KUTXA BATEAN AURKITUTAKO IDATZIAK
Hasiera » Maddi Imazen bloga - KUTXA BATEAN AURKITUTAKO IDATZIAK

Bizitza.

2022-06-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Bizitzaren aldaketa segundu batean.

Telefono dei bat eta barnea hankaz gora.

Arnasketa sakona, barneko kontraesanak azaleratuz.

Buruak, indartsua izan behar duzula dio, bihotza hausita duzu.

Denborak guztia sendatzen omen du.

Baina nola sendatu aldatu ezin den egoera bat?

So egin, barnera begiratu, burua gora, bihotza indartu, egoera begiratu, ikusi eta barneratu, aurrera pauso bat egin.

Goxo, mimoz, indartsu, biziki maite duzun eta hain berezia den hori izar disdiratsu bilakatu behar da.

Prest nago?

EZ.

Ezin da horrelako galera baterako prestatu.

Barneak eskaintzen dizkizun sentipenak, penak batez ere, kanporatu, azaleratu, gaiaz hitz egin eta kontziente izatea besterik ez da geratzen.

Ezinezkoa dirudien arren, posible da.

Mugak buruan, sentimendu hormak bihotzean.

Hausteko, umorea, goxotasuna, mimoa eta zaintza.

Denborak sendatzen ez duen arren, denbora bizitzea badago, azken segundurarte.

Heriotza.

Bizitza guztian maitatzeko, babesteko, haserretzeko, besarkatzeko… izan duzun hori joan da. Zure eskutik helduta, lasai eta goxo.

Arnasketa sakona.

Malkoak dariola.

Lasai.

Denborak ezarri duen sufrimendu hori joan da, behingoz.

Eta orain?

Ikastea besterik ez da geratzen, bera gabe egoten ikastea.

Faltan botatzen zaitut bai, baina zutaz oroitzen naizen bakoitzean, zoriontasunez, umorez, musikaz eta irri batekin egiten dut. Hemen, eta orain desagertu zaren arren, nire izate zein barnean bizirik jarraitzen duzulako.

Eta guzti honekin zerbait ikasi badut, zera da aita, zure bihotz guztiarekin maite diozun horri, barnea zabaldu, zaintza bermatu eta maite diozun guzti hori esatea zeinen garrantzizkoa den.

Ahazten ez dena ez da galtzen.

Eta nik beti oroituko zaitut irriz, pozik eta alai.

BIZITZA EZ DA IRAGANEAN HARRAPATUTA GELDITUZ, ETORKIZUNA ISLATZEA

2021-09-30  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Pentsamenduak kontrolatu egiten gaitu, iraganeko gertaerak zein etorkizuneko espektatibek betetzen dute kontrol guzti hau. Eta honek, zenbaitetan, min egiten digu, ez baitakigu unearen esentzia ateratzen. Zaila da hau gestionatzea, gertaera zehatz baten aurrean, iraganak pisua duen bezala etorkizunean islatzen ditugun beldurrek ere geure buruak astintzen baitizkigute.
Iraganeko esperientzietara lotzen da, datorren hori horren arabera aurreratuz, eta zenbaitetan beharrezkoa ez den sufrimendua eraginez. Hemen eta orain bizitzea ahanzturara eramanez. Urrea balio duen, eta gelditzen zaigun denboran geldirik egotea bultzatuz.
Gure bizitzak horretara mugatzen ditugu, ohartzen ez bagara ere, pentsamenduek jokabideek eta sentitzen dugun hori baldintzatzen baitizkigute. Ezin baitugu pentsamenduak islatzen duen eta gertatu ez den gertaera bat landu , ez konpondu, oraindik gertatu ez denean.
Zenbaitetan, gure bizitzetako gertaera gogor batek (edo bat baino gehiagok) horren kontzientzia piztera bultzatzen gaitu.
Nire kasuan, gertuko pertsona baten minbiziak, denboraren garrantziaz kontziente izatera bultzatu ninduen. Nire aitaren gaixotasunak erakutsi zidan etorkizunean pentsatzen igaro izaten dugula bizitza, zenbaitetan hau iristen ez denean eta bizitza bere horretan joaten uzten dugu, benetan bizi gabe.
Gure jokabide guztiak horretara mugatzen ditugu, etorkizunean gure buruaz zer izango den kezka etengabearekin korrika biziz, benetan hurrengo pausoa eman nahi dugun eta horrek betetzen gaituen pentsatzen jarri gabe, orainari bere zuku guztia atera gabe, elkarretaz zein inguruaz gozatu gabe.
Bizitza ez da iraganean harrapatuta geldituz, etorkizuna islatzea. Bizitza segundu, minutu, ordu, egun… bakoitzari ahalik eta etekin gehien ateratzea baizik. Ohituta gaude uneoro besteen ibilbideetan epaile lanak egiteaz, dirua gastatzen duen horri aurrezten ez dakiela atxikituz, maitasun bat baino gehiago duenari “zerri” etiketa jarriz, bidaiatzen duenari etorkizunik izango ez duela oroituz, dantza eta parranda asko egiten duenari erotuta dagoela esanez,…
Agian, epaile lanak egiten ditugun horretan une batez gu geu bizi garen pentsatzen jarri beharko ginateke, zenbaitetan besteei begira zergaitik ote gauden ahazten dugulako. Eta bitartean, iraganean so, eta etorkizuna oinarri dugun horretan, denborak hegan egiten du, atzera bueltarik izan gabe.

