Fruitu lehor kaxa bat
Mumbai Smiles ezagutzeko irrikaz abiatu ginen Punetik Mumbaira (Bombay); trenez, taxiz, rickshaw-z eta oinez azkenik, beroak jota, arropak gorputzari itsatsita iritsi ginen Nehal-ekin genuen zitara. Gobernuz Kanpoko Erakunde horretan lan egiten du Nehalek duela bost urtetatik. Mumbai Smiles-en lana bixitariei erakusten aritzen da Nehal eta bihotzetik ematen ditu azalpenak.
Mumbai Smiles Jaume Sanllorente kazetari kataluniarrak sortu zuen 2005ean, Mumbaira plazer oporretara etorri eta hiriak utzi zion ezinegonaren ondoren. Bizitza aldatu zion Mumbaik.
Negozioa da Mumbai, entretenimendua. Bollywood da Mumbai. Baina, batipat, da gogorra. Han egon denak badaki. Muturreko aberastasuna eta pobrezia absolutua aurrez aurre. Haurrak eskean, luxuzko hotelak, elbarriak, Ferrariak eta zikinkeria nonahi. Mumbaien filmatu zuten Slumdog millionaire pelikulan sartu naizela sentitu dut hiri horretan egon naizenetan.
Ikusten denak kolpatu eginten badu, ikusten ez dena gogorragoa da: Indiako hiri handiena da –ia 21 milioi, australiak adina– eta biztanleen %60 slum–etan bizi da (txabola auzoak). Slum erraldoiek jandako hiria dirudi Mumbaik. Bollywoodeko ametsek 200-300 familia dakartza egunero metropolira, espaloiak bizileku bihurtuz. Delinkuentzia, drogak, bortxaketak, haur eta emakumeen salerosketa egunerokoa dira.
Panomara honen aurrean GKEak dira taxuzko lana egiten ari diren bakarrak eta zorionez dezente daude, Mumbai Smiles da horietako bat. «Bizitza duina eman nahi diegu slum-etako jendeari, oinarrizko eskubideak izan ditzaten» Nehal-ek azaldu digu taldearen helburua. «Orain ordea diru laguntzak asko gutxitu dira, Espainiako krisia gu ere gogotik sufritzen ari gara», Jaume kataluniarra izanda handik laguntza asko jasotzen zituzten orain arte. Indiako Slum-etako umeak gure ekonomiaren menpe.
Euren lan eremuan errespetua erakusteko iritsi aurretik bi baldintza eskatu zizkigun Nehalek: arropa luzez janztea eta haurrei musurik ez ematea. Ibilbidea Mumbai Smiles-eko bulegoetan hasi eta amaitzen zen. Lehen bistan, ofizinako apaltasunak hoztu egin ninduen. Bisita amaitzean, ezin hotzik sentitu, hunkituta geunden ospitaletik bueltan.
Hogeitabost haurtzaindegi dira elkarteak duen proiektu indartsuena. Sei urtera arteko umeei heziketa, jatekoa eta kariñoa ematen diete egunero. Gurasoak hezkuntzaren garrantziaz jabetzeko lan egiten dute eta haur-eskoletako irakasle izateko prestatzen dituzte. Eta funtzionatu egiten du: ama asko irakasle dira haurtzaindegietan, «eurentzat harrigarria da ezertarako aukerarik ez izatetik irakasle bihurtu eta soldatatxo bat izatea». Gainera, umeak, haurtzaindegitik eskolara eta eskolatik unibertsitatera bideratzen ditu Mumbai Smiles-ek.
Haurren minbizia
Lan ildo gehiago ere badituzte: emakumeentzat artisautza tailerrak, legenardunen errehabilitazioa, erizaintza ikastaroak… baina denetan hunkigarriena haurren onkologia programa da. Minbizia duten familia behartuetako haur eta gaztetxoak hartatzen dituzte «Mumbaiko onkologiko onenetako batean. Ospitale publikoetan prozesua oso luzea, luzeegia, izaten baita». Hiritik kanpoko haurrak ere ekartzen dituzte, hortaz, familiek askotan jaioterria utzi behar izaten dute seme-alaba hemen tratatzeko. Mumbai Smiles harrera-gunea da familia horientzat; gainontzeko seme alabentzak eskolak aurkitzen dituzte, ostatu eta laguntza ekonomikoa ematen diete, eta gai burokratikoaz arduratzen dira «askotan familiek ez dute Hindiz edo Marathiz hitz egiten eta pauso guztiak oso zailak dira beraientzat, gainera horrelako egoera batean…» argitu du Nehal-ek.
Bi haurtzaindegietan, emakumeen tailer batean eta onkologikoan egon ginen. Hurrengo eguna jai egun berezi bat zela eta donazio bidez umeentzat lortutako fruitu lehor kaxa bat erakutsi ziguten ospitalean “bihar emango dizkiegu» esan zuen Nehalek poz txikia erakutsiz, «tratamentuetan daudenei asko komeni zaizkie eta sorpresa emango diegu”; eta ordura arte negarrari eutsi banion ere, kaxa hari begira erori zen nire lehen malkoa, pentsamendu tonto batekin gainera: «eta fruitu lehorrak gustatzen ez bazaizkio ume bati? Zein da sorpresa orduan?».
oso interes garria…ama
eskerrik asko amatxo!
Hunkitu egin nauzu Mari. Argazkiak ere latzak. Ondo. Hurrenan zain. Pa.
Ufff… Pentsamendu tontuan jabe ite bagea pixkanaka danok, trantsizio garaian gaude!! Muxu
Ederra!