La Mamma!
Elisabetta da Indian ezagutu dudan ama harrigarriena. Benetako mamma italiarra. Punera duela bi urte iritsi zen senarrarekin (Matteo), bi alabekin (Teresa eta Isabella) eta erraietan semea (Marcello) zekarrela.
Nik orain ezagutu dut familia, Teresak bost urte ditu, Isabellak hiru eta Marcellok bat eta erdi, eta sarri joaten naiz italiarrenera bisitan, sekulako giroa dago beti etxe horretan. Ez du haurtzaindegien inbidiarik: jostailuz, eskulanez, marrazkiz, mozorroz, musika tresnaz eta ipuinez betea dago. Liburutegia ere aparta dute Elisabettak eta Matteok amatasunari buruzkoa, nola hezi haur optimistak, nola egin yoga seme-alabekin, erditze naturalak, amatasunaren irudidun liburu andana… Eta egia esan, haurrak zein baino zein ederragoak dituzte.
Etxeko atea beti dago zabalik eta hirukotearen iskanbila urrutitik aditzen da. Sartu, eta goiz bada, aurkitu ditzakezu haurrak pasta pesto-arekin gosaltzen, salako kolunpioan jarrita edo amaren magalean titia hartzeko txandak egiten. Teresa jaio zenetik, Elisabettak ez dio utzi bularra emateari bost urtean.
Amatasuna gozatzeko aukera bat da India emakume atzerritar askorentzat, bikotearen lanagatik etortzen baitira, eta gehienetan, gizonezkoek bakarrik egiten dute lan. Elisabetta ere senarraren lanagatik etorri zen Punera, baina arkitekto lana Teresa jaio zenean utzi zuen Italian: «Ama izan aurretik erabaki nuen umeak koskortu arte lanik ez egitea; Lanik gabeko tarte hau ez dit Punek eskaini, baina beste opari ederrak eman dizkit niri Indiak, adibidez, etxean erditzea».
Italian ezin izan zuen etxean erditu, Teresa eta Isabella ospitalean etorri ziren mundura. «Erditzeak etxean hasi nituen, baina pixkat luzatu ziren eta ospitalera joan ginen. Ziurrenik etxean amaitzeko arazorik ez nuen izango baina ingurukoen eta familiaren presio asko nituen eta beldurtu egin nintzen», azaldu du Elisabettak. Marcellorekin askeago sentitu zen: «Indiako magia honek indarra eman zidan eta ausardia; gogo, gorputz eta arimaren lotura biziago daude hemen (medikuntza ayurvedikoa, meditazioa, yoga…) eta horri esker esaten dut Indiak nire ametsa betetzen lagundu didala».
Jaiotza oso berezia izan zen Marcellorena; eta erraza izan zela ere azaldu du: «Gela batean jostailuzko igerileku bat bete genuen eta momentua iritsi zenean hantxe sartu nintzen». Alboko gelan beste bi neskak lo ziren, baina amaren garrasiekin esnatu eta gurasoak zeuden lekura joan ziren beldurtuta. «Negarrez ikusi nindutenean Teresa eta Isabella ere negar batean hasi ziren. Lagun bati hots egin genion neskatxoez ardura zedin, baina gauerdia zen eta ez zuen etortzeko modurik, hortaz Matteo joan zen bere bila». Han geratu zen Elisabetta igerileku barruan tripa handiarekin eta bi alabak beren onetik aterata. «Halako batean iritsi ziren! Orduan neskei galdetu genien zer nahiago zuten: gurekin (gurasoekin) geratzea edo lagunarekin beheko solairura joan eta ipuin bat entzutea». Ipuina aukeratu zuten eta Marcelloren jaiotzarekin amaitu zen.
Ze politta bizipena eta ze politta energia hori dana…