13 etxe garbitzen dituen emakumea
Bereaz gain, egunean hamabi etxe garbitzen ditu Shobhak, astean sei egunez, 300 euroren truke. Goizeko lauetan jaikitzen da, familia guztiarentzat bazkaria prestatu eta martxa! iluntzera arte. Igandeetan hartzen du atseden. Etxe dotoreak garbitzen ditu, eta handiak. Oso handiak berearekin konparatuta: Sei lagun bost metro koadroan bizi dira. Eta espazio horretan gertatzen da dena, jatorduak egin, ikasi, lo egin… Eta dena gertatzen da gainera, eserita. Ez dira zutik kabitzen, «haizagailuak lepoa moztuko digu!», egin du barre Shobhak. Hamar etxeko, komun bat dute atarian. 30 euro ordaintzen ditu hilabetean alokairu.
Lau alaba eta seme baten ama da, eta biloba bat ere badu. Eta amets bat du Shobhak: bere seme alabek ikasketak amaitzea. Eta lortuko du, oso ikasle onak dira. Harro dago Shobha, bi zaharrenek handia egin dute-eta: «9,5eko eta 9,4ko batez bestekoak atera dituzte unibertsitatera sartzeko azterketan, ingeniaritza ikasten hasiko dira biak orain». Elkarrizketan, unibertsitateko irakasle bat genuen itzultzaile eta miretsi egin du lorpena, Indian unibertsitateetara sartzea oso zaila dela nabarmenduz. Gainera, emaitza hauei esker diru laguntza onak lortu dituzte eta Shobhak ondo gobernatu du dirua: dena seme alaben hezkuntzarako izango da: «Eskola eta unibertsitateak ordaintzeko bakarrik, ez dut diru hori etxea eraikitzeko erabiliko».
Senarrari ere ez dio xentimorik ematen, «bestela dena gastatuko luke!», baina jakin ere ez daki familiaren ekonomiaren berri. «Ez daki beka edo aurrezkiei buruz… ezer ere ez daki. Nik ematen ditut diru kontuak, sinatzen dakidalako. Ez dakit idazten, baina sinadura egiten bai. Eta hortaz, bankura joan naiteke eta nire kontua kontrolatu».
Eta ardura gehiago ere baditu, irakasleek deitutako bileretara joan, seme alabei etxeko lanak egiteko eskatu… «eta zerbait ulertzen ez dutenean ere laguntzen diet, adibidez alabak kimikako formula batekin laguntza behar badu, nik galdetzen dut lanean -etxekoandre bat irakaslea da- eta gero alabari azaltzen diot».
38-39 urte inguru ditu Shobhak. Hori kalkulatu du galdetu diodanean: “Hamabost bat urte izango nituen alaba zaharrena jaio zenean eta berak hogeita hiru urte ditu orain”. Urteetako lanari esker dirua aurreztu du. Bizitza asegurua erosi du familiarentzat eta lursail txiki bat hiri kanpoaldean. Orain, denen artean etxe bat eraikitzen ari dira bertan: «bi espazio bereizi izango ditu, sukaldea eta logela, eta terraza bat ere bai!», esan dit pozik.
Shobha borrokalaria da. Jaio zenetik. Bost anai arrebatan bizirik atera zen bakarra da. Neskatxatan aita eta ama eraikuntzan lanean hasi ziren, eta bera ere bai, gurasoekin. Beharrak eta ilusioak bultzatuta aurrera egin du Shobhak, «ez dut nahi umeek nik egin behar izan dudan lan guztia egitea eta hezkuntzari garrantzia ematen diot». Eta, irribarrez, bere kasa irakurtzen eta idazten ikasten hasi dela aitortu dit.
Latza emakumia!
Joe, lotsa ta aldi berian indarra emateit hau dana irakurtzia!
Joe, lotsa ta aldi berian indarra emateit hau dana irakurtzia!