Argi berdea slumean
«Nik liburuak saltzen nituen umetan. Semaforoetan. Semaforoetan lan egiten nuen umetan. Liburuak saltzen. Egun osoa ematen nuen eguzkitan semaforoa gorriz jarri zain. Kolore gorria piztean ziztuan sartzen nintzen trafiko ibaira. Auto, kamioi eta rikshaw artean sigi-saga. Behin batean moto batetik bi neskek keinu egin zidaten. Ale bat saltzeko esperantzan pozarren hurbildu nintzen, baina ez zuten libururik nahi, ‘eskolara joan nahi al duzu?’ galdetu zidaten. Horrela hasi nintzen Akanksha-n eta orain merkataritza ikasten ari naiz unibertsitatean». Bere historia kontatu du Salmanek. Horrela hasi da jaialdia, eta zorteko sentitu naiz han egoteagatik.
Kurtso amaierako ekitaldia izan da, unibertsitate bateko areto nagusian. Hainbat emanaldi egon dira eta aurtengo graduatuei tituluak eta zorionak eman dizkiete. Alaitasuna igarri da taula gainean, eta ikusleak ere pozik.
Eta konturatu naiz, Salmanen historiari esker, eta ondorengo dantza, kanta, aldarri, antzerki eta jarrerei esker, Akanksha jende askoren bizia aldatzen ari dela. Eta ikuspegia zabaltzen: «Nik berdintasunean sinesten dut: klase eta kasta guztietako jendearen artean. Berdin dio emakume, gizon, homosexual edo trabestia izan… denok berdinak gara, denok dugu ahotsa» borobildu du Salmanek.
Reenak eraman nau jaialdira. Jatorri indiarreko estatubatuarra da bera, New Yorken irakaslea eta dantzaria zen –Indiako Khatak dantzak egiten zituen–. Duela hiru urte iritsi zen Indiara baina orain ez du dantzarik egiten, Akankshak eta Som semeak betetzen dute bere denbora eta bihotza. «Akankshan sinesten dut karitateaz aparte kalitatea eskaintzen dugulako. Jakintza eraikitzeko gai diren haurrak hezi nahi ditugulako, beren ulermena eratzen dutenak, berdintasuna eta errespetua baloratzen dutenak. Aurrerakoiak gara. Eskola pribatu asko baino maila hobea dugu; zer esanik ez publikoekin konparatuz gero! Nire semea Akankshako eskola batera joatea da nire ametsa!».
Oraingoz, 15 eskola eta 4000 ikasle ditu elkarteak. Denak slumetako neska mutilak. Denak pobreak. Haur bulnerableak dira oso eta horren adibide jaialdiko azken emanaldia: Sexu erasoei buruz antzezlana aurkeztu du hamar urteko ikasle talde batek. Eta mezua oso sinplea zen: Ez da normala; eta esan egin behar da.
Matematika bai, baina indar eta autokonfidantza premia ere badute ikasleek. Eta hori garatzea da Akanksharen helburua, «esaten diegu: zure bizitza zaila da, baina uste dugu zuk ahalmena duzula nahi duzuna lortzeko». Eta gazteek eskolan jasotakoa etxeetan zabaltzen da, familietan bilakaera antz ematen da. Gainera, Akankshak Guraso Elkarteak ere sortu ditu, «erabakiak hartzera bultzatzen ditugu eta beren onerako lan egiteko eskatu, adibidez gobernuari komunak konpontzeko eskatzera joatea proposatu diegu aste honetan». Elkartearen beste xede bat: Familiak hitzaren garrantziaz jabetzea. «Pobreziaren estresak (gaixotasunak, dirurik eza, janari falta…) berriketa gutxitzen du familietan. Guk esaten dieguna da seme alabekin hitz egiteko, horrela ere asko ikasten dutela».
Emakumeekin ere lan egiten dute, iritzia emateko eskubidea dutela erakutsiz «ez badute nahi haurrik izan, ez badituzte alabak hamasei urterekin ezkondu nahi…». Eta emaitzak jaialdian nabarmendu dira: hitz egin da emakumeen askatasunaz, haurren ametsak betetzeko eskubideaz, jaiotza kontrolaz, emakumeen eta haurren aurkako indarkeriaz…Slumetako jendea horrela mintzatzen entzutea hunkigarria da.
Beltzuneak
Ikasleak, eskolara doazen familiako lehen kideak izaten dira sarri, eta etxekoen itxaropen bakar bihurtzen dira. Horrek presio handia eragiten die haurrei. Familiek, gainera, dirua ematen duten lanbideak nahi dituzte seme alabentzat. «Guk esaten diegu: ezin dute guztiek ingeniariak edo medikuak izan. Batzuk eskuekin onak dira eta hori landu behar dute. Edo beste batzuk idazle izan nahi dute».
Zoritxarrez, badira okerrago daudenak ere, kalea bakarrik ezagutzen duten haurrak. «Gurera slumetako haurrak etortzen dira, gurasoek ekarrita. Eta txaboletan bizi dira, bai. Baina behintzat aterpea dute. Zer gertatzen da kaleko haurrekin? Gurasorik ez dutenekin? Prostituten umeekin?». Akankshako helburua haur horietara heltzea ere bada, baina baliabideak falta zaizkie. Irakasleak bilatzea adibidez oso zaila da, ezin dugu askorik ordaindu eta irakasle onak eskola pribatura jotzen dute. Akankshako irakasleak «oso onak dira, baina guk egin ditugulako on».
Atzerriko irakasleak besoak zabalik jasoko lituzkete, soldata txikia da baina esperientzia handia. Bizi berri bat hastera atrebitzen?
ikusi jaialdiaren laburpena:
Hartuemana eta maittasuna baiño ikasketa hobioik… Askatasuna, babesa, segurtasuna izan ezkeo ongizatia ziurtauta dao!! Atrebentziya lantzen Mari… Muaks