
Orduan hasten dira, loreak agertzen.
Loren ondotik berriz ostoak zabaltzen;
Zelhai eta mendiak, belharrez estaltzen.
7
Lurraren gain guzia holache jarria;
Lorez, ostoz, belarrez, dena estalia.
Iguzkaldearekin, da choragarria;
Zeren jauntzia baitu arropa berna.
8
Goizetan has orduko, urratzen argia,
Ohean ez dagoke, nun ez den nagia.
Kanpo guzia baita Lorez usaindia
Gochotasun bat badu, biziki haundia.
9
Laborari biphila, goizikan jeikirik;
Lanari lotzen zaizko, bozkariaturik.
Gogoa arhin eta indarrez betherik;
Guti du hautemaiten, lanaren nekerik.
10
Nihoiz ez du kausitzen, egun hoberikan
Lanarekin artzeko,airoski borrokan.
Lorez inguratua, alde batetikan
Bertzetikan choriak kantu errepikan.
11
Bere lanak bozturik baititu egiten
Lurrak irauli eta arthoak eraiten,
Ogiak ere hasi baitzazko burutzen,
Phentzetako belharrak ederki luzatzen.
12
Zer loria arzainak ez du bedatsean.
Bildotsak gizen eta ardiak asean.
Mendirat buruz doha botzik maithatzean;
Gainak oro belharrez bethe direnean.
13
Ederrener joareak emanik lephotik
Kantuz bidean doha, mendirat gogotik
Lehenikan zelhaian, mendian ondotik,
Mozkina nasai heldu, zaiko bedatsetik.
14
Bozkarioz baititu, kantatzea kantuak,
Ikhustean ardiak, ase hanpatuak.
Egun guziez kasik hiru lau kaikuak,
Hekietarik dauzka esnez gaindituak.
15
Bedatsean zaharra iduri gaztetzen;
Bozkarioak baitu hala ernarazten.
Bere gazte denboraz orduan orhoitzen
Irri batekilan du bazterrer behatzen.
16
Urtheak bedatsea du gazte denbora;
Usain gozo batekin, osoki ederra.
Bertze denborak ere hainbat eder dira.
Hekien aldean zu ederrago zira.
17
Eder et’aberatsa bat bertzearekin;
Izaite on horiek biak elgarrekin
Nihoiz ezin enhea bihotza zuekin
Zeren duzun egiten handizki atsegin.
18
Zahar ala gazteak, sendoak eriak;
Jende eta kabala, handi’ta ttipiak,
Bai eta bereziki aireko choriak,
Bedatsean baitaude bozkariatiak.
19
Bedats guziez kantuz artzen ‘da kukua,
Lorez eta hostoez da inguratua.
Bedatsa urruntzean jartzen ichildua,
Halaber dut ichiltzen nik ere kantua.
20
Aurthengotzat akhabo, zirela ikhusiz;
Gogoa ilhunikan, orai baratzen niz.
Ikusi gogo zaitut, nik oraino berriz
Jainkoak uzten banau, bizirik: Halabiz.
Arnasa, hatsa, bizia…
2020-04-15 // bAst // Iruzkinik ez
Arnasa, hatsa, bizia…
Ospitale hitza maiz entzuten dugu egunotan. Ia egunero. Han gerta ohi dira burrukaizunik latzenak. Baina Ospital esatearekin, Peio Ospital abeslaria ere ekar dezakegu gogora. Duela lau urte atera zuen “Arnasa, hatsa, bizia…” izenburu duen diskoa. Inguruan izan ditu Paul Smet, Mixel Ducau, Andoni Salamero eta Antton Valverde. Halaber aipatu behar ditugu Gonzalo Tejada kontrabaxularia eta Iñaki Ospital soinu teknikaria. Agorila etxeak argitaratu zuen 2016. urtean. Abestien hitzak Andoni Salamerorenak dira gehienak, baina letra bana badute Itxaro Bordak, Joxe Arregik, Juan Basurkok (1890-1957) eta Martine Larroque-k ere.
Honela dio Peio Ospitalek diskoaren sarrerako idatzian:
Disko hau bihurgune bat da. Aldaketa sakon bat. Abentura pertsonalagoa da, barne-aztertze baten gisakoa. Norabide berri bat, bare-aldiaren beharrak eta hausnarketa irrikak sustaturik, azkenean funtsezkoenera itzultzeko: Bizia.
Arnasa, hatsa, bizia: hau da bizidun oro tai gabe akuilatzen duen indarra, hau da hain zuzen bakarkako lehen lan honen haria eta ardatza. Lau urteetako lanaren emaitza da hau, 14 kantuz osatua. Poesiaz jantziriko sorkuntzak dira, prozesu abstraktu baina oinarri-oinarrizko hau edigune izanik: Bizi indarra.
Gauzak “soil eta sotil” egin nahi izan ditugu: gitarra eta pianoa dira oinarriko instrumentoak. Gitarrista Mixel DUCAU bera da, bere esku fin eta trebearekin. Pianista, Paul SMET, umil bezain dohaintsua. Azpimarratu beharra dago bi eskolen arteko topaketa: Mixel folk, jazz, munduko musikak… eskolakoa, eta paul klasiko-klasiko eskolakoa. Azkenean, benetako elkarlan honek emaiten dio disko osoari ezusteko kolorea, sorpresa goxo bat.
