Mari Artano
Laino guztien azpitik, sasi arteko istorioak eta sorginak bilatzea gustatzen zait. 'Emakume euskaldun bat Indian' naiz orain eta blogean emakumeak elkarrizketatu eta kooperaziorako ideiak emango dizkizuet. Ea nik elkarrizketak egiten bezain ondo pasatzen duzuen blogarekin.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- martano(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- Naiara(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- Maialen(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
Niharen begirada
Atalak: Sailkatugabeak
Larunbaterako elkarrizketa hitzartua nuen familia indiar batekin eta azkeneko momentuan, kale! hurrengo astera atzeratu dute zita. Eta ni astelehenean blogean zintzilikatzeko post gabe! Larrituta, motoa hartu eta, benetako kazetariak bezala, istorio bila irten naiz kalera.
Lehenengo helburua bezperan altoa eman zidan polizia bilatzea izan da, neska gazte bat zen, ordubeteko ika-mikaren ostean eta 200 rupiaren truke (2,5€), joaten utzi zidana. Gelditzen bazaituzte ezin ordaindu gabe alde egin, isunik jartzen ez badute ere.
Nekagarria da, aste honetan lau aldiz geratu naute. Behin arrazoiarekin, bale, hiru lagun gindoazen motoan eta oso erakargarria iruditu zitzaien poliziei, kanpotar itxurak gelditzeko aukerak nabarmen igotzen ditu. Baina orokorrean, motibo gabe geratzen zaituzte, eta dirua eskatzeko aitzakia bila hasten dira. Kontuak kontu, gaur ez dut emakumezko poliziarik ikusi.
Bigarren aukera: hiriko gune pijoko taberna hippy-ra joango naiz eta tunika granatez ibiltzen diren atzerritar horietako bat harrapatuko dut. Osho meditazio zentrora etortzen dira, meditatzera. Eta han, tunika artean piztu zait bonbilla granatea: “Nicole!”.
Love is in the air
Mezu guztien bukaeran love jartzen duen horietakoa da Nicole: “Bai Mari, ordubietan nire etxean. Love;” edo ”ba al zatoz yogara? love”. Bai, baina pertsona sakona da eta bere baretasunak edo barne bakeak inbidia ematen du. Nicole alemaniarra da eta Indiako espiritualitateak lotuta dauka, tunika granatez ibiltzen da sarri.
Yogak ekarri zuen hona, lehenengoz 2009an: “Rishikesh-era egin nuen bidaia bat, Yogaren munduko hiriburua da eta asko gustatu zitzaidan, konexio berezia izan nuen herrialde honekin eta neure buruarekin; eta sarriago etortzen hasi nintzen”. Yoga eta meditazioa landu zituen Indian barrena bidaiatuz, han, hemen, goian, behean, alde batean eta bestean; eta halako batean Goa-ra iritsi zen. Indiako hondartzen harribitxira. Eta hor “klik” egin zion buruak, eta esan zion: “Nicole leku honekin lotura izan behar duzu, zerbait egin behar duzu”. Eta agian yogak ematen duen indar horri esker, Yoga irakasle izateko eskola bat ireki zuen Goan.
Hirugarrenean, Niha
Nicolen istorioaz idaztea erabakita nuela etxerantz abiatu naiz. Baina bidean eskale familia batengana gerturatu naiz, espaloian bizi dira, ezagutzen dugu elkar bistaz. Hala ere, elkar ulertzeko arazoak izan ditugu. Tira, ez dago asko ulertu beharrik egoera horietan. Edo bai…
Hasieran lauzpabost lagun nituen inguruan, baina semaforoan berdea piztu eta kotxeak martxan hasi direnean, errepideko haur eskale denak inguratu dira, korrika batean, itxaropenez. Dirua, janaria eta arropa eskatu dizkidate; esnea, txokolatea eta karameloak eman dizkiet.
“Hau gorra da”, “honek azalean gaixotasuna du”, esan dit ama gazte batek, “nik ez dut gurasorik eta loreak saltzen ditut semaforoetan” esan dit Nihak. Eta ni asteleheneko postarekