Lazzaretto vecchio
Hasiera » Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio

Behinola

2022-12-01  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Ilustrazioa: Concetta Probanza

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea 1990ean sortu zen. Bi helburu nagusi ditu: haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea eta euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea eta ezagutaraztea. Elkartean, literaturaren alor horretara modu batean edo bestean lotuta dauden hainbat profesionalek parte hartzen dute, hala nola, bibliotekariek, irakasle eta ikastetxeek, kultur dinamizatzaileek, kultur eta euskara teknikariek, argitaldariek, ipuin kontalariek, idazleek, itzultzaileek edota ilustratzaileek. Finean, euskarazko Haur eta Gazte Literaturarekin harremana duen edonork parte hartzen du.

[…]

  1. urtean aurrera sortu ziren egun elkartearen ardatz bihurtu diren egitasmo nagusiak: Liburuen Altxorra/Liburu Ibiltariak eskola txikietara bideratutako egitasmoak; Liburu Gaztea sariketa (gaur egun book trailer lehiaketa); literatur aretoak; Haur Literatura mintegia; Bularretik Mintzora (gaur egun Mintzoan Kux-kux bihurtua); Klis-klasikoak liburu eta app bilduma; Booktuberboom plataforma eta lehiaketa; MarraziOak eta Biko-Teka sortzaileentzako topaketak; Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak…  Aipatu egitasmo gehienak erakunde publikoen laguntzari esker gauzatzen ditu. 

Argitalpenei dagokionez, Galtzagorrik urtean bitan argitaratzen du Behinola, Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko aldizkari bakarra. Bertan, artikulu eta erreportajeez gain, liburuen iruzkin literarioak biltzen dira.

[…]

Hitzaurrea

Elkarrizketa nagusia

RAMON SAIZARBITORIA

Galtzagorri albiste

Ikusi Mikusi azokaren bigarren edizioa antolatzen ari gara

Aurrera goaz Gonagorri podcastarekin

Sormenez

Peru Magdalena eta Begoña Durruty

Lau eskutara

Nire mundu propioan

Xabiroi, magoen biltzarra

Iruzkinak

Kuttuna

Lander Majuelo

Zer ekarriko?

Mikel Ayerbe

Denbora-pasa

Iñaki Landa

Kolaboratzaileak

Andere Garabieta, Iñaki Landa, Dani Fano, Peru Magdalena, Lander Majuelo

Ilustrazioak: Begoña Durruty

 

Hitzaurrea

Elkarrizketa nagusia

ANNA JUAN CANTAVELLA

Galtzagorri albiste

Galtzagorriren bazkidetza eta Behinolaren harpidetza igoko ditugu

‘Hizki Hazka’, alfabetoa ardatz hartzen duen areto literario berria egin dugu

Gonagorri podcast-a sortu dugu

Sormenez

Antton Kazabon eta Asier Iturralde Gastón

Lau eskutara

Haurren irakurketa klubak

Konplizeak

Iruzkinak

Kuttuna

Kuttuna, Eli Zaldua

Zer ekarriko? Karla Fernández de Gamboa Vázquez

Denbora-pasa

Begoña Durruty

Kolaboratzaileak

Antton Kazabon, Asier Iturralde Gastón, Patxi Zubizarreta, Begoña Durruty, Mari Garcia, Eli Zaldua.

 

Esteka

Liburu baten aurkezpena   

“Irakurketa sustatzen” izeneko eta hiru liburuxkaz osatutako bilduma idatzi zuen Itziar Zubizarretak eta Galtzagorri elkarteak  plazaratu 2009tik 2011ra bitartean.

Liburu baten aurkezpena izan zen horietatik lehena. Liburu bat aurkeztu, deskribatu eta izendatzeko gida txiki bat egin zuen bertan Zubizarretak.

Liburuxka honen ilustrazioa Ignasi Blanchek egina da.

Sasi Guztien Gainetik CD-liburuxka (galtzagorriren webgunetik)

Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan sortu zen Sasi Guztien Gainetik CD-liburua. Haur jolas eta kanta bilduma hautatu batekin batera, tradiziozko ipuin bilduma bat eskaintzen zaie lan honetan guraso eta hezitzaileei, haurrekin partekatzeko.

Liburuan aipatu ipuin, hitz jolas eta kantuen testu guztiak biltzen dira, baita hauen erabilpen oharrak ere. CD-an pieza guztiak grabatuta daude, musika egitura batez bildurik. Baina helduen eredu izan nahi duenez, ahotsa gailentzen da, irakurketaren bitartekari diren helduek testu hauek erraz ikasi eta neska-mutilei transmititu diezaieten.

CD-liburu honetako testuak 5 urtetik aurrerako haurrekin erabiltzeko aproposak dira.

Lan hau Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren arteko lankidetzari esker jaio zen.

 CD-liburuaren egilea Itziar Zubizarreta da, musika Zuriñe Fernandez Gerenbarrenak konposatua eta Elena Odriozolak ilustratua. CDaren grabazioa Eresbilen egin zen Jon Miner teknikariarekin. Bertan, Pello Añorga, Yolanda Arrieta, Juan Kruz Igerabide, Jaione Lizarazu eta Itziar Zubizarretaren ahotsen bitartez, kantak, jolasak, esku jolasak eta ipuinak grabatu dira. Horien guztien letrak eta erabilerarako oharrak biltzen ditu gainera CDarekin batera doan liburuak.

2011tik hasi eta 2015era arte haurrentzako hainbat Irakurketa agenda plazaratu zituen Galtzagorri elkarteak. Hainbat ilustratzailek irudiztatu zituzten.

 

KLIS-KLASIKOAK (galtzagorri web)

Sortu zenetik Galtzagorrik martxan jarritako proiektuen bidez, euskarazko haur eta gazte literaturako sortzaileekin, argitaletxeekin, bitartekariekin eta haur eta gazteekin harreman zuzena izateko aukera izan du. Horregatik, elkartea euskarazko haur eta gazte literaturaren egoeraren lekuko paregabe bihurtu da. Ikuspuntu honetatik, euskarazko haur eta gazte literaturan sumatzen zuen gabezia handi bati aurre egin nahi izan zion KLIS-KLASIKOAK izeneko liburu sortarekin: hain zuzen, haur eta gazteek autore klasiko unibertsalak nahiz euskal autore ezinbestekoak euskaraz irakurtzeko aukera izan zezaten bermatzea.

 

Hona hemen MARRAZIOAK XIII tailerrak emandako fruituen lagin bat:

 

Galtzagorriren webgunea www.ibbygaltzagorri.eus

Gonagorri podcasta https://www.ibbygaltzagorri.eus/eu/gonagorri-podcast-a

 

Ezkutuan dagoena

2022-11-25  //  Juan Luis Aizpuru Beristain  //  Iruzkinik ez

 

Itsasoa garraxika ari zait

 

Itsasoa garraxika ari zait.

Ekaitza ekarri du.

Olatuek barra berria jan nahi dutela dirudi.

Goiko argi gorria da

Une honetan antzeman dezakedan bakarra.

Antila bera ere zaztarrez beterik dago.

Hondarraren arrastorik ez.

Dena zikin, dena beltz.

Kukuarri behe lainoak irentsi du.

Itsaspeko bidea ez da ikusi ere egiten.

Desagertu da.

Dena ilun, dena beltz.

Itsasoa garraxika ari zait,

negarrez.

Dena hautsi nahi du.

Txikitu.

Mila puska egin.

Ez du amore emango.

Haserre dago.

Ilun, beltz.

Itsasoa garraxika ari zait,

minduta.

Ez du ezer ulertzen.

Lehertu egingo da.