Lan honek izan nahi du gure egunerokotasunaren isla eta ospakizuna, gure eguneroko bizitza iruten duten poz, pena, nahigabe, gozamen, zauri eta itxaropenen isla, gaixotasuna edo eritasuna barne. Eta gehituko nuke egunerokotasun konpartitua edo partekatua. Hori baita gure erronka eta zoria: maitasun “taupaden hotsez zertutako gizatasuna” denon artean gauzatzea eta bizitzea!
Ez bila hemen galderei erantzunik. Soilik entzun Manex Erdozaintzi-k aipatzen zuen “Biziaren mugimendu daldara”, edota Iratzeder-ek “lurren pil pil gozoa”, zuen baitan kurritzen eta kantatzen!
Abesti bakoitzetik pusketatxo bat hautatu dugu, lagina izan dadin:
Arnasak gurutzatuz. (Salamero-Ducau)
Arnas…arnas…zaude luzaz,
Arnas…arnas..zaude gugan,
Gugan luzaz!
Zu eta ni. (Salamero-Ducau)
Zuretzat inor ez banaiz ere,
utzi loratzen
euri tanten dantzak
ez nazan bil herabe.
Kantuen kulunkan. (A. Salamero)
Hatsak sortzen duen hotsez,
hotsak batzen duen hitzez,
hitz kate horien kolpez,
ahots batez, bihotz betez,
kantatzen du gure herriak.
Gaixotasunean antzaldatzen. (Salamero-Ducau)
Minbizia biziminez
bizigrinez, eraldatzen.
Gogo gogaitua, beti,
ezti sendotuz sendatzen.
Izan hadi. (Salamero-Valverde)
Izan hadi! Izan hadi!
Izar argi bat bezala,
izatean iratzarriz
hire izanaren itzala!
Nahi bat: …Bakez (Salamero-Ducau)
Bare-bare,
asebetez,
bide eginez,
bare-bare,
aske, aise,
baina…bakez.
Teologia-Ekologia (Borda-Lete)
Zeru altuan ahantzi Jaunak
puskatu zuen moldea:
Airea sutan, infernu latza,
hertsatu eta oldea:
Nehork ez jakin nola sakatu
alor hezean goldea,
Hasi zenean gaztigu gisa
mendekuzko uholdea…
Argazkia: Iban Ospital
Bizi! Halleluja! (Arregi-Ducau)
Biziaren taupadatik lehertu zen guztia,
Sormenaren dohain eta zorizko mirari.
Miresmen, begiramendu, esker eta galde,
mugagabearen mugan mugalari gara.
Bizi zara! Bizi zaitez! Bizi! Halleluja!
Keinuen ostadarra (A.Salamero)
Askaturik gure gogoaren garra
Maitasunak beza hala zabaldu deiadarra,
gure baitan isuri horren aparra
dastatuz, ernarazteko keinuen ostadarra.
Emetasuna (Salamero-Ducau)
Zer da, zer da emetasuna?
Non da bere kantu leuna?
Zer da, Zer da emetasuna?
Betor Pakea (Baxurko-Valverde)
Guda gogorran mendean daude
Gure lur maitagarriyak
Ta zenbat gera Bidasoz onuntz
Gudan iges etorriyak,
Bizi geranak naigabeturik
Malkoz beteta begiyak,
Ikusirikan zer zori txarrak
Dituan gure Erriyak.
Emanaren hegaldian (A. Salamero)
Eman zuon begiak,
gorenaren egia,
atseginez loratzeko.
Aitamen urrezko ezteiak (P.Ospital-doinu herrikoia)
Mila bederatzirehun ta hamabian
Apirilaren hogoita bigarrenian,
Aita, sortu zinen Larresoro herrian,
Laket-Etxeberria deitu baserrian.
Beilan gira (Larroque-Ducau)
Haize beltz batek
buhatzen dü Elizaren gainean:
beilan…beilan…beilan gira!
Aipagarriak ditugu, hortaz, diskoan duten pisuagatik, Salameroren hitzak, Ducauren musika eta Ospitalen ahotsa. Bertze guztien lana ahantzi gabe. Hitzak sortzea zaila bada, ez gutxiago musika sortzea, eta ahotsez egoki ematea. Disko honetan partaide izan diren guztien artean dream team gogoangarria osatu dute, zinez. Disko hau ere, ona baita, betiko izanen da. Bai horixe!
Hirur çelebrity: gureac eta chit gogoangarriyac
2020-04-09 // bAst // Iruzkinik ez
Sergio Rossi
Sergio Rossi hil da, oinetakoen erregea, orodabirus gaitç modakoak erasanda, 84 urterekin. Maisu çapatagilea çen eta modako oinetakoen diseinuan punta-puntako profesionala. Berataç esan dute “emakumea maite çuen eta gai çen emakumearen emetasuna modu apartekoan atçemateko, eta emakumearen hankaren luçapen eçin hobea eratçeko, oinetakoen bideç”. Rossik 1968an fundatu çuen enpresa, aitagandik ofizioa ikasi ondoren, eta luxuçko çapata marka italiarrik handiena bihurtu çuen munduan. Dioteneç klase handikoa çen, aiurri sendokoa, karismaduna, eskuçabala eta ausarta; lider naturala, maitatua eta errespetatua. Familiak açken agurra eman dio maitasuneç: Çure pasioaren su aseçinarekin, erakutsi çenigun, ez dagoela mugarik, egiten dutena maite dutenentçat. Agur maisu.
Zalantzarik gabe, edertasuna eraiki egiten da. Ikusi bestela goiko argazkiko oinetakoen eraikuntzaren fintasuna. Zenbat ordu ez ote dira behar horrelako emaitza bat erdiesteko. Grazie Sergio.
Sergio Rossi
Zozibini Tunzi: glam & natural
Zozibini Tunzi
Miss Unibertso, ederra da makillajearekin, baina baita gabe ere. Berrogeialdian, Zozibini Tunzi hegoafrikarrak milaka jarraitzaile ezustean harrapatu zituen, eta look natural bat eman zuen -pijama eta guzti-. Zozibinik milaka gorespen jaso zituen fanen aldetik, natural agertu zelako, glam-ik gabe, 98 mila baino gehiago “like” lortuz, eta baita lagun eta jarraitzaileen sostengua ere. Berezkoa izan arren, edertasuna erantsi egiten da. Hor dira makillatzaileak, estilistak, ileapaintzaileak, jantzigileak, zapatagileak, argazkilariak,…
Zozibini Tunzi etxean berrogeialdian aurpegia margotu gabe
Tunzi estatubatuar missarekin batera
Zozibini Tunzi itsas-ertzean bertako jantzi batekin
Basarri, edertasuna asmatu egiten da
Asmatu eta landu. Gaiak asmatu bai, baina gero landu, egokitu egin behar dira, ondo emango badira: neurria, errimak,… Bertsolaria jaio eta egin egiten baita. Hauxe da gaur gomendatu nahi dugun liburua. Joxemari Iriondok auspoa sailean 2006an argitaratutakoa: Basarri I Bat-batean. Basarri, idazle eta kazetaria izan zen ofizioz, eta urte askoan ahalegindu zen gure egunkarietan inork aipatu nahi ez eta bazterturik zegoen hainbat herri-kirol, herrietako jai, bertso-jaialdi eta gertakarien berri jaso, idatzi eta zabaltzen. Nolanahi ere, liburu honetan datorrena Iñaki Eizmendi Manterola Basarri bertsolariaren bertso-jarduna da, bat bateko jarduna hain zuzen ere. Liburuak CD-a ere badakar, Baserriren boça ta kantaera jasotzeko.
Hona hemen Basarrik 1963ko ekainaren 30ean Orion kantatu zuen azken agurreko bertsoa:
Saio politak egin ditugu
geure euskera apaiñian,
pozaren pozez sartu bait gera
Orioko jardiñian.
Errespetuan egon zerate,
ixilik zorionian.
Eta biotza alaitutzen da
au ikusitzen danian.
Gaur bezelaxe bildu sarritan
alkarren aldamenian;
gure paltarik ez da izango
osasunik degunian.
Gauza oberik bai ote dago
ezer gaurko egunian?
Anaitasunez danok bilduta
maitasun ederrenian.
Aurrera beti, aurrera gogor,
lengo bide zuzenian.
Orixe eskatu nai dizutet
Jainkuaren izenian.
Aspertu eziñik ari giñezke
ementxe kantu-lanian.
Agur anaiok, agur arrebak.
Deitu nai dezutenian.
Arantzazuko eliza berria egiteko lehenengo harri jartze-ekitaldi egunean hau bota zuen:
Triste daukatan barren oni
pixka bat nai diot bultza.
Askatu bedi une onetan
nere adimen amutsa.
Ainbeste jende aundin artean,
jaunak, auxe bada lotsa!
Biotz guztian asia daukat
alakoxe xurrit-otsa.
Itz egin nahi ta ezin tajutu
bertsolarian biotza.
Jakitez ere utsa izaki ta
gauza onek ber dun agurtza.
(…)
Hortxe hirur celebrity, aspertu ezinik eder-lanean! Oinetakoen erregea, edertasunaren erregina, eta bat bateko hitz neurtuen nagusia! Biba zuec!
Zeharbidetan
2020-04-08 // bAst // Iruzkinik ez
Zeharbidetan
Orain hamabortz urte argitaratu zen lan berezi hau, Pamiela Phonogauzak sailean, Littera&musika/2 izenburuarekin, hitza eta musika, biak, biltzen dituen disko-liburu honetan. Jose Angel Irigaray eta Antoni O’Breskey dira egileak. Hitzak oro dira Jose Angel Irigaray olerkari ezagunarenak. Hamahiru olerki dakartza, euskaraz, eta itzulpena ingeles, gaztelania eta frantsesera. Musika Antoni O’Breskey musikari eta pianojolearena da. Firenzen sortutako Antonio Breschi, areago musikari dagokionez, irlandar sentitzen da, hortik darabilen izen artistikoa: Antoni O’Breskey. Diskoak bi egile horiek ditu zutabe, baina badu kolaboratzaile onik ere: Dabiré Gabin kantari eta musikaria, Burkina Fasokoa; Ronnie Drew irlandar kantari ospetsua,; Benito Lertxundi kantari ezaguna; Davide Viterbo italiar violoncello joile dohaindua. Halaber hor dira musikari hauek ere: Biancastella Croce, Vincenzo Deluci, Alain Griffith, Joe McHugh, Bingen Mendizabal, Alex Ruiz de Azua, Garbiñe Sagastibeltza eta Ali Tajbakhsh. Hauek dira hamahiru olerkien hasierak. Dastaketa metodoari leku eginen diogu oraingoan ere:
Bai antxeta, bai
gero eta beltzago, indioago
baleago, txoriago, fagoago
naiz sendi
ametsaren hegaleko ilusione urdin huntan…
Dabiré Gabin eta Jose Angel irigaray
Menturaren buruan
urrezko ardilarru eta arrandikeriatik urrun
unatua, sumindua, ia etsiatua
zolda eta zikinez erantzia…
Izan zindezkeen ohol bidaria uhaldean edo
bultzi batean eremu berriak idekitzen
ametsak zeharkatzen ontzi batean
itsas zabaletan gaindi…
Zeharbidetan ibilki
taupadak lurrean pizgarri
bizi kantaren airean
hatsak oro eder eta jori…
Zer ordena gero!
Noiztik dago ordena biziaren gainetik?
Bizia mugatzen, zikiratzen eta irotzen duen ordena!
Ez horixe!
Joan, oro doa
oro dator, jin
orain, beti
Eta kondairaren ihauteriaren hasieran sua dantzari zen
eta ura kantari
hutsaren gauean
denboraren mugan…
Zure bitartez naiz jende, Euskara
zure bitartez bizitzen
hizkuntzak oro preziatzen
elkartasunean loriatzen…
Haizegoa udazkenean
Zuhaitzez maitemindua
Non zaude maite,
Existentziarekin jostan?
Zure jokoetarik bat, madame?
Faites vos jeux!
Guk denboraren taupadak senditu ohi ditugu
ortzemugari beha itsasoan, infinitoaren ertzean
euriak laztantzen gaituenean
eta kondairaren itzuli mitzulietan
gatoz eta goaz abantxu oharkabean…
Agintari onenak
preso daduzkate,
euskalduna izatea
du bakoitzak kalte…
Bakearen alde dena zezakeen saldu
bizitzarentzat are erosi heriotza,
nekaturik nago
paradisuaren menturan
kaosaren bordelan nahi nuke nire burua galdu…
Eta agora hartarat iritsi naiz
hain entzutetsua den agora hartan
amets eta oroitzapen ezin konda ahala
gutiz gehienak merkatuan erosi eta salduak…
Nire ametsean emakume eder bat dakusat
hariak eri artetan, ehungintzan,
Penelope bat bailitzan
gauez ehundurikoa
desehuntzen biharamonean…
Ondo egindako lana betiko bada, hau ere hala izanen da, hortaz ez da harritzekoa bigarren edizio bat atera izana. Bertze asko ere opa dizkiogu, talde lan onean egindako lan bikain honi.
Izan ere, ez da erraza horrelako jende ona bateratzea, disko-liburu bat egiteko.
Goza ezazue eta zeharbidetan ibil zaitezte, delizia bat baita
Vimalakirtiren Sutra
2020-04-04 // bAst // Iruzkinik ez
Vimalakirtiren Sutra
Urrutiko gauzak beti exotikoagoak egiten zaizkigu, izan paisaiak, izan jakiak, izan eraikinak, izan edozer. Liburuekin bertsu. Baina bertze ikuspegi horiek, kanpotikakoek, aberasten gaituzte eta osatzen. Oraingoan hemen dugu Vimalakirtiren Sutra izeneko lana -Vimalakirtik azaldutako pentsaezinaren doktrinaren hitzaldia eta Askapen pentsaezinaren sutra-. Liburu hau literatura budistaren maisulan bat da. Ibaizabal argitaletxeak ateratakoa, Erlijioen jakinduria sailean. Sail horretakoak dira honako hauek, besteak beste: Korana; Budaren hitza; Dao De Jing; Analektak; Zen tradizioko idazki hautatuak; Ebanjelio Apokrifoak; Barneko Liburua (Fihi Ma Fihi); Bhagavad-Gita; Hitz Ezkutuak & Ziurtasunaren Liburua; Upanishad hautatuak; Erreforma protestanteetako idazkiak; Zoharreko idazki hautatuak; Patanjaliren sutra; Talmud, Midrash eta Mishnako idazki hautatuak,…
“Sutra” hitzak hitzaldi esan nahi du, Budak edo honen gertuko dizipulu batek emana.
Sutra honetan Buda agertzen bada ere, protagonista nagusia Vimalakirti da, Vaisali hiriko laiko bat. Mahayana-ren budista idealaren erakusgarria da. Hirian bertze edozein laiko bezala bizi den arren, guztiz emana dago Dharma (Budaren irakaspena) praktikatzera, mundu guztiaren onerako. Bodhisattva heroi espirituala da.
Bosgarren kapitulutik, Manjushriren bisita izenekotik, pasarte batzuk ekarri ditugu hona. Beltzez markatu ditugu esaldi batzuk, irakurketa errazteko.
Gaixotasunaz
Vimalakirtik esan zion:
“Ongi etorri, Manjushri! Etorri gabe zatoz, eta ikusi gabe ikusten zaitut”.
Manjushrik erantzun zion:
“Horrela da, etxeko jaun zintzo. Datorrena ez dator jada. Doana ez doa jada. Zergatik? Datorrenak ez duelako nondik etorri, doanak ez duelako nora joan, eta ikusgaia ezin delako gehiago ikusi.
“Utz ditzagun, baina, kontu hauek alde batera eta esadazu, etxeko jaun zintzo: Nola sentitzen zara? Jasangarria egiten al zaizu zeure gaixotasuna? Hobera egiten al duzu? Ez al duzu okerrera egiten? Mundu Osoak Ohoratuak, bere arduratasun mugagabean, zure osasunagatik galdetzeko bidaltzen nau.
“Etxeko jaun zintzo hori, zein da zure gaixotasuna? Nondik dator? Zenbat gehiago iraungo du? Nola senda daiteke?”.
Vimalakirtik esan zuen:
“Nire gaixotasuna, izaki bizidunen ezjakintasunetik eta izateko desiotik dator, eta bi hauek irauten dutena irauten du. Gaixorik banago izaki guztiak gaixorik daudelako da; aitzitik, egongo ez balira, nire gaitza iraungita egongo litzateke dagoeneko.
“Zergatik? Izaki bizidun guztien onurarako sartzen delako bodhisattva jaiotza eta heriotzaren eremuan; eta jaiotza eta heriotzaren eremuan gaixotasuna dago. Izaki bizidun guztiak gaixotasunetik askatuko balira, bodhisattvak gaixo egoteari utziko lioke.
“Seme/alaba bakarra duen jaun gorena bezalakoa da: seme/alaba gaixotzen bada, aita eta ama gaixotu egiten dira, eta semea/alaba sendatzen bada, aita eta ama sendatu egiten dira. Horrelakoa da ere bodhissattva: izaki bizidun guztiak eta bakoitza bere semea/alaba bakarra balira bezala maitatzeagatik, horiek gaixotzen direnean gaixotu egiten da, eta haiek sendatzen direnean, sendatu.
“Gaixotasunaren kausa zein den galdetzen didazu, Manjushri. Jakin ezazu bodhisattvaren gaixotasuna bere gupida handiak kausatua dagoela”.
Hustasunaz
Manjushrik galdetu zion:
“Etxeko jaun zintzo hori, zergatik dago hutsik eta zaintzailerik gabe egonleku hau?”.
Vimalakirtik erantzun zion:
“Budaren lurrak ere hutsik daude”.
Manjushrik: “Zergatik daude hutsik?
Vimalakirtik: “Hutsik daude hutsak direlako”.
Manjushrik: “Hutsa dena hutsik egon al daiteke?”.
Vimalakirtik: “Hutsa da bereizketaz hutsik dagoelako”.
Manjushrik: “Hutsaren bereizketa egon al daiteke?
Vimalakirtik: “Bereizketa ere hutsa da”.
Manjushrik: “Non bila dezakegu, orduan, hutsa?”.
Vilamakirtik: “Hirurogeita bi ikusketa okerretan bila dezakegu”.
Manjushrik: “Non bila ditzakegu hirurogeita bi ikusketa okerrak?”.
Vimalakirtik: “Buda guztien askapenean bila ditzakegu”.
Manjushrik: “Non bila dezakegu buda guztien askapena?
Vimalakirtik: “Izaki guztien gogaketan aurkitu behar dugu”.
Vimalakirtik jarraitu zuen:
“Zergatik ez dagoen zaintzailerik ere galdetzen didazu, adiskide onbera. Hara, nire zaintzaileak Mara guztiak eta doktrina heterodoxoen sinesle guztiak dira. Izan ere, Marek bizitza eta heriotzaren eremuan hartzen dute atsegin, eta bodhisattvak ez du bizitza eta heriotza errefusatzen; eta doktrina heterodoxoen sinesleek ikusketa okerretan hartzen dute atsegin, eta bodhisattva ez da ikusketa okerretik aldentzen”.
[ Izenaz eta formaz]
Adore emateaz
Orduan Manjushrik galdetu zion:
“Nola adoretu beharko luke bodhisattva osasuntsuak gaixorik erori den bodhisattva?”
Eta Vimalakirtik erantzun:
“Esanez gorputza iraunezina dela, baina gorputza gorrotatzera eta bertan behera uztera eragin gabe; esanez gorputza sufrimendu-iturri dela, baina iraungitze lasaiaren zoriontasuna bilatzera eragin gabe; esanez gorputzak ez duela “nirik”, baina izakiei garatzen lagun diezaiela galdeginez; esanez gorputza hustasunaren lasaitasunean aurkitzen dela jada, baina lasaitasun gorenean iraungitzera eragin gabe; esanez bere iraganeko hutsegiteez damu izan behar duela, baina hutsegiteok iraganetik ezaba ditzala ere eskatuz; esanez bere gaixotasuna eredu gisa hartu eta hurkoaren gaixotasunez errukitzeko erabil dezala, baina eoi mugagabeetan zehar, besteak laguntzeko, iragan bizitzetan pairatu izan dituen sufrimendu guztien kontzientzia har dezala ere; esanez burutu izan dituen egintza on guztiak gogoan har ditzala, baita goibeltasunean eta samintasunean eror ez dadin eraman izan duen bizitza zuzena ere; eta esanez izaki bizidun guztien gorputzaren eta gogoaren eritasun guztiak osatzen dituen Medikuntzaren Errege handia izateko harturiko botoa betiere egunera dezala. Horrela adoretzen du bodhisattva osasuntsuak bodhisattva gaixoa, zoriontsu egiteko moduan adoretu ere”.
Gaixotasunaren erroaz (I): “nia” eta “nirea”
Manjushrik galdetu zion:
“Etxeko jaun zintzo hori, zer egin behar du bodhisattva gaixoak bere gogoa gozatzeko eta menderatzeko?”
Eta Vimalakirtik erantzun:
“Gaixotasun hau hasierarik gabeko iragan denboretatik gertaturiko gaizki-ulertze batean zeharo nahasi izanetik sortua da. Hain zuzen ere, gaixotasun hau iraganeko bizitzetan zehar izandako lilurazko pentsamenduek jaregindako grina eta saminetatik sortua da. Baina haiek ez dute benetako existentziarik. Zergatik existitzen da orduan gaixotasuna? Existitzen da, gorputza –eman izan diogun izen hitzartuari eustearren- lau elementuen bat-egitea delako; baina lau elementu hauetatik bat ere ez denez besteen jauna, gorputzean ez da “ni” dei geniezaiokeen inongo jaunik. Hain zuzen ere, ‘niari’, gorputzaren jauna ez den zerbaiti, ideia bati atxikitzen gatzaizkiolako, sortzen da gaixotasuna. Hori ekiditeko, beraz, ‘niari’ atxikitzea ekidin behar da”.
“Gaixotasunaren erroa behin ulertuta, eta norberaren nahiz besteren ‘niaren’ ideia oro errotik aterata, gorputza nortasun gisa hartzeari utzi eta fenomeno ez-pertsonal gisa hartu beharko luke gogoan, berekiko honela hausnartuz:
“Gorputz hau fenomeno ezberdinen agregatua baino ez da; bere jaiotza fenomeno batzuen jaiotza baino ez da, eta bere iraungitzea fenomeno batzuen iraungitzea baino ez da; gainera fenomeno hauek ez dute bata bestearen existentziaren kontzientziarik, jaiotzen ari direnean ez baitiote elkarri iragartzen ‘jaiotzen ari naiz,’, ezta, iraungitzen ari direnean, ‘iraungitzen ari naiz’ ere”.
“Horrela, bada, “niaren” ideia baztertzen den bezala, “fenomeno”aren ideia hau ere gaizki-ulertutzat baztertu beharko luke gaixorik dagoen bodhisattvak, berekiko honela hausnartuz:
“’Fenomenoaren ideia hau errealitatearen itxuraldatzea da, eta errealitatearen itxuraldatzea gaixotasun larria da. Beraz, gaixotasun honetatik libratu behar dut. Izaki guztiak gaixotasun honetatik libratu behar ditut.
“Nola libra naiteke, baina, gaixotasun honetatik? ‘Nitik’ eta bere proiekziotik libratuz.
“Nola libra naiteke ‘nitik’ eta bere proiekziotik? ‘Ni’ eta ‘nirearen’ dualtasunetik libratuz.
“Nola libra naiteke ‘ni’ eta ‘nirearen’ dualtasunetik? Fenomenoak barnekoak eta kanpokoak direlako ideiatik libratuz.
“Nola libra naiteke fenomenoak barnekoak eta kanpokoak direlako ideiatik? Berdintasun printzipioari eutsiz.
“Nola eutsi ahal diot berdintasun-printzipioari? ‘Nitik’ iraungitze lasairainoko fenomeno guztiak berdintzat joz.
“Zergatik jo behar ditut berdintzat? ‘Nitik’ iraungitze lasairainoko fenomeno guztiak berdinak direlako beren hustasunean.
“Zergatik dira hutsak? Izen hutsak baino ez direlako eta ez dutelako izaera finkorik.
“Horrela, bada, berdintasun-printzipioari eusten diodan bitartean, hustasunaren gaixotasuna baino ez da geldituko; eta hustasunaren gaixotasuna ere hutsik dago”.
Bodhisattvaren boto handiaz (I): gupida handia
“Baina gaixorik dagoen bodhisattvak, sentsazioa ez-sentsazio gisa atzemanez azken buruan, sentsazioaren hiru alderdietatik libratzen bada ere, ez du inolaz sentsazio oro iraungiarazi eta iraungitzearen lasaitasuna azkendu behar. Aitzitik, Budaren legea bete-betean konplitu arte, sentsazio guztiak nahita nozitu behar ditu, baita mingarriak ere, gupida handia azaltzea nahi baldin badu. Horrela, izaki bizidunen sufrimendu zenbatezinak bere sufrimenduan bertan atzemanez, gupida handiak eraginda, existentziaren beherengo patuetan aurkitzen diren izakiengan honela pentsatu behar du: “Neure gaixotasuna azpiratu dudalarik, gainerako izaki bizidunen gaixotasuna ere azpiratuko dut”.
Editorearen erreseinak honela dio liburu honi buruz:
Vimalakirtiren Irakaspenaren Sutra garraiobide handiko (mahayana) budismoaren altxor nagusietako bat da. Hustasuna (shunyata) edo bitasun-ezaren doktrina eta berau haragiztatzen duen argitzapenaren heroi espirituala (bodhisattva) ditu hizpide nagusi. K.o. II. eta III. mendeen bitartean, Indiatik Txinara sartu zen monje ibiltarien eskutik, bere eragina indartsu sentiaraziko zelarik garai guztietako ekialdeko zirkulu erlijioso, intelektual eta artistikoetan. Jorratzen dituen gaien sakontasunaz gain, kontaketaren estilo dramatiko erakargarria da sutraren arrakastaren arrazoietako bat. Beste bat, bere pertsonaia nagusiaren laikotasuna eta egundoko abilezia: ez da munduan Vimalakirtirekin topo egin eta, haren irakaspenak entzun orduko, bihotza goreneko argitzapen oso eta perfektura bideratuko ez dionik.
Liburuko pasarte horien bitartez dastaketa eginda, norberaren esku dago, liburua irakurtzea edo ez irakurtzea. Ongi ibili!
Lucia eta Luzia: iorestoacasa
2020-04-01 // bAst // Iruzkinik ez
Lucia eta Luzia: iorestoacasa
Confinati, esiliati nelle case. Horrelaxe gaude, bai. Kanpotik heltzen zaizkigun albisteen zain. Addio a Lucia Bosé, bellissima con la passione degli angeli. Eta egunkari berean: Lucia Bosé, da musa di Visconti a diva intellettuale dai capelli blu. Lucia Borloni (questo il suo vero nome) zendu da.
Lucia Bosé aktorea 89 urterekin eta Luzia Goñi bertsolaria 91 urterekin hil dira, bateratsu. Bata Milanen jaioa, bestea Aizarotzen, Nafarroako Basaburuan. Biak artistak, biak ederzaleak. Bata fama handikoa. Bestea ez hura hainbatekoa. Biak plazandreak.
Lucia Bosé, miss Italia 1947 izan zen eta hamaika filmetan aktore. Federico Fellini, Taviani, Bolognini, Marguerite Duras, Pere Portabella eta beste zuzendari askorekin lan egin zuen. Arrakasta ezagutu zuen.
Feb 09, 2010 – Rome, Italy – Actress LUCIA BOSE at the recording of the Italian talk show ‘Porta a Porta’ on the subject of the Rai Uno mini-series ‘Capri (Newscom TagID: zumawirewestphotosthree223016) [Photo via Newscom]
Egun batean, dena eta denak utzi eta Brieva-ra joan zen bizitzera. Etxe azul umil batean egin zuen erretiroa, buruko ilea bezain azul; azula Bimba bilobaren omenez, bularreko minbiziak jota hil baitzen 41 urterekin. “Bimba izan zen, jarri zidana berde, hori, bioleta eta egun batean azul. Gustatu zitzaidan eta horrelaxe utzi nuen” esan zuen bere azken elkarrizketan.
Brievan pasako zituen noski bizitzako urterik onenak Luciak. Egile-zinearen musa bihurtu ostean eta arrakasta ukitu ostean, “zezenlari matxista” batekin -horrela deitzen zion Luis Miguel Dominguini- ezkontza-bizitza ekaiztsu bat bizi ostean, Segoviako herrixka honetan aurkitu zuen erabateko lasaitasuna.
Asko maite zuen pintura eta horretara emana egon zen. Pablo Picassorekin harreman estua izan zuen. Aingeruak ere txit maite zituen. Haiengan asko sinesten zuen, eta hala, gai horri buruzko munduko lehen museoa ireki zuen.
Italia aldean gabiltzanez, hizkuntza italiera zuten guraso batzuen alaba Alfonsina Storni olerkariaren “Ene hilobirako epitafioa” ekarri dugu hona, 1925ean idatzia, Xavier Boveda-k euskaratua eta Idatz&Mintz-en 2015ean argitaratua.
Hemen natza: epitafio argi hori diotso
Alfonsinak makurtzen denari.
Hemen natza, eta hobi honetan,
sentitzen ez baitut, gozatzen dut, ase naiz.
Begi lauso hilak ez dira itzultzen,
ezpainek, askaturik, ez dagite zizpururik.
Luze eta zabal lo dagit sekulako;
hots egiten didate baina ez dut jiratu gura.
Lurra gainean dut eta ez dut igartzen
negua heldu da eta ez nau haizeak hozten.
Udak ez ditu nire ametsak ontzen
udaberriak ez dit taupadarik arintzen.
Bihotza dardara, jauzi, pilpirarik gabe
gudu-zelaiaz lekora nago.
Zer dio, bidaiari, hegazti hark?
Itzul iezadazu haren kantu nahaslea.
“Ilargi berria jaio da, itsasoaren lurrina,
gorputz ederrak bitsez estaliak.
Badoa gizon bat itsaso ondoan
erle milikari zoro bat duelarik ahoan:
Oihal zuriaren azpian gorputzak nahi du
dardaraka hiltzen den beste gorputz hura.
Marinelek amets dagite branketan
neskak kantuan dira txalupetan.
Ontziak itsasoratzen dira eta haien koba argietan
gizonak lur berrietarantz doaz abian.
Emakumeak, ametsetan lo baitago,
eta bere epitafioan bizitzari barre egiten baitio,
emakumea denez, beste gezur bat ere irarri zuen
bere hilobian: asebetea zen”.
Argazkia: Dani Blanco- Argia-
Luzia Goñi bertsolaria izan zen, eta hamaika ofiziotan jardun zuen. Etxetik bertatik jaso zuen lehen bertso-pindarra, eta ondoren, Errenteriako Retegi tabernan lanean zebilela, maiz entzuten zituen hara joaten ziren bertsolariak, Uztapide, Jose Joakin Mitxelena,…eta zaletasuna barneraino sartu zitzaion. Si affrezionò ai poeti popolari Uztapide, Mitxelena,…
Bere bertsogintzaz hau esan ohi zuen Luziak: Bihotzetik ateratzen direnak dira nire bertsoak. I miei versi escono dal cuore.
Eta lehengo garaiei buruz honako hau: Lehen, beldurragatik, gauza asko ez ziren egiten. A quel tempo, per paura, non hai fatto un sacco di cose.
Hamalau ofizio hamabost miseri
Hori gertatu zaio beti Luziari
Lenengo arrantzale gero sukaldari
Zartu ta ondorean hasi naiz bertsolari
Quattordici uffici quindici miserie
Quello è sempre successo a Lucia
Prima percivendolo poi cuocere
Dai vecchi inizi a cantare versi
Lucia Bosék idatzi ere egin zuen: Poemas de somosaguas liburua, esaterako.
Beti izan dut beldurra
edozer hasteko
baita koaderno hau hasteko ere
jartzen baita kolore-kolore
hasi naiz idazten zerbait ere
Adelante!
Adelante!
izan zen harritu ninduen lehen hitza
herrialde honetara heltzean,
beti gogorarazten dizkit
Don Kijote
eta haren haize-errotak
Hala ba, adelante!
ene pentsamenduen ataburua
zain daukat.
Adelante. Bizi dugun giroarekin aspertuxea dagoenarentzat, hemen zerbait kontsolagarri:
L’Italia in agonia per il coronavirus offre il suo aiuto alla Croazia colpita dal terremoto.
Albiste laburra: Alarma egoeran pokemonen bila zebilen gizona zigortu dute. Honekin batera: Chris Hemsworth eta Elsa Patakyren entreno appa dohainik 6 astean. Infomedia, neologismo válido. Txakurtxo bat aloka dezakezu kalera irten ahal izateko.
Luzia Goñi taloak nola egin irakasten ari zaio Lucia Boséri, honek Picassorekin izan zuen harremana kontatzen dion bitartean. Luciak bizkor ikasten du eta hasia da bertsotan ere, zortziko txikian italieraz. Esana dio birritan: Luzia, mettiti i capelli blu come me. Urdina baino hobe azula!
Memeloqueryac
2020-03-28 // bAst // Iruzkinik ez
Memeloqueryac
Egun hauetan mezu asko iristen ari dira. Horietako batzuk gaixotasunari buruzkoak, nola eragiten duen gorputzean, zein izango den egoera laster, etxean geratu, metro eta erdi, behar-beharrezkoa baldin bada bakarrik, isuna izango da, etxean umeekin jolastu, eta bideoak ere bai, familia bat nor bere musika-tresna joz, bertsoak, denon artean lortuko dugu, hau ez da berriketa. Beste batzuk memeloq hutsak. Txisteak ere bai. Ba al dakizu zer gertatu zaion Peperi? Garagarno enpresa batean lan egiten du eta hogeita hamar mila litro garagarno zegoen zisterna batera erori da. Lagunak erantzuten dio, bai heriotza negargarria. Eta kontatzaileak, ez, ez, ez da hil, hiru bider atera da txiza egitera. Ja! Barre algara. Baina, baina, nola konta daitezke txisteak gauden egoeran egonda? Ene! Hau serioa da! Jendea hiltzen ari da! Arnastu ezinda dago ospitaleetan! Beste txiste bat. Haurdun geratu ezin duen emakume bat joan da komentura… Zuk ahal duzu eta gera zaitez etxean, ni erizaina naiz, lanera joan behar dut, hura izugarria da! Norberari egokitzen zaionean izugarria da dena, eta ez zaionean, txistea edo “pasakoda” bat. Eztula, sukarra, ui ui ui, zer ote da… ene! Hau estutasuna, hau! Norbera gaizki dagoenean, eta luzaroan, gauzak beltz ikusi ohi dira. Hori ongi adierazi zuen Gabriel Korta poetak, “asun beltzezko koroa” jartzen duela hondoa jota urtetan dirauenak. Hau da, hau! Koby zikiñ onec erotu, erasotu eta acabatuco gaitu! Elcho nazcagarry ikuseçiña! Gure arauac austera datorrena. Guk hi acabatuco haugu vai! Bertze irri-egingarri bat heldu da mezuen postontzira: Eskuak garbitu behar direla eta, hainbertze garbitu ditut ezen orain 29 urte Darling dantzalekura sartzean ezartzen zuten ikonoa agertu baitzait. Jajaja! Berehala heldu da erantzun bat taldera: Bertçe memeloquerya bat. Igorlearen buelta: Gauza seriosak nahi badituzu, joan zaitez hileta batera, han guztia da oso seriosa! Ene! Nola dagoen girue! Orain hiletak ere murriztuta daude, beharbada ez dugu hilartitz edo epitafiorik ere izango, auskalo zer nolako hilkutxa jarriko diguten, gure azken bidaia egiteko. Turismo agentzietatik heltzen zaigun mezua hau da: Ez ezazu ezeztatu bidaia, atzera ezazu. Horretan saiatuko gara ba! Erraça ez da izango. Behar-ordu estua hel daiteke, beldurrak illic egon gaiteçque, bihotza beldurpean, ezin arnasaric hartu, estu naiç! Bihotç estutu onec zer noraco izanen du? Garai hartan modan zegoen Darling dantzalekura joatea eta levi’s galtzak janztea, haiec garayac! Darling memeloq hori birala eginen da ziurrenic. Une hauetan jende askok gogoratuco ditu han biçitaco une gozo gogoangarriyac. Une hauetan biçitçary errepaso eguiten zayo. Balcoyetan icusten dut jendea zigarroac erretçen, pixka bat lasaitçeco eta lapicoac astintzen. Ez dira ausartzen kalera irteten, agintaritzaren patruilak gera zaitzake eta isun latza jarri. Lanera bai, paseora ez. Gizon bat egunero jaisten da kalera zigarro bat edo lau erretzera, alkantarilla (estolda-zulo) baten ondoan jartzen da eserita, laneko buzo urdina jantzita eta agintzaritza etortzen zaionean llaveinglesa (giltza ingelesa) ateratçen du eta hura konpontçen ari dela esaten die. Emakume batek bere ahaide guztientzat egiten ditu erosketak eta hala denei galdetçen die gauza bera, quezcatuta baitaude etchean, autoa dela eta: zer da hobea, diesela, gasolina ala electricoa? Esaera da: “Çaharrac escapuric eç eta gazteac segurantziric eç”, baina denok batera lortuco dugu, lortuco dugu. Bilobac aitonari, çerura begira dagoela: lainoac mugitzen dira. Bertze memeloq bat heldu da uaxaq bideç: Koby gaitzaz kutsatuta dauden guztiac sarrera doan izanen dute igande arratsaldean, Darling dantzalekuak ateak irekiko baititu, hogei urte itxita egon ostean, eta barra librea izanen da. Ondoren, inguruco jateche batean Azquen afariya: saguxarra saltsan. Azken dantza hau… Balkoitik begiratçen dut eta pareko balcoy batean aurpegi eçagun bat aurquitçen dut: Greta Thumberg !