Ezkontzako saree-a
Duela bi aste hunkituta iritsi nintzen etxera Pooja Madamen hitzak entzun ondoren. Irakasle kuttuna dugu eta egun horretan bi ikasle bakarrik geunden klasean. Liburuak ireki aurreko hizketaldian Poojak ezkonduta ote geunden galdetu zigun Behnam ikaskide iaraniarrari eta niri. Galdera arrunta da Indian, ez nion garrantziarik eman, baina erantzunarekin asetu ez balitz bezala geratu zen Pooja, zerbait askatzeko gogoa zuela igarri nion. Horregatik galdera berbera egin nion berari.
“Ni bi edo hiru hilabete barru ezkonduko naiz. Norekin ez dago oso argi oraindik… garaia iritsi zait eta agian lagun batekin ezkonduko naiz, baina nire gurasoak konbetzitu behar ditut horretarako”, erantzun zuen irakasleak.
Jakin badakit Indian gurasoek bilatzen dituztela seme/alabentzat ezkongaiak. Maitasun bidezko ezkontzak gaizki ikusita daude oraindik. Ezkondu ondoren, emaztea senarraren familiarekin bizitzera joaten da. Hala ere, Poojak eskolan eta elkarrizketa batean kotatutakoak errealitatera gerturatzeko leiho bat ireki dit.
Poojaren gurasoak maitasun bidezko ezkontza egin zuten, euren familiek onartu ez eta etxetik ihes egin zuten. Gurasoek sasoi gogorrak izan zituzten ezkonberritan “aita familia aberats batetik zetorren baina etxetik alde egitean dena galdu zuen”. Pooja pobrezian jaio zen, “txabola txiki batean bizi ginen” eta 12 urterekin ezkondu egin nahi izan zuten, baina “zorionez” eskolan jarraitzeko baimena lortu zuen.
Urteekin miseriatik irten baziren ere Poojak oztopo gogorrago bat zuen: gurasoek jarritako kateak. “Etxetik kanpoko mundua txarra dela pentsatzen dute eta eragin maltzur horretatik urruntzeko ez didate uzten kalera bakarrik irteten”.
Kaiolan bizitzea
Unibertsitatera sartzea ez zen broma izan Poojarentzat, gurasoak ez zeuden ados. Baina berarentzat “ezkontza baino garrantzitsuagoa da hezkuntza, nahiz eta Indian ezkontza izan helburua emakumeontzat”. Unibertsitateko ikasketak burutu eta ingeleseko irakasle da Puneko Unibetsitatean. Baina gurasoen ezjakintasunek mugatu dute Poojaren gaztaroa. Etxetik unibertsitatera eta unibertsitatetik etxera.
“kaiola batean bizi naiz, ez dut gaztaroa gozatu, ez dut inoiz parrandarik egin. Beti esaten didate kontuz ibili behar dudala emakumezkoa naizelako”. Irakasle lanbidea ere eurek aukeratu zioten “ilunabar aurretik etxera iristeko”. Irabazten duen dirua erreklamatu egiten diote, bankuko txartelak eta nortasun agiriak ezkutatzen dizkiote eta etxeko giltzarik ere ez du.
Etendako aukerak
Dantza egitea eta antzeztea maite du Poojak eta duela gutxi Bollywoodeko film batean lan egitea eskaini zioten, baina gurasoek ez zuten inondik ere horrelakorik onartu, “bizitzaren alde hori ez omen da egokia. Nik talentu asko dut baina ez didate uzten garatzen!”. Ezezkoak jasotzen ohitu da ordea, ikasle zela ikasketak Canterburyko Unibertsitatean jarraitzeko beka bat irabazi zuen, baina gurasoei ez zitzaien aukera baliagarria iruditu.
Behin etxetik alde egin zuen gau batez eta lagun baten etxera joan zen, baina ez zion egoerari eutsi eta etxera itzuli zen. “Batzuetan txori batek bezala hegan egin nahiko nuke, baina ez dut alde egiteko indarrik”.
Ezkontzak askatasuna eskaintzen duenekoa
Poojak ezkontzeko garaia du, 24 urte ditu. Maitasunarena bigarren mailan utzi du, “ezkontzeko ideia dabilkit, etxetik arazorik gabe irteteko”. Eta senargaia aukeratu duela dirudi, “familiako lagun bat da, beti ulertu izan nau eta egokia dela uste dut, gurasoek ukatu didaten askatasuna eskaintzen dit”. Askatasuna lortzeko ezkontzea, ia ni ere konbentzitu nau.
Baina ez nau ni konbentzitu behar, gurasoak baizik, ez baita beraiek aukeratutako mutila. Gurasoek ordea duela urte batzuk aukeratu zioten senargaia eta kale egin zuten. Dena prest zegoen baina ezkon aurretik mutilaren inguruko zurrumurruak entzun zituzten “edan egiten zuela, giro txarretan mugitzen zela… eta ezkontza aurreko egunetan, hitzordu batean mutilak bultza egin ninduen”. Ezkontza bertan behera geratu zen. Ea oraingoan zorte hobea duen.
Jakingo bazenu ze harreman izaten ai naizen kaiolekin… Eskerrikasko hau konpartitzeatik!!
eskerrik asko zuri, hor eoteatik!