Motxilaren zama.

2021-04-15  //  Indarra  //  Iruzkinik ez

Bizitzaren jomuga zoriontasuna izateak, ez du esan nahi bizitza berak ezartzen dizkigun oztopoen aurrean beti irribarretsu azaldu behar garenik.

Zer moduz zaude? Galdetzen diguten unean, “ondo” edo “ondo esan beharko” erantzuna izaten dugu maiz gure ahoetan, “gaizki, triste, baju” bezalako emozioak adieraztea galdetzen duena deseroso sentiaraztea dela erakutsi izan digutelako. Errazagoa da, irribarre egin eta azalpenik ez ematea, benetan nola sentitzen garen esatea baino.

Galdera guk egiten badugu ere, erantzun emozional positiboa espero izanen dugu, askotan kontrakoa jasotzen dugunean zer egin jakin gabe geratuz.

Bizitza bera oztopoz beteriko ibilbide bat den heinean, modu ezberdinetara sentitu behar gara, eta honi ahotsa jarri eta honen inguruko barne lanketa bat egitea ezinbestekoa dela esan dezaket.

Ez da erraza honek ezarri izan dizkigun motxilaren zaman aurkitzen diren harri koxkor txiki zein handiak zabaldu eta honen baitan dagoen dena lantzen hastea, baina ez gara ohartzen hori egiten ez badugu ibilbide guztian zeharreko motxilaren zama geroz eta astunagoa izango dela.

Emozio zein sentipenen inguruko aitortza eta gestioa egin behar dela esatera nator gaurkoan, gure buruak ezagutzeko dugun tresna garrantzitsuenetako bat izateaz gain, aurrera begira egoera anitzen aurrean gure buruak babesteko jokamoldeetara bideratuko digulako honek.

Egoera ezberdinei helduz, esan beharra daukat, badirela gogorki astintzen gaituztenak, zulo beltz batean aurkitzera bideratzen diguten horiek, barnea hautsita sentitzen duzularik. Hauen aurrean borrokatzen ez badugu, bizitzan ezer gelditzen ez zaigula esatera ausartzen naiz. Badakit, pertsonon barne indarra ez dela denontzako berdina, ez eta bakoitzaren zama ere. Badaude pertsonak bizitza guztian zehar borrokatu beharra dutenak, honek, behin eta berriz kolpatzen dituelako, baina hala ere, altxatu eta aurrera jarraitzen dutenak. Badaude, bizitzak emandako zaplazteko batekin erortzen direnak, ondoren, altxatzeko gai ez direnak ere.

Gertaera bakoitzak modu batera edo bestera eragiten gaitu, gure nortasunaren araberakoa izango da hori.

Garbi dagoena zera da, guk geuk gure barnea hautsita sentituz gero, zulo beltzetik ateratzeko argirik ikusten ez badugu, inork ez ezerk ezingo gaituela lagundu bertatik ateratzen. Horregatik, ezinbestekoa da hausten gaituen zati bakoitza hartu eta honen inguruko hausnarketa bat egitea: horrela sentitzen naiz gertaera honen aurrean, eta orain zer? Zein da eman behar dudan hurrengo pausoa? Nola babestu dezaket nire burua? Nola izan dezaket egoera zehatzetan burua zuri? Noiz da niretzako unerik hoberna honen inguruan pentsatzen jarri eta negar eginez ustutzekoa? Zerk beldurtzen nau? Nola gainditu beldur hori? …

Askotan galduta sentituko gara, askotan iraganeko pasarte gogorrak aterako zaizkigu, besteetan, erantzun bat topatuko dugu, zenbaitetan, erantzunik gabe egoerari helduko diogu. Baina orokorrean, gure buruak gestionatuko ditugu, etorkizunean gertatzen zaigunaren aurrean tresna berriak sortzeaz gain, orainan, izaten ditugun zenbait jokabide zein emozio ulertu eta indarra hartzera bideratuz.

Eta zu, zer moduz zaude?

GORA BORROKA FEMINISTA!

2021-03-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

(gehiago…)

Hasperen bat.

2021-02-14  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Denbora gelditzeko desira segundu bateko hasperen batean, itsasoaren oihartzunak arimaren txokorik ezkutuena lasaitasunez jantzi du, olatuen hausturan itsasoak bere jomuga lortuz, indarra baretzearen oreka.

Itsasoak ezer gutxi du esateko, denboraren mugaren ertzean dabil dantzan, gelditu gabe, barneko grina olatu bakoitzean askatuz, ez da iritsi zeruarekin batzen duen marra horretara, aurrera jarraitu du, itsuturik, itsas-hondoko altxorrik goxoenak ezkutatuz.

Harkaitzen aurkako kolpeetan gelditu dira ahotsik ez dutenen oihua, segundu bateko hasperenean denbora igarotzeko desira dutenen islada, ezerezean, isiltasunean, bortitz astinduz harkaitza.

Hondarretan amaitu du bere hegaldia itsasoak, hondar-ale bakoitzaren sekreturik isilenak itsasoaren sakontasun handienera eramanez, askotarikoak dira gorde dituen irribarreak.

Askotarikoak dira gorde dituen malkoak.

Askotarikoak dira gorde dituen bihotz bakartiak.

Askotarikoak dira…

 

 

Biak lotuak, biak banatuak.

2021-02-10  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Beldurrak eta bizipenak,

kontraesankorrak, baina aldi berean lotuak,

zein gailendu? zein gutxitu?

Biak lotuak, biak banatuak.

Beldurren jabe bizipenak, bizipenen menpe beldurrak,

elkarrekin biziz, elkarri oztopatuz, irakasle lanetan emanez pausuak,

ahul edo sendoak, aurrerantz abiatuak.

Bata bestea gabe ezerazaren norabidean, iparra galduaz,

gelditzen dira salduak, bidean galduak.

Beldurrak bizipenik gabe dira balio gabekuak,

bizipenak beldurrik gabe askatuak,

elkarren egarriz, elkarrekiko amorruz,

bizitzan ezinbestekuak.

Biak lotuak, biak banatuak.

EZ GARA ASKE, IZATEN EZ BAGARA.

2021-01-12  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Izan edo ez izan.

Aske sentitu edo ez.

Zer da bizitza aske sentitu gabe?

Zer da askatasuna izanik gabe?

Bizitzan zehar igaro da denbora, urteekin zer axola?

Maite, izan gabe edo izaten, askatasunik gabe aske izan arte.

Axola gabe, edo garrantzia guztiarekin, saiatzen, ilusioez janzten, amesten, askatzen, barnetik barnera eragiten, bihotzetik bihotzera biluzten, lotzen, batzen, garena bizitzen, izaten.

Izan aditzik gabe ez dela izaten,

izan gabe, ez garela askatzen.

Musukorik gabe, muxuez gainezka elkar besarkatzen,

maitasunez eta maitasunetik zor dizkiogunak laztantzen, sentitzen, barneratzen.

Zer da maitasuna, libre izan gabe?

Ezin dugula aldamenekoa maitatu, gure burua maitatu gabe,

utz diezaiogun denborari jarduten musukorik gabe, bilakatuz amaigabe.

Uneak islatuz, uneak biziz, joko honen barruan arropa gabe,

biluztuz arimak, izanik aske, aske sentitu arte,

izan aditzik gabe ez delako izaten, askatzen,

ez dugulako maitatzen,

denboraren aurreiritziak erakutsiz, ateratzen garela galtzen,

uzten baitiogu bizitzari axola gabe igarotzen.

Izan edo ez izan.

Aske sentitu edo ez.

Zer da bizitza aske sentitu gabe?

Zer da askatasuna izanik gabe?

 

ATZERA BEGIRA

2020-08-19  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Askotan horrela igarotzen dugu gure bizitza, burua biratu eta atzean utzi dugun ibilbidea erreparatuz, aurrean duguna hobea izango ote den edo okerrera joango denaren kezka sortaraziz, orain eta hemen bizitzen ari garena pentsatzeko txokoan bazterturik.

Atzera begira jartzen ari naizen horretan ni neu ohartzen naiz baditudala ibilbidean nirekin jarraitzen duten gauzatxoak, askatzea kostatzen zaizkiten horiek, barne gatazkak edo nire motxilaren zama bilakatu direnak, korapiloak. Bere lotura horretan irakaspen bat ematen digutenak, baina aldi berean askatzeko beharra oihukatzen dutenak. Eta askotan zeinen zaila egiten zaigun hauetan arreta jarri eta askatzea…

Bizitzaren motxila, korapiloz (barne gatazkez) betea aurkitzen den horretan, gutxinaka hustutzea zeinen garrantzizkoa den ere badatorkit burura eta ez da erraza min eman izan dizkiguten gauzak oroitu, landu eta aurrera pausoak ematea. Baina ez gara ohartzen, zenbaitetan begirada atzera botatzeak min ematen badigu ere, aurrera begira pausoak emateko ezibestekoa dela.

Etorkizuna izpide jartzean aldiz, atzeko guztiak duen eraginean pentsatzen dut, azken finean izandakoak eta bizitakoak aurretik dugun bide hori eraikiko baitu, bizipen berri, korapilo, une, irri, maitasun, harreman… berriekin bat eginez. Ohartuz, egunen batean atzerako begirada izango dela.

Eta orain eta hemen, orainaren inguruan hausnartzen jartzen naizen bakoitzean ohartzen naiz zenbat denbora igarotzen dugun atzeko eta aurreko lerro horri begira edo lerro horretan geldirik, aldaketarik gabe, garatu gabe, baina geratuta.

Beste alde batetik, ordea, zera datorkit burura, orainak biltzen dituela oraingo emozio eta sentipenak, gure esku dagoela gure buruarengan arreta jarri eta iraganean min eman digun horren lanketa eginez, etorkizuna eraikitzea. Gure esku dagoela, etorkizunean, atzera begirada botatzen dugun bakoitzean irribarre salatariz oroitzea.

Bizitza ez dela erraza denok dakigu gure neurrian, bakoitzaren bizipen eta historioekin bakoitzak izan duen, izaten ari den edo izango duen hori oso berezi eta pertsonal bilakatuz. Denok ez dugu gaitasun berdina iraganera begirada bota, orainean landu eta etorkizuna kolorez margotzeko, edota eroriz gero altxatzeko.

Nik, ikasi dut eta ikasten ari naiz, erortzen naizen bakoitzean altxatzen, ezin dudanean laguntza eskatzen, atzera begiratzean korapiloak askatzen eta nire etorkizuna eraikitzen. Eta denbora guzti horretan, ohartu naiz, gure ingurua, gureak (ez posesiboki) sentitzen ditugun pertsonak, gure klana, gure familia (nahiz eta odolekoa ez izan) zeinen garrantzizkoak diren.

Gaur ere zaintza harremana azaleratzen dut idatzi honetan, honek duen garrantzia izugarria baita niretzat. Ez dira bi hitz huts, bere baitan maitasuna, etika, enpatia, errespetua, onarpena, komunikazioa, laztanak, irriak, uneak, iragana, oraina, etorkizuna… biltzen dituzten bi hitz berezi eta oinarrizkoak dira, denbora igaroz doan horretan, funtsezkoak direnak.

Zaintza harremanik gabe ez dago ez iragan, ez orain, ez etorkizun xamur, ez goxorik. Ez dago arestian aipatutako baliorik, ez eta bizitzaren ibilbide koloretsurik. Etorkizunean atzera begira horretan ez baitzaigu irri salataririk azaleratuko ingurukoak eta gureak diren horiek gabe, orainak ez baitu zentzurik izango uneak sortu gabe, eta iraganaren zama are eta astunagao izango delako aurrera begira jartzen garen bakoitzean, orainean sorbalda bat ez badugu.

Beraz, zaindu dezagun/gaitzagun elkar, egin dezagun gure bizitza xamurragoa, maitasunetik zaintzara, zaintzatik irrietara, irrietatik goxotasunera, goxotasunetik koloreetara! Eta bizi dezagun oraina, burua biratu eta atzean utzi dugun ibilbidea erreparatzerakoan irri eder batez oroitu eta aurrekoa munduko barne indar guztiarekin hartzeko!

MAITE GAITUT!

NAHITAEZINA

2020-08-16  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Nahia nahikoa ez

gailentzean ezina,

(ekinez egina)

datorkigu ausart, adorez.

 

Nahia VS ezina, non kokatu bien arteko orekaren lerro fina?

 

Lotuta ezinaren kateez

jabetzen da nahia aldaketez.

Zer egin ezina bilakatzeko egina?

hautsi inposatu diguten doktrina

eta ekinez egin ezina!

 

Nahia bilakatuz gaindiezina,

ezinari esanez ez, errailak askatuz, indarrez,

eta ohartuz ez dagoela ezinik nahirik gabe!

 

Nahia VS ezina, non kokatu bien arteko orekaren lerro fina?

 

Gu geu gara bidea, ez dezagun ahaztu.

2020-08-02  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkin bat

Nire pentsamenduaren barnean murgiltzen naizen bakoitzean ohartzen naiz gizarteak esleitutako jarrera “egoki edo moralak” direla heldutasunarekin lotzen ditugunak, hau da, nire adina duen norbait ezkonduta badago, lan iraunkor batekin eta etxe batean emantzipatuta, bere bizitza bidaiatzen igarotzea erabaki duen nire adineko beste persona bat baino helduagoa da, adibidez.

Besteen akatsak epaitzeko orduan ere oso helduak sentitzen gara zenbaitetan, aurretik guk geuk egindakoak edota egiteko geratzen zaizkigunak kontuan izan gabe.

Niretzako ordea, persona bat ez da heldutzen gizarteak esleitzen/inposatzen dizkigun jarrera eta bizitzeko moduak barneratu eta hauek jarraitzen dituenean. Horretarako, nahiago baitut betirako haur izan.

Bizitza igarotzen doan honetan, eta 2020. urtean izaten ari garen urtea kontuan izanda, ohartu naiz zeinen garrantzizkoa den bakoitzak bere bizitza norberak nahi duen moduan eraikitzea eta honi ahalik eta zukurik hoberena ateratzea.

Nire ingurura begiratu eta ohartzen naiz gizarte mailan zenbat pertsona joaten diren lanera soldata baten truk atsegin ez duten lan bat egitera, zenbat pertsona dauden bikote harreman itxi batean murgilduta maitasuna amaitu denean edo inoiz egon ez denean (urte asko dira batera, beraz ez dut harremana moztuko), zenbat pertsona aurkitzen diren berriro jaioz gero, haurrik izango ez dutela esaten dutenak edota egunerokotasunean katamaloa jarri eta irri batekin ateratzen direnak barnea tristuraz betea dutenean…. Niri benetan, kezkagarria iruditzen zaidala.

Askotan entzun izan dut nire inguruan “baduzu adin bat parrandak uzteko” esaldia adibidez. Eta nire galdera zera da: ¿zergaitik utzi ederto pasatzen badut? Parrandaz parranda egoteak nerabezarotik ez irtetea esan nahi al du? Kirola egitean ere, “ez duzu ondorioetan pentsatzen”. Eta horrela jarduten dugu gizakiok, etengabe ondorioetan pentsatzen, etengabe esango duten horren inguruan bizitzen, gizartearen onarpenaren bila.

Asko dira beraien bizitzak gustora bizitzen ez dutenak, egiten duzula egiten duzula ere, epaituko zaituztenak. Asko, berriro jaio ezkero beste bizimodu bat aukeratuko luketenak, baina gaur egungoari ahalik eta zukurik handiena ateratzea beldurra ematen dienak, asko gizarte eta sistema honek inposatu dizkigun bizi ereduak benetan nahi duten hori zer den pentsatu gabe jarraitzen, edota are eta tristeago, hausnartuta ere, betetzen dituztenak. Eta, esleituta dugun hortatik at aurkitzen dena ez da pertsona heldu bat edo erotuta dago.

Ba nik zera esango dizuet, nahiago ditut eroak edo, helduak ez diren pertsonak, baina besteen tokian jartzen dakitenak, beraien burua ere zaintzen dakitenak, benetan nahi duten hori egiten dutenak, amesteko lorik egin behar ez dutenak, edota izate hutsarekin hegan egiten dutenak. Nahiz eta akatsak egin ardurak hartzen dakitenak eta aurpegia ematen dutenak. Beraien ingurua irriz eta balio etikoez janzten dituztenak, eta ridikuloa egiteko beldurrik ez dutenak. Nahiago ditut barkamena eskatzen dakitenak, eta beraien bizitzarekin eta oraindik garrantzitsuagoa, beraien buruarekin hain gustora dauden horiek, inor epaitzeko beharrik ez duten horiek, sentimendu eta emozioak ulertu eta gestionatzen dituztenak, eguneroko gauza txikiei garrantzia ematen dietenak…

Nahiago ditut benetazkoak direnak, arima biluztu eta beraien izanagatik magia egiten dutenak, gizarte rolen aurrean ausardia adierazten dutenak, eta batez ere beraien bizitzaren ibilbidea margotzeko koloreak hautatzeko gai direnak.

Nik ez dut heldua izan nahi, zahartzaroan atzera begiratu eta heldu izateaz damutu behar banaiz.

1 / 61234Hurrengoa»

Maddi Imaz

Kutxa misteriotsu batean aurkitu nituen idatziak, non nortasunaren xarmangarritasuna azaleratzen zen. Nire buruarekin bakarrizketak egin ostean idatzi guztiek zeukaten isiltasunean zerbait oihukatzeko, ni neu askatzeko, hitz jarioa sentimendu bihurtuz.

Azken bidalketak

  • Bizitza.
  • BIZITZA EZ DA IRAGANEAN HARRAPATUTA GELDITUZ, ETORKIZUNA ISLATZEA
  • Motxilaren zama.
  • GORA BORROKA FEMINISTA!
  • Hasperen bat.

Iruzkin berriak

  • N(e)k Gu geu gara bidea, ez dezagun ahaztu. bidalketan
  • Maddi Imaz(e)k HARREMANAK bidalketan
  • Kayleigh Martinez(e)k HARREMANAK bidalketan
  • Maddi Imaz(e)k HARREMANAK bidalketan
  • aitorjs(e)k HARREMANAK bidalketan

Artxiboak

  • 2022(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua

Kategoriak

  • Bizitzako plazerak
  • Ebidenteegia
  • estereotipo unibertsalizatuak
  • Gure herria
  • Indarra
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatu gabea

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA