Indiarra Frantzian, Frantsesa Indian
Atearen alde batean edo bestean jaiotzeak, horrek sortu du aldea anai arreben artean. Sushila barruan jaio zen. «Nire ama umezurztegira sartu zen nitaz erditzera, eta han utzi ninduen. Berak eman ezin zidana lortuko nuen esperantzan. Nire anaiaren amak haurra umezurztegi kanpoan laga zuen. Mojek hartu, jaiotza data kalkulatu, eta hil zorian zegoen umea salbatu zuten».
Bi haurrak Frantziako bikote batek adoptatu zituen geroago. Mutila lehendabizi, neska bi urte geroago. Orduan bihurtu ziren anai arreba. «Baina oso bizitza desberdina izan dugu. Nire anaiak uste du abandonatua izan zela, ukatu egin nahi du Indiako jatorria, ikusi izan dut dutxan azala igurzten kolorea ezabatu nahian. Nik berriz Indiara etortzeko irrika izan dut beti». India bere buruan egon da beti, zuzenbidea ikasi eta jatorrizko herrialdeari buruz ikertzea biak bat izan dira Sushilarentzat. «Hamazazpi urterekin alde egin nuen etxetik, eta ez nuenez Indiara etortzeko aukerarik, Indiari buruz irakurtzen hasi nintzen, kultura, legeak, erlijioa, politika…».
«Bat batean amak adin bereko bi neska oso desberdin zituen etxean. Eta desberdin tratatu gaitu, zoritxarrez»
Hainbat saiakera eta gero iritsi da Indiara eta praktika batzuk egiten ari da unibertsitatean. Herrialdera iristea katartikoa izan da. «India zapaltzean zama bat kendu nuen gainetik, arnas hartu nuen». Zazpi hilabete besterik ez daramatza hemen, baina bizipoza eman dio Indiak. Eta hala ere… «gogorra da zikinkeria, kaleko jendea, kontrasteak ikustea… Baina gehien izorratzen nauena emakumeen egoera da, jaiotzen direnetik euren bidea erabakita dago eta bide injustua gainera, alde horretatik baloratu egin dut Frantziak eman didana: nire aukerak egiteko askatasuna».
Ezagutu ez zuen amarentzat maitasuna du Sushilak. Emakume harentzat, alaba familia aberats batek adoptatzea, amestutako aukera zatekeela uste du; berak hazi ezin zuen alabari opa ziona. Ametsak ordea ez dira beti betetzen, ez Indian eta ez Europan. Urtebeteko haurra zela eraman zuten Marseillara. «Nire anaia adoptatu eta gero, amak alaba bat izan zuen eta neskatxak hamar hilabete zituenean gurasoek ni hartzeko aukera izan zuten, nik urtebete nuen. Beraz, bat batean amak adin bereko bi neska oso desberdin zituen etxean. Eta desberdin tratatu gaitu, zoritxarrez». Sushila izan zen galtzaile maitasun banaketan: «Nire anaia zen bere kuttuna; nire ahizpa, hainbeste kostata izan zuen alaba biologikoa; eta ni hor erdian iritsi nintzen, paper finkorik gabe… Gainera ni heldu eta urtebetera gurasoak dibortziatu egin ziren eta amarekin bizitzera joan ginen hirurok».
Ezin jakin zein izango zen etorkizuna Indian Sushilarentzat. «Badakit Frantziara joateak eman didana ez nuela hemen lortuko, baina nik haurtzarorik ez dut izan, ez dut inozentziarik izan, amak ez ninduen ondo tratatu eta etengabe pentsatzen nuen Indian, ‘eta Indian zoriontsu banintz?’».
Hemen ordea, Indiaren beste aurpegi bat ikusi du. Bera hemengoa da, eta ez da. Hemengoa du itxura, baina kanpokoa jarrera. Kontraesan horrek bertakoak harritu egiten ditu eta ez zaie gustatzen «ez naiz librea Indian. Begirada beldurgarriak jasan izan ditut zigarro bat erretzeagatik kalean».
Talka kulturalak egon arren, Sushilak India behar zuen bere burua definitzeko. Duela bi hilabete Mumbaira joan zen, bera jaio zen umezurztegia ezagutzera, eta arnas hartu zuen berriz ere. «Infernuaren erdian paradisua iruditu zitzaidan, mojak oso jatorrak izan ziren». Hogeita bost urte geroago bisitatu du bere jaiolekua. Eta sehaskaz betetako logelan sartu zenean itzulerako bidaia amaitu zuela sentitu zuen: «Izkina batean moja bat zegoen ume bat urrumatzen, andre hark begiratu ninduenean bere aurpegian argia piztu zen, eta jakin nuen nik ere beso haietan lo hartu nuela»
.
Beti bezela, oso politta, hunkigarriya, latza…
Bai oso polita eta aldi berean gogorra. Azkenean denok jakin nahi dugu nondik gatozen, agian nora joan gaitezken jakiteko. Eta denok modu batera edo bestera emigranteak gara edo izan gaitezke, beraz denon artean errespetatu egin beha gea
ez baitakigu nun bukatuko degun.
Pausu bakar bate ezta zoriz ematen… Latza da batzuna hain gogorra, bestiana gogor xamarra… ta suerteko geanak izatia kejati hutsak. Asko dakat ikasteko…