Itsasoa garraxika ari zait.

Negarra ekarri du.

Olatuek barra berria jan dute.

Goiko argi gorria desagertu da.

Ez dago.

Antila,

Hondarraren arrastorik ez.

Dena zikin, dena beltz.

 

Marrazkilaria: Elene Tamayo Irigoyen

 

Iluntasunetik argirantz

Iluntasunetik argirantz ote goazen iruditzen zait. Kimioaren eragin nabarmenenak atzera utzi ote ditugun. Buruko zapiak erosi ditugu. Txapela pare bat ere bai. Inauteriak datozela eta mozorroekin jolasteko moduan. Gutxiago falta da. Aurreraka hasi gara.

Gutxiago falta da.

Aurreraka hasi gara.

Etorkizun.

Poztasun.

Alaitasun.

 

Gutxiago falta.

aldaparik latzena,

atzeraka.

 

Izango dira

malda garratzak,

ospelak,

saminak.

 

Izango dira

Une motelak

Tristeak

Goibelak.

 

Izango dira

Isilune

Luzeak

Amaigabeak

 

Izango dira

belzgune

fuerteak

amaigabeak.

 

Baina, Aldaparik latzena

atzeraka

doa.

 

 

Erabaki dut

Badut esperantza berri bat.

Bai eta bestelako poesia egiteko grina.

Zoriontasuna ez dago,

ordea,

norbaitengan…

Zoriontasuna

guztiaren batuketa da

eta

bakar batean oinarritzeak

hankamotz uzten zaitu.

 

Ni gaur zoriontsu nago,

baina herenegun ez

eta bihar

ez dakit…

Baina daukadana ondo heltzen

ikasi dut.

EZ DIOT IHES EGITEN UTZIKO!!!

Hemendik aurrera

eutsiko diot

baina horretarako

LAGUNTZA ESKATZEN

ikasi dut.

Ez naiz super womana

Ez naiz maitalerik sutsuena

Ez naiz amarik martxosena

Ez naiz alabarik zintzoena

Ez naiz ahizparik-arrebarik maiteena

Baina naizena naiz

Eta

Zoriontsu izan nahi dudala

ERABAKI DUT.

Marrazkilaria: Elene Tamayo Irigoyen

Argazkilaria: Juan Luis Aipuru Beristain

 

Marisa Arruabarrena Elizalde

Ezkutuan dagoena

Orriak: 234 orrialde

 

Marisa Arruabarrena Elizalde

Orion Oria da itsasadarra; bertan biltzen dira itsasoko gazia eta ibaiko ur gozoa. Bi hauen arteko talkak bizitza gogorra ematen du; arnasa eta hatsa sortzen dira. Ur horretan borrokarako ametsak jaiotzen dira. Bertan agertzen dira arraunlariak, arrantzaleak, sare-jostunak, arrain-saltzaileak, umeak jaiotzen dira…, eta igeri egiten da, eta bazkaltzen, ezkontzen…, eta azkenean hil. Marisaren lan honetan uraren mota guztien isla nabarmena da. Egileak indar haundiz itsas ertzeko jendea eta bere bizimodua islatzen ditu. Bere herria, Orio, olerki argazki hauetan erakusten digu eta bertakoak beti ditu gogoan. Emakumea dela sortzailea —eta nola ez, emakumeen barrutik, soilik, sortzen baita bizitza— gogoan du: alaba dela, ahizpa dela, arreba dela, ama dela, irakaslea dela, guztiak urratu ditu oriotar honen bihotzak. Olerki bilduma honek, garrasiekin batera, pozak eta alaitasunak eztanda indartsuak eragiten dituzte irakurlearen begietan, belarrietan zein burmuinetan.

 

Arraunlaria zorion bila, arrantzalea “Ezkutuan dagoena” irakurtzen.

Argazkilaria: Juan Luis Aipuru Beristain

Mia Mottley COP27

2022-11-21  //  bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain  //  Iruzkinik ez

Mia Mottley, Barbados uharteko lehen ministroa Egiptoko COP27 biltzarreko sarrera-hitzaldian.

 

 

“Ez daukat errepikatu beharrik aukeratzeko ahala dugula, esana dago, COP honetan egintza behar dugula eta ez hitza bakarrik, ez daukat berriro eman beharrik gertatutako sute, uholde, hondamendien berri… uharte-estatu batetik nator, eta nahi dugu argindarra izan, fotovoltaikoak,… baina Ipar Nagusiaren mende gaude,….

Zergatik dira ezinezkoak energia-partzuergo edo elkarteak?…

Enpresek nola lortzen dituzte 200.000 milioi dolar irabazietan azken hiru hilabeteetan, eta ez dute espero irabazien dolar bakoitzeko gutxienez 10 zentimo ematea galdu-kalteen poltsa batean? Hau da gure jendeak espero duena.

 

Munduko jendeak gehiago merezi du!”

 

Mia Mottley: eraldatzeko  gaitasuna dugu denon artean!

Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain

Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain

Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain

Argazkilaria: Santiago Abad Toribio 

Faustin Archange Touadera, Afrika Erdiko Errepublikako presidentea:

“Argi eta garbi esan beharko genuke, herrialde aberatsak direla kutsatzaile nagusiak, gizateria arriskuan jartzearen errurik handiena dutenak”.

Deskribapena

Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanei buruzko gogoeta egiten du egileak liburu honetan, narrazioaren tresneria eta teknika dialogikoak erabiliz, eta bizipen pertsonalak, gaurkotasun osoko gertakizunak eta ikerketa lanetatik eratorritako ebidentziak tartekatuz.

Kontakizunaren protagonista ez da, beraz, «gizakia» era abstraktu batean, baizik eta egilea bera edo egilearen tankerako norbait izan daitekeen pertsona gazte bat, gaur-gaurkoa izateagatik eguneroko arazoak bizi dituena, eta haiekiko nola kokatzen duen bere burua azaltzen duena.

Liburuak agerian jarri nahi du badagoela, posiblea dela, larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako arazoei eta haiei dagozkien erabakiei buruz askatasun eta kreatibitate handiagoz pentsatzerik eta, azken batean, ekiterik.

Egilearen asmoa ere bada mezu positibo edo baikor bat helaraztea, asko baita, azken finean, norbanakoak –gutariko bakoitzak, alegia– egin dezakeena gizataldeen, enpresen, gobernuen eta, funtsean, gizarte osoaren norabidea eta erabakiak bideratzeko.

Literatur erregistroak erabiliz, eta jarduera berdeen jarraibide preskriptiboak alde batera utzita, irakurleak arazo eta irtenbide konplexuei buruz pentsatzeko duen gaitasuna eta gogoa sustatzea du liburu honek helburu.

Liburuak hamar kapitulu ditu, sarrera eta amaiera barne. Zortzi kapitulu nagusietan, eguneroko gai banaren inguruan antolatzen dira kontakizuna eta gogoetak. Horrela, solasaldian edo barne bakarrizketan, hainbat eta hainbat gai datoz orrialdeetara, fineziaz jositako narrazio laburren sorta baten tankeran.

 

 

Erretzaile damutuen konpainia

2022-11-13  //  bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain  //  Iruzkinik ez

 

Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

  1. Burdin aroa

Iruñeko Alde Zaharreko beste alderdi batzuetan ez bezala, birgaitze kontzeptua arrotza da oraindik Jarauta karrikaren erdi aldean. Fatxadak Edu Saragueta gaztea zeneko horretan daude, pintura eskukaldi bat erantsi gabe azkeneko hiru-lau hamarkadetan. Herdoila darie espaloitik ikusten diren burdinazko balkoiei. 36. zenbakikoa are muturrekoagoa da: animaliek tiraturiko azken orgen joan-etorria ikusia izan liteke egur pipiatuko atea. Atezain automatikoak, bart arratsekoa ez bada ere, modernotasun kitsu bat ematen dio ate inguruari.

-Eduardo-erantzun dio, sare tikitik, emakume ahots gazteari.

Atalondoa hertsitasun durduzagarri batez agertu zaio bisitariari. Eskailerak hain dira ilunak, mugikorraren linterna piztu baitu. Beldurrezko film batean baino karraska ozenagoa egiten dute haien zur gainean zanpatzean. Lehen solairuraino 26 maila zenbatu ditu. Lehen solairutik bigarrenera, 21. Bigarrenetik hirugarrenera, 24. Eta hirugarrenetik laugarrenera, 25. Kapritxo arkitektoniko bat, eraikinaren adinak barkatzen duena. Atea irekia da gorenean, eskailera buruaren argi-emaile. Edu baino 20 zentimetro gehiago da, luze, ate ondoko figura.

-Zorionak, Unai.

Semea bizkarreko batez agurtzen du maizenik; besarkada hautatu du gaur, ospakizunari solemnitatea gehitze aldera. Gaztea zurruntzen sumatu du. Ohitura falta. Mina ematen du ia haren gorputz zaintsua estutzeak. Liburu bat ekarri dio.

-Ez duzu etsitzen-haren irri laburra.

-Nork daki aurreko 26 urteetan egin ez duana hasiko ez ote haizen egiten 27.ean. Stevenson duk, gainera.

Irakurzaletasuna ez dago Unairen zaletasunen zerrendan. Inoiz ez da egon. Opariak, bestalde, ez du merezimendu handirik. Etxeko apaletik atera du, paper batean biltzeko lanik hartu gabe ere.

-Sukaldean tokatu zaik gaur?

Mutilak mandarra jantzia du soinean.

-Neuk egiten dut beti, aita.

-Noiz ikasi huen?

-Aspaldi.

Etxeko korridorea uste baino argitsuagoa da, ezagun du pintura xuri berria. Sukaldeak, berriz, bere haurretako etxe zaharretakoa oroitarazi dio kazetari ohiari. Suak butanoz dabiltza oraindik. Ikuzgailua aspaldi desagertutako marka batekoa da.

Semearen neska-laguna baizik ez da zutitu kazetari ohia salara sartzean. Gogotik hartu ditu haren bi musuak.

-Nahia! Unai baino gehiago ikusten zaitut aspaldi honetan.

[…]

  1. Maripotemkin deitzen duten andrea

Papera eskura eman dio Maria Cruz Salaberrik, izengoitiz Gurutze, NTVko albistegi-buruak. Excel orri bat da, “Ahora mismo. Islam” izenburupekoa, zeinaren lehen zutabean lanegunak agertzen baitira heldu den astelehenetik hasirik eta bigarrenean elkarrizketatu beharrekoen izenak. Hurrengoetan, halakoei dagozkien jakingarriak: lanbidea, helbidea, telefonoa, posta. Lehen zutabea baizik ez dago osotara beterik, hamar egun, elkarren segidan, asteburuak salbu, gaurkoa barne. Gainerakoetarik, lautan hutsik daude beste lauki guztiak. Eduren hatz zuzena hutsune nabarmen horietara lerratu da. Ez du galdera ahora ekarri beharrik.

–Adolfok ez zuen planning-a guztiz osatua orkatila haustea erabaki zuenean. Uste nuen esana nizula.

Gurutzek ez du ematen kontu garrantzitsuak ahanzten zaizkien jendeetarik. Pentsatzekoa da, bestalde, erreportajeen ardura zuen kazetaria dela Adolfo zoritxarrekoa.

-Zazpi elkarrizketa baizik ez zituen lotu –xehekatu du emakumeak.

Gaur ere jaka gurutzatu du soinean, baina ez lehengo eguneko bera. Argixeagoa da, eta taxutuagoa, oraingo hau.

-Beraz, gainerakoak…?

-Zerorrek aurkitu beharko dituzu. Ez da sobera eskatzea, 900 euro ordainduta.

Mendekaria, andrea. Eduk beste behako bat egin dio jasotako paperari.

-Esan berri didazu zazpi elkarrizketa zeudela lotuta. Hemen seiri buruzko xehetasunak baizik ez dira ageri.

-Tuterako imamak uko egin dio azken momentuan gure mikrofonoen aitzinan paratzeari. Horren parekoren bat ere atzeman beharko duzu eta, besteak bezala, planning-aren arabera gauzatu.

Zorioneko hitza aditzen duen bigarren aldia da. Oraingoan ere buruan zer dabilkion asmatu du emaztekiak. Azkarra, andrea.

[…]

 

  1. Ze amodio eta amodio-ondo

Iratxe San Martin. Horrela dio kamerari erakutsi dion NANak. Beste bizitza batean. Iratxe ez baita gehiago Iratxe. Iratxe da Samira. Eta orain, Samira, ordenagailuaren pantailan, esplikatzen ari da nola esan zituen islamaren bost euskarriak imam baten aitzinean, Aljergo Bab El Oued auzoko meskita batean. “Lehenbizikoa –dio Samirak-, shahada: ez da Alaz beste Jainkorik, eta Mahoma da haren profeta. Bigarrena, salat, eguneroko bost otoitzak. Hirugarrena, sawn, baraua Ramadan garaian. Laugarrena…”.

Ainarak irudia geldiarazi du.

-Kalaka guztia sartu behar duzu?

Grabatzeko tenorean esku-makila da Ainara; edizioan, buru. Ekipoko gazteenak Wondershare-a darabil bikotearen enpresatxoak Arrotxapea auzoan duen bulego urrian.

-Ez da hagitzez luzeagoa, nik uste.

Ainararen saguak abiarazi du berriz ere irudia. “Laugarrena zakat, legezko limosna. Eta bosgarrena, hajj, erromesaldia Mekara”.

-Arrazoi. Hamaika segundo.

-Mekaraino, beraz.

[…]

 

 

 

Hirurogei urteko talaiara iristen ari da Edu Saragueta kazetari irundarra, ez lanik, ez dirurik, ez osasun onik, ez bikote-lagunik gabe. Horiek guztiak lortzeko eta bere bizitza aldrebestua zuzentzeko ahaleginak egingo ditu gizonak, eta bilaketa horretan hamaika xelebrekeria biziko ditu, baita hainbat lagun bitxi ezagutuko ere, Edurendako buru-hauste eta lekukoon jostetarako. Osagai ugariz antolatu eta zenbait kolorez zipriztinduriko eleberria eraiki du Epaltzak: deskalabru batetik bestera dabilen pertsonaia baten inguruko komedia garratz zein erotikoa, jendarte nahasi baten erretratu zorrotz bezain ñabarra, eta, batez ere, hainbat heriotza ekarriko dituen gertakari-kate baten ikerketa, nobela beltz petoa. Irakurleondako festa, azken batean.

Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

-Aizak, nik ez nian deusetan parte hartu!

-Gezurra eta zikina. Telebistako irudietan ezagutu hindudan, imamaren eta haren emaztearen sarraskien ondoan.

Girgileri Anderea

2022-11-07  //  bAst  //  Iruzkinik ez

 

V. Irina Panikovitx

Etxeko giltzak non ditut… Ooo! Auzoaren tapiza zein de polita. Liliduna. Ene galtzak bezala. Gustu berak ditugu. Agian erosi duen tokia erakutsi beharko lidake. Bon, geroago joanen naiz galdatzera. Gakoak sakelan ditut. Ederrak horiek ere, hiperederrak. Kolore desberdinetakoak. Ulises obrako sirenen uharteko plazer guzienak, agian. Maite nuke haraino joatea. Ene baitako bakearekin topo egiteko, libertimenduz blai.

Bon, sar nadin. Ene jantziak saiatzea erabaki dut. Egin behar dut, jakiteko azkenik bisitatu dudan saltegiko langileak proposatu didan zaia berdina dudanez. Baitakit badudala, hark pieza bakar bat erakutsi didala mailukatu didan arren. Saltzaile maltzurra!

Gela jadanik hankaz gora da, ene ideia nahasiak bezala. Nahaspilatutako nahaskerian urperatua naiz, aitortzen dut, ene gogoa! Gelan, nonahi, ideiak burutik ateraiak bezala, agertzen zaizkidan oihal metak hedatuak eta metatuak dira. Maleta oso-osorik hustua da. Burua gela honetan puztu zait. Hala. Ene ideiak ez dira gehiago lehen bezain sailkatuak. Pausa bat egin behar nuke. Baina ideien dei ezin agortuak paralisia eragiten dit. Ene buru barneko errotan, menderaezin, itzulika ari den hamsterrak du bere erritmoa inposatzen. Ene buruak ez du gelditu nahi! Orduan, apartamendu honetan horrela jarraiki beharko, iratzarririk egon beharko. Biltzeko denborarik ez dut.

Berriz hala naiz. Azken inarrosaldian bezala. Alta, lagunak azaltzen saiatu zitzaizkidan. Ez nuen ele bakar bat ere onartu nahi izan. Hainbat gaizto hiretzat, Girgileri Anderea.

Carolineren pisuan naiz. Hala naizela uste. Apartamendua berriz apaindua dut. Egongela, batik bat. Pisua eneganatua dut, zakurrek beren aztarnak han-hemenka uzten dituzten bezala, tantaz tanta. Caroline, ez dakit non den. Non da? Haren nondik norakoak arraroak dira… Goizean abiatu zen. Edo atzo… Edo duela aste bat? Bon, ene etxean naiz, eta horra. Euskal Herrian? Ez, gela hau ttipiegia da. Ito, urka, zapalgarria. Ufuuu… Duela zenbait egun Parisen nintzen. Beti Parisen naiz, orduan… Orduan, ala Caroline desagertu da, ala ni naiz munduko beste lurralde batean agertu, elkartu eta okertu.

Hotsak. Hotsak hautematen ditut. Ene inguruan, gainean, azpian, kadirak karrankan. Boz batzuk. Komunetako ura zilotik ihesi, batzuetan. Poliki-poliki, burdineria hotsak bilakatzen dira. Eraikina ola bat da, olatuz betea, ene barnea okaztatuz. Azantza horiek beharrietan gurina bezala sartzen zaikzit. Beharri ziloetan lerratzen, odolki hodi lodiak bailiran.

Haserrea pizten zait. Ene buruaren kontra, ene osotasunaren aurka. Ene burua jasangaitza bilakatzen ari zait. Gorputza umeltzen doakit. Usteltzen, likido bilakatzen.

Haserre beltz hori mundu guziari aurtiki nahi diot. Mundu hondatu horri, gizaki guziok galbidean jartzen dugun horri: arma fabrikak, argindarra, telebistak, ura, lehengaiak, wifia, pestizidak, gure organoak, animaliak, droga… hemen, gure lurrean, dena salerosten dugu! Zer arraio gertatzen zaigu?!

Zergatik gogo-indarrak arau gaindiezinen menpe etengabe jartzen ditugu? Eskumuturreko elektronikoak zinez maite ote ditugu? Baldintzak, arauak, garaileak? Lehoi harrapariak, txakalak, hienak?

Asteroide erraldoi batek lurra suntsi dezan desiratzen dut. Dinosauroak desagertu ziren, oooooo, gaixoak… Ba, gizakia ber gisan suntsi dadila. Unibertso ilun honetan justizia bat izan dadin!! Ikili-mili-mili-miliiiii-klik!!

Zergatik pozten gara gurea uste dugun planeta hankaz gora ezartzeaz? Dolarrentzat? Pesoentzat? Yunarentzat? Errupientzat? Euroarentzat? Moneta immaterial ororentzat? Burtsak manatzen dituen gure gogoentzat?

Azken puntan, hemen bizitzeak ez du deusetako balio. Hobe nuke ondoko leihotik salto egitea…

Baina, baina… Nik, bai, NIK, bizi nahi dut! Maitasunaren izenean. Jendetasunaren edertasuna bihotz-bihotzez sentitzeko. Egun batez, biziaren zikloa errepikatzen laguntzeko. Inguruko guziaren ohoratzeko.

Arazo bakarra ikusten dut. Bakar-bakarrik nago… Nihaurek, haurkeriaz, ene burua abandonatu dut. Estoldara bota dut. Ene buru hezurra totem baten puntan pausatu dut. Orratzek xixtatu budu panpina bat bihurtu naiz.

Tok, tok, tok

Nor da hor? Polizia ene bila etorria da? Zer egin dut… Ai ama!

Ateak berriz jotzen du, ozenago… Bon, hatsa hartu. Onera itzuli behar naiz. Idei kilometro horiek alde batera utzi behar ditut. Oin puntetan, ateari hurbiltzen natzaio. Atzean ez da otsorik, araiz…

-Nor da?

-Lucile. Carolinerekin etorri naiz.

Borta zabaltzen dut. Adiskideak hor dira… Zer bitxikeria…

Lucilek:

-Ate gibelean harrabotsa aditzen genuen. Ez zintugun beldurrarazi nahi.

-Sartu… (…)

Irudia: Maialen Hegi-Luku

Girgileri Anderea, Maialen Hegi-Luku: Eleberri honen hasieran mintzo dena Munia da. Deusek ez du ahultzen, beldurtzen, etsiarazten. Munia horrelakoa da. Tarteka, bazterren eta batez ere bere buruaren harrotzeko, munduaren itzulipurdikatzeko gutiziak atxikitzen du. Ez du atzera begiratzeko xederik, ez eta bere gaitasun handiez dudatzeko arrazoirik. Alta bada, askotan indarra ihesi doakio, oldarrak lehertzen du, gogo-indarrak errausten zaizkio, hobekien ezagutzen duten ezagunak lekuko. Bizia lokarri ulergarririk gabeko bi egoera errepikakorren arteko etengabeko harat-honat kudea ezina bilakatzen zaio. Bere bizia girgileria bat da ote?

Udazkeneko zeru                                                                                                                       Argazkia: BZ

 

 

 

Landura otamendian

2022-10-28  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Landura otamendian

landur.

(V-ger ap. A ), landura (V-ger ap. A ).
“Llovizna. Euri landurra, la lluvia menudísima. Euria landurea danean logura izaten gara (V-ger)” A.
Ez euri kizia edo zaramea edo ziriña edo landurra, truizu edo erauntsi edo zaparrada ederra baiño. A Ezale 1899, 88a. Euri-landurrak, txalupa danak, / oso estaldu ebazan. Echta Jos 102 (v. tbn. 80). Andik sartu zan biotz aretan / eriotzaren landura. NEtx LBB 291.

orotariko euskal hiztegia

EURIAZ

 

 

euria izateko ikasi:

arnasa

lurrun

landura izan aurrena

eta ohartu ez,

tanta baten baitan hazi eta

tanta-herri bateko tanta bilakatu gero,

hoztu ahala

onenean izar izatera etorri

edo mulko dardaratien tribuko

hodei zurixketan,

aire isilaren beso artean

astiro piririka erori,

haur baten ilajean trabatu eta

azkenean harridura espazio bat busti

 

euria egiten bizi

euria egiten bizi

bAst 2022

 

ARRAZOIAK

 

inon badenik ez dakit

gure sasoi hau garbitzeko makina

ez dakit posible den

inor etxerik gabeko

historia batera kondenatzea,

badagoela diogu baina gero

ez da izaten jakirik denontzat

nahikoa badela diogu eta gero

ez daukagu denok arnasteko

behar besteko aire hori,

esklabotza zikin-estalien gainean

jasoa dago ni bizi naizen kalea

hildako umeek sehaskatzen dute

etzaten naizen ohea

 

mugatua da nire maitasunaren

edukiera irismena joa,

ezin ditut neurri berberean

deitoratu krimenak oro eta

goretsi amodio guztiak:

batzuk badira amodioak

lixibak nola

erretzen dizkizutenak begiak gibela,

krimen batzuek aldiz

itsutzeraino argitzen didate oraindik

gau-minetako ortzia

 

ez dakit inoiz jaulkiko den

nire bihotzetik ogia eta hitz doia

ez dakit inoiz lortuko dugun

justiziazko haize bat orokorra,

horrelakorik gertatzen bada ordea

ez gara onik aterako denak:

odolez zikinduta daude

izarrak teilatuak elurraren erroak

 

inor gutxik esaten du baina

nork ez daki

zauri eta mutilazioen txitxiaz

daudela eginak planetak,

eta geure barruan ditugu

gauzak aldatzeko

ekaia palankak piezak,

makina bat makina:

gu geu suntsipen eta

amodio masiboko makinak

ez gara ba

 

badagoela diogu

baina gero ez da izaten

maitasunik denontzat:

giza arrazoiengatik maite dut

bizi naizen sasoia.

 

bAst 2022

 

GOIZEKO ZENBAKETAK

 

aholku bat:

zenbatu eztabaidak eta musuak

amorruak okerrak ahanzturak

zenbatu bezperako hodei listuak

lineako busen eta

polizia patruilen konpasak

zenbatu bihotzerreak

zenbatu maitasun fantasiak

eta inori serio huts egiteko aukerak

zenbatu goizero gerezi arbolak

hildako presoak

eta galduan isuritako aldiak

 

aholku bat:

krisi handiaren hondokinen artean

bilatu estatistikek estaltzen dituzten

metalak astroen zapartak eta

zakurrek ere nahi ez lituzketenen hezurrak,

txarrenean beti izan neurriko baikor

—ez gara bakarrik bizi

begira egoten da jendea—

 

aholku bat:

mundu hau hustean

ahal bada ez abandonatu haurrik

zeharo behintzat,

ez eskutik laga gaueko izenak

egin kontu joan aurretik

zerbait ona uztea komeni dela

 

azken oharra:

behatzik edo haginen bat

gorputz edo itzal puskaren baten falta

sumatuz gero goizean

fenomeno geologikoak eta

egoera zibilaren aldaketak

jakingarri diren antzera,

frogatu bizi izandakoaren

zer portzentajek

jarraitzen duen josirik zeure baitan

zenbatekoa den beste inorenean,

akordatu milioika jenderen

lanak egina dela zure minutu bakoitza

eta saiatu frogatzen azkenik

zenbatean zaren jada

inoren jabetza eskubideez libre

izarren salda.

 

bAst 2022

 

 

UDAZKENA

 

ez dira joan oraindik enara txikiak,

denboraren gurpilak herrarik gabe

irensten dihardu egunak eta jendea

 

lagunak kafearen bueltan esan dit

gerta daitekeela gainsaria baina

lau urterako bizia agindu ziola medikuak

—hori omen da enfisemak gordea dion epea—

 

nire logikaren ardatza doi bat pitzaturik

sekula ez garela gehiegi hurbildu

geure buruaz espero genuena izatera

erantzun diot,

denon onerako gazteengan

areago pentsatu behar genukeela

haiengan gehiago fida

 

nora zihoazen jakin barik noizbait

baso itsuetan emandako pauso haiei

nork kendu ote zien lurra

 

burutapen baikorren kaiera

txorien biribilketan endredatu zait,

duetoa eginez hartu dugu biok barruko arnasa

bale hodeien ederraren miraz

—bertan amiltzeko

beldur zimiko bat entzun da—

 

hor dabiltza oraindik enara txikiak,

eta kafe hondarrei so ginela

bake iheskorraren landurak suntsitu egin gaitu.


                                                                                                     bAst 2022

 

 

BESTE BAT IZATEKO JARRAIBIDEAK

 

nire hitzen bila hasten naiz besteren ahoan

inoren oinak bilatzen ditut zapata hauen barruan

eta huts egiten dut gehienetan,

nor izan behar honek dakartza nekeak

nor izan nahi honek bai urtsu dituena ertzak:

non amaitzen da norbera eta non hasten bestea

 

eskerrak badiren elementuak

elkarrengana gerturatzen gaituztenak:

dela jatorrizko duintasun bat direla minak pozak

dela guztion zainetan dabilen odol berdinzalea,

beti darama ibai ezkutu bat bihotzak

 

inoren oinak bilatzen ditut nire zapatetan

nire hitzen bila hasten naiz besteren ahoan

eta huts egiten dut gehienetan,

askatasun hau nirea bakarrik bada

zertarako izan da

hainbeste milioi jenderen mendeetako borroka

neuretzat bakarrik bada nire gorputza

ez al da beti preso egongo nigan humanitatea

 

munduko herririk handieneko kide

egiten gaitu elkarren premiak

eta korronte sakon bat mugitzen hasten da:

hobeto ulertu nahi ditut inguruko gauzak pertsonak

norbait datorrenean zenbat ohe jantzi

jakin zenbatentzat ipini mahaia

 

zenbaten minak zenbaten pozak:

non amaitzen da bestea eta non hasten norbera

 

bAst 2022

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ganorexia

2022-10-23  //  bAst  //  Iruzkinik ez

 

Iniziazioa arrandegian

Mutiko gaxteak soldadutzan gizontzen omen ziren garai batean. Edo/eta putetxean. Orain ez nuke jakingo esaten gauzak nola diren. (Ez nintzen gizondu: soldadutzara ez nintzen joan; putetxera bai, baina putatara ez.)

Ez dakit orain lanak edo masterrek balio duten gizontzeko; edo tabernara edo gaztetxera hasteak; edo maskulinitate ez-bortitz bat lantzeko gixon-talde batean sartzeak; edo zerk.

Neri iruditzen zait heldutasuna, ororen buru, ondo gobernatutako ganadu bihurtzea dela; ondo autogobernatutako ganadu, hobeki esanda. Hots, jateari dagokiola oroz lehen. Gaxteak badaki superrean frexkagarriak eta mozkorgarriak erosten, eta baita goxoki petroliodunak eta orotariko litxarreriak ere. (Edo, beganotu baldin bada, badakike bulgurra edo anakardo-gazta erosten ere.) Gaxteak ez dakiena da arrandegian erosten, zeren horretarako joan egin behar baita arrandegira, eta mutikoak ez baitira egundo joaten, eta nexkatoak ere nekez. Heldu-usteko asko ere ez da arrandegira joaten, zeren arrain-usainaren eta bereziki arrain prekituaren usainaren beldurrez bizi baita. Gizarte gero-eta umetuago honen umetzearen agergarri bat izan liteke arrandegiari eta arrain-prejitzeari muzin egite hori. (Arrainaz eta goberniaz, entzun Tao-aren liburu zaharra “estatu haundi bat gobernatzea da arrain txikiak prejitzearen pare; oso kontuz eta astindu gabe, desegin ez daitezen”.)

Garbi-antzean ari naiz adierazten arrandegia oso leku berezia dela neretzat. Gizajendea bi sailetan banatu ohi dut: arrandegira joaten direnak eta joaten ez direnak.

Arraina ez dago barrezka erosterik. Zuhurtzia bat behar da arrandegian. Nerabezaro txoro-haizetsu gangarrak arrandegian izan dezake bukaera. Eta iniziazio moduko batek abialekua. Han arrandunaren galderei erantzuteko prest egon beharra dago, eta prestatua: “zabalduta?”, “burua eta hezurra?”, “laberako?”, “arrabak nahi?”… Han erantzun beharra dago, atsoen ondoan barregarri ez gelditzeko. Aldi berean, arrandunak arraina nola prestatzen duen ikusteak –hura antzea eta hura prepezioa!- gai egiten du gaxtea esku-egokitasuna estimatzeko eta benetako artea –arte proletarioa- miresteko.

Arrandegian begietara begiratzen ikasten da, zeren han jakin beharreko gauza garrantzizkoenetakoa baita arrain begi-gorririk ez dela erosi behar sekula eta, hedaduraz, gizaki begi-gorriarekin ez dela sobera fidatu behar. Heldutasunaz eta iniziazioaz ari gara funtsean.

Alderdi uhertxora gatozela: ketamina oso ondo egon liteke mutikoarentzat, baina D bitamina hobea da, eta hori arrainak dauka, eta eguzkiak ere bai: gaxteen alferzuloraino iristen ez den eguzki horrexek, hain zuzen.

Itsasotik omen gatoz. Ez da harritzekoa iniziazioa itsasotik ekarritakoekin abiatzea.

 

# Martxoan jaioa. Piscis? Ez nuen sinisten holakorik. Orain ez dakit sinisten dudan edo ez dudan sinisten, edo pixkat bakarrik sinisten dudan, edo ostiral arratsaldeetan bakarrik sinisten dudan. Gauza askorekin gertatzen zaigu. Beste gauza bat ere badago: ur izatea nahiago arrain izatea baino. (Zeren ur izateak ez izatearen antz haundia baitu, gauza bera izan gabe.) “Komeni omen da astrologia pixkat jakitea, badaezpada ere”: horixe entzuten diet gero-eta maizago oso jende zuhurrari eta hagitz arrazoizkoari.

 

«Ez dago ondo idazterik. Barkatu: aurreneko pertsonan esango dut: nik ez daukat ondo idazterik. Uneoro sentitzen dut, jasaten dut. Bakarren batek esan izan du nik ondo idazten dudala. Eskertzen diot, baina ez dut uste hola denik. Nik idazten dut era batean. Estilo batekin, estilo jakin batekin. Beste batzuek ez daukate estilorik. Sinetsarazi diete ez dutela herrenik egin behar inongo aldetara eta ibilera zuzen baten jabe izan behar dutela, eta horrela, munduaz ari –idatzi– behar dutela munduan sekula haizeak inondik joko ez balu bezala. Beti udazkeneko egun epel laino-geldi batean bageunde bezala. Ondo idaztea hori izango da? Auskalo. Hemen era jakin batean idazten dugu; herren min batekin gabiltza. Hemen idazten dugun –irakurtzen den– munduak herrena egiten du geurekin batean.

Herrena, ezina: ganorexiaren aurreneko seinalea».

Iñaki Segurola

«Egin ditudan peskizengatik 2021eko udazkenean hasi zen Ganorexia idazten. Argi, arin eta gozo (AAG) bizi izan zen bolada batean hain zuzen ere. Hainbat pasartetan zer-nolako buru argia duen ikusten da, iraganeko motxilak sorbaldatik arintzeko beharra ere bai, eta gure artekoan, gizakien arteko hartu-emanetan, gozotasuna bilatu nahia ere nabari zaio.

Gerora etorri zen gaitza, berak sakoneta beltza deitzen zion depresioa eta beronekin batera insomnioa, beldurrak, bakardadea, damuak, dolu zaharrak eta maskarak, horiek denak ikusiko dituzue testuan».

Garbiñe Larrea

Edizioa: Garbiñe Larrea / Aritz Galarraga / Jorge Giménez Bech.

Egilea

IÑAKI SEGUROLA AMUTXASTEGI (Azpeitia, 1962-2022). Filologoa eta hiztegigilea: Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa. Bere beste liburu batzuk: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (Alberdania, 2005), Nere gorringotik (Alberdania, 2008), Arrazoia ez dago edukitzerik (Alberdania, 2012), Sed quia sua (Erein, 2020) eta Koiteretzia (Alberdania, 2021).

Bar Gloria

2022-10-14  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Liburuaren hasiera

Zin egingo luke Migelek beretzat dela begirasun hori, begira daukana horman esekitako idi buru disekatu bat ez balitz. Adarrak zorrotz eta muturra lehor, kristalezko kanika bi, eta zerrautsezko nerbio optikoak, eta pentsamenduak, eta sena. Dena zurruntasuna eta ile zaharra, oraindik poro hilei josia. Bizitzari darion distira oro moteldu zaio abereari tabernako koipe eta hauts artean.

Sarrerako ate bien erdian dago esekita, mostradore barrutik aurrez aurre ikusteko moduan. Animalia ederra izandakoa da, larru gorridun idia, muturraren eta begien inguruan zurirantz argitzen zaiona, negar gehiegi egin izan balu bezala aspaldi, gau luze batez.

Migelek ez daki idiek negarrik egiten ote duten. Berak bai, egiten du. Gehienetan Ana eta Rakelen aldamenean, taberna itxi eta garbiketa lanak amaitutakoan.

Pertsianak jaitsi ostean ere, tabernako lurrak ordu batzuk behar izaten ditu eguneko zaraten oihartzunak guztiz ezabatzeko; baldosa gorrien gainean zabaldutako zerrautsak soinu guztiak xurgatzen dituelako agian, orduen eta pausoen joanarekin egur-pasta umel bat bihurtzeraino, marmarrez, plater hotsez, oliba hezurrez eta zotzez egina. Migeli dagokio gauero zerrauts hori erratzarekin biltzea, eta zaku handietan sartzea gero, palakadaka, Rakel eta Ana sukaldeko eta barrako garbiketez arduratu bitartean.

Lurreko zikinak errazago jasotzen omen dira zerrautsa botata, hori diote bi ahizpek, “pasada bakarrean garbitzeko moduan”, baina Migelek badu zalantza, beti geratzen baita egur txirbilen bat baldosa hegiren batera itsatsita, eta zer esanik ez zapata zoletara edo praka barrenetara. Egur-tantoak nonahi ikusten dira taberna gaineko lopetegitarren pisuko logeletan ere, eta eskaileran zehar, edota kaleko espaloian… eta, hortaz, Gloria tabernatik igarotzen diren herritar guztien zapata, eskailera eta espaloietan egongo direla susmatzen du Migelek, taberna bere baitatik irten izan balitz bezala oinez, bisitari denei atzetik segika. Ezinezkoa da Gloria garbitzea, urrunegi joana baita dagoeneko; eta, hala ere, gauero saiatzen da Migel. Dena zakuetan sartu, eta haien muturrak fardo-sokekin ixterakoan soilik mututzen da marmarra, edo gortzen da, behintzat, tarte batez.

Une honexen zain bizi dira hirurak: gauaren ukabilik itxienak herria noiz itoko, behingoz gera ez dadin munduan inor hiru zerbitzari gazte beharko dituenik, inon, ezertarako. Dena jasotakoan, idi buruaren azpiko mahaian eseri dira, eta barruak nasaitu arte edan eta erre dute, begiak geroz eta txikiago, ke multzo zuri baten barrunbeetan.

Rakelek tinko eusten die zigarretei ezpain aputzen artean, bere helduleku bakarra bailiran nonbaitetik ez erortzeko, eta topa egiten du hiru minuturik behin, “gugatik!”, ziurtatzeko edankideek bere ondoan jarraitzen dutela. Anak lasaiago erretzen du, eta lasaiago edan, eta ahizpari begiratzen dio zeharka, kopetako ile sendoaren azpitik, haren erorialdi guztien urruneko zaindari isil.

      “Orduan, zer esango diozu gizonari, Migel?”.

Patxaranaren gozoa ezpainetan hitz egin dio Rakelek. Mostradoreko erlojuan goizaldeko ordu biak dira. Migelek sorbaldak jaso, eta gorantz bidali du ahoko kea, idi buru disekatuaren kokots pera.

      “Kontuz ibili. Edozelako jendea etortzen da hona”.

Arriskua usaintzen daki Anak. Migelek ez hainbeste. Berari ez dio beldurrik eragin goizean tabernara sartu den gizon txiki eta estuak, nahiz eta aurpegi berri bat izan ostegun goiz baterako, azal muskertu eta irribarre horiduna. Sartu ordurako Migelen begiak bilatu ditu barraz bestalde.

Gurin koloreko alkandora zeraman soinean gizonak, eta praka beltzak, handi geratzen zitzaion gerriko distiratsu batekin eutsiak. Atzamarrekin urrezko lepokoari heltzen ziola gerturatu zaio mostradorera, bere buruari aurrerantz tira eginez bezala. Eta Migel zain, trapua sorbaldan, bere egurrezko lubaki altuan.

“Baina zer esan dizu zehazki?”.

“Rakel, bertan zeunden”.

Baina Rakelek dena entzun nahi du berriro, nahiz eta Anak eta biek lortu duten goizeko elkarrizketa ia osorik harrapatzea, batak kafe-makinaren gaineko katiluekin dorretxoak egin bitartean, eta besteak mostradore gainari trapu umela pasatu ahala, begiak zeharka eta belarriak zut.

      “Hendaian etxe bat daukala, eta ordaindu egingo didala”.

Bizitzea zer den erakutsiko diola, herri hau ez dela bere modukoentzat, pasatzeko egun batzuk berarekin hondartzan. Hori dena esan dio gizonak, baina Migelek ez du errepikatu ahizpen aurrean, ez baitaki ziur noraino entzun duten zer.

“Ea, ekarri txartel hori”.

Migelek poltsikotik atera du gizonak emandako paper txatala. Rakelek ahots goran irakurri ditu zenbaki kizkurrak.

“Telefonoa herrikoa da”.

“Badakizu orain erantzun eske etorriko zaizula, ezta?”.

Baliteke. Asko dira lehendik ere taberna honetan beraien ohiturak errepikatzen dituzten gizonak; horretaz jabetuta dago Migel. Besoa mostradore gainean jarrita, hesiaz bestaldeko animalia gaztea izendatzen dute. Ana polita da, Rakel potola, bera marikoia. “Ez al zara, ba, halaxe? Ala? Botin gorri horiekin, zer zara, ba, bestela?”. Berak baietz erantzuten die orain, asperduraz. Duela urte batzuk isilik geratzen zen, kristalezko edalontziak uretatik pasatzen.

Idiaren adarren itzala norabidez aldatzen da egunean zehar. Gauez biderkatu egiten dira adarrak lanpara horixken argipean, eta sei erloju-orratz lodi dirudite hormako paper berdailean, Migel mehatxatuz, adieraziz badatorrela zerbait, idiak edozein unetan mahai gainera egingo duela salto bere adreiluzko gorputz eta guzti, aurretik eramango duela dena. Aldizka entzuten du idiaren lepoko zintzarriaren durundia, hala iruditzen zaio Migeli; kafe-makinaren putzen eta langileen berbaroaren artetik bereizten du tulun-tulun bat egunean zehar, bera ardo txikitoak errenkadan zerbitzatzen ari denetan burua hormarantz jasotzera behartzen duena, gehienetan tanta moreren bat aluminio gainera isuraraziz, baina azkenean beti izaten da edalontzi biren arteko talka, edo atearen intziria.

      “Ahazteko esango diot. Ez dudala ezer nahi, eta ahazteko nitaz”.

Ahizpek elkarri begiratzerakoan, Migelek sumatu du elkarrizketa zaharren baten arrastoa aurpegiera haietan, bakoitza bere arrazoiaren bila, bere “esan nizun”aren usnan. Badirudi Anak irabazi duela argudiaketa isila, hasperen egin baitu lasaitasunez, eta azken trago bat emanda, mahaitik altxatu da.

“Hobe ez fidatu. Zoaz etxera, guk jasoko dugu hau”.

Rakelek hondartxo bat geratzen zaion patxaran botila hartu du eskuan, jostari.

“Azken tragoa biderako, Migel?”.

Eta Migelek baietz.

      “Gugatik”.

Anak isilpean jaso ditu zigarrokinak eta hautsontziak.

Migelek musu bana emanda agurtu ditu ahizpak. Kopa, txapel eta abereen argazki artean, Ana eta Rakel ere iraganeko oroitzapen kuttun iruditzen zaizkio batzuetan, aspaldi bizitako eta sendatutako min bat, dagoeneko urruna eta ederra dena.

Sarrera nagusiko pertsiana botata dagoenez, sukaldeko ate txikitik irten da kalera. Gauak epel inguratu du, esnezkoa dirudien zeru baten azpian. Urrunean, makinaria handien burrunba eta burdina-kolpe erregularrak. Ohi baino samurrago sentitu du harria hankapean, edanak herriko gogortasunak bigundu izan balizkio bezala, propio, bere gorputzaren formetara molda daitezen.

Tabernatik urrundu eta bere auzorako bidea hartzear dela, txistu bat entzun du atzetik. Ahots bat gero:

“Migel!”.

Norbait ari zaio keinuka lopetegitarren portaleko atetik. Migelek ezagutu du itzal hori. Elias da, taberna gaineko bizilaguna, laugarrenekoa. Igandero etortzen da tabernara emaztearekin txibierroak jatera.

“Etxetik gas usaina hartu dugu, eta sukaldean soinuak entzuten zirenez, pentsatu dut zerbait utziko zenutela piztuta”.

“Rakel eta Ana bertan daude”.

“Ez dute erantzuten”.

Kezkatu egin da Migel, eta lasterka igaro ditu gainetik lehen ibilitako pausoak.

“Ez zintudan molestatu nahi, badakit berandu dela…”.

Portalean sartu dira. Han dauka hirugarren sarbidea tabernak, sukaldeko ate txikiak barrutik kanpora irteteko balio baitu bakarrik. Giltzaren bila dabilela, okerrenak bururatu zaizkio Migeli. Rakel agian despistatuko zen, eta beraiek ezer usaindu ez, hainbeste tabakorekin.

Giltza sarrailan sartzekotan dela, kokotetik heldu dio Eliasek, aurpegia horma lakarraren kontra sakatuz, kolpe lehor batez. Leherketa bat bezala zabaldu zaio mina masailetik burezur osora. Askatzen den gerriko baten uhal hotsa entzun du atzean, eta kremailera batena gero; ohartzerako, Eliasen ezkerreko eskua dauka bere praka bakeroei beherantz tira egin nahian. Minak erdi zorabiatuta utzi du Migel. Gizonaren hats beroa sentitu du belarri ertzera gerturatzen, “harrapatu zaitut”, haren gorputz handiaren pisua lepoaren kontra, eta esku urduriaren mugimendu aztoratuak, orain Migeli prakak eranzten saiatzen, orain bere zakila ukitzen.

Oihu egin du. Hormako pikor zorrotzek ezpainetako azala zartatu diote, burdina zaporea sumatu du eztarrian behera. Geroz eta ozenago egin du garrasi, zirrikitu estuan erdi itota.

Eliasek ahoa estali nahi izan dion unean, bere indar guztiekin sakatu dio atzerantz. Gizonak estropezu egin du, galtzak orkatilen parera jaitsita. Haren besotzarren artetik labainduta, ataritik irtetea lortu du Migelek, eta korrika urrundu da gauaren aldapetan gora.

 

Bar Gloria

Nerea Ibarzabal Salegi

2022, nobela

192 orrialde

Azala: Arriguri

Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein

 

Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.

Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso. Iragan hurbil baten hitzezko filmatze bat dakar Nerea Ibarzabal Salegiren estreinako nobelak.

 

Koldo Zubeldia in memoriam

2022-10-07  //  bAst  //  Iruzkinik ez

bAst 2022

 

Poeta naiz apasionatua

Sendo xamarra dut gorputza

Eta ona bihotza

Lo puska bat zor diot nire buruari

Hustu naiz malkoen artean negarti

Izugarri sartzen ari zait ausardi

Ondo bizitzeko ez nago gertu

Eta egin behar dut sortu eta sortu

Eutsi eta eutsi

Eta ez etsi.

 

Koldo Zubeldia  Mendizabal    Harriaren tasunak 2017

Koldo Zubeldia (Zaldibia, 1957-2022)

 

Koldo Zubeldia

bAst 2022

 

Koldoren bihotza Txindoki mendiaren neurrikoa.
Begiratua izartegia adinakoa.
Malkoa ozeano guztiak betetzekoa.

bAst 2022

Giorgioren bidaiak (I): Matera

2022-10-02  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Matera hiria                                       Argazkilaria: Giorgio Sassoalto 2022

 

Matera-italia- wikipedia

 

 

Matera hiri eta probintzia da. Matera probintzia Basilicata-ko parte da (erkide autonomo moduko zerbait). Gorriz dagoena Matera probintzia da. (Giorgio-ren esplikazioa)

 

 

Lode del vino

Vin, sangue de la Terra,
via più caro a’ mortai che ‘l sangue vero;
benedetto il primiero
che ti trovò. Per te s’ardisce in guerra,
e si sta lieto in pace.
discacciator verace
de l’umana tristezza,
e tesor d’allegrezza,
liquefatto rubin, tenera gioia,
ch’entrata a’ nostri seni
altra gioia invisibile divieni.

Tomasso Stigliani (Matera 1573-Erroma 1651)

 

 

Ardoaren laudorioa

 

Vin, lurraren odola,

askoz nahiago hilkorrek benetako odola baino;

bedeinkatua aurkitu zintuen lehena.

Zugatik ausartu zen gerrara,

eta laketzen da bake-garaian.

Giza tristuraren benetako ateratzailea,

eta poztasun-altxorra,

errubi urtua, alaitasun samurra,

sartua gure bularretan,

bihurtzen zara beste  alaiasun ikusezin bat.

 

Matera hiria Argazkilaria: Giorgio Sassoalto 2022

 

 

GRADAZIONE CRESCENTE DI FELICITÀ

Felice chi ti vede!
Piú felice a cui è dato di parlarti!
Felicissimo quel che può toccarti!
Semidio chi ti bacia il bel sembiante!
Dio chi ti fa il restante!

ZORIONA HANDITZEN-HANDITZEN      Zoriontsu zu ikusten zaituena!Zoriontsuagoa da zurekin hitz egin dezakeenaTxit zoriontsua zu ikutzerik duena.Zure aurpegi ederrari musu ematen diona, erdi-jainkoa!Gainerakoa egiten dizuna Jainkoa!

 

Matera hiria                                       Argazkilaria: Giorgio Sassoalto

 

Matera hiria                                       Argazkilaria: Giorgio Sassoalto

Matera hiria                                       Argazkilaria: Giorgio Sassoalto

James Bond 007                                                                                                         saretik hartua

 

Poesia di Tommaso Stigliani –
Bellezza simile alla pescagione –

Tutta nella tua faccia,
Nice, raccolta hai l’arte della pesca:
In fronte hai la bonaccia,
Ne’ capegli la rete,
Negli occhi l’amo e nello sguardo l’esca.
Solo l’accesa face
Non hai del pescatore:
Ché quella in vece tua l’ho io nel core.

Arrantza denboraldiaren antzeko edertasuna

 

Dena zure aurpegian,

Nice, jasoa duzu arrantzaren artea:

kopetan daukazu baretasuna

ile-adatsetan  sarea,

begietan amua eta begiradan beita.

aurpegi bizia bakarrik ez duzu arrantzalearena:

hura, eta ez zurea, baitaukat nik bihotzean.

 

Lan hau Giorgio Sassoalto jaunari esker egin ahal izan dugu. Mila esker, Giorgio.

Grazie per la tua grande collaborazione.

 

Page 5 of 24« First«...34567...1020...»Last »

Iñaki Bastarrikaren bloga

Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.

Azken bidalketak

  • Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
  • Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
  • Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
  • Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
  • Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
  • Arteterapia (I) 2024-03-13
  • Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
  • Bichta éder 2024-02-27
  • Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
  • Babilonia 2024-02-09

Iruzkin berriak

  • Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
  • Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
  • ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
  • Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
  • Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan

Artxiboak

  • 2024(e)ko apirila (3)
  • 2024(e)ko martxoa (4)
  • 2024(e)ko otsaila (4)
  • 2024(e)ko urtarrila (4)
  • 2023(e)ko abendua (2)
  • 2023(e)ko azaroa (2)
  • 2023(e)ko urria (5)
  • 2023(e)ko iraila (2)
  • 2023(e)ko abuztua (1)
  • 2023(e)ko uztaila (2)
  • 2023(e)ko ekaina (1)
  • 2023(e)ko maiatza (1)
  • 2023(e)ko otsaila (2)
  • 2023(e)ko urtarrila (4)
  • 2022(e)ko abendua (4)
  • 2022(e)ko azaroa (4)
  • 2022(e)ko urria (5)
  • 2022(e)ko iraila (5)
  • 2022(e)ko abuztua (4)
  • 2022(e)ko uztaila (3)
  • 2022(e)ko ekaina (4)
  • 2022(e)ko maiatza (5)
  • 2022(e)ko apirila (4)
  • 2022(e)ko martxoa (4)
  • 2022(e)ko otsaila (4)
  • 2022(e)ko urtarrila (5)
  • 2021(e)ko abendua (4)
  • 2021(e)ko azaroa (4)
  • 2021(e)ko urria (5)
  • 2021(e)ko iraila (4)
  • 2021(e)ko abuztua (4)
  • 2021(e)ko uztaila (4)
  • 2021(e)ko ekaina (4)
  • 2021(e)ko maiatza (5)
  • 2021(e)ko apirila (5)
  • 2021(e)ko martxoa (4)
  • 2021(e)ko otsaila (5)
  • 2021(e)ko urtarrila (5)
  • 2020(e)ko abendua (6)
  • 2020(e)ko azaroa (7)
  • 2020(e)ko urria (7)
  • 2020(e)ko iraila (8)
  • 2020(e)ko abuztua (6)
  • 2020(e)ko uztaila (15)
  • 2020(e)ko ekaina (9)
  • 2020(e)ko maiatza (9)
  • 2020(e)ko apirila (11)
  • 2020(e)ko martxoa (14)

Kategoriak

  • bAst
  • Juan Luis Aizpuru Beristain
  • Koldo Goitia
  • Sailkatu gabea

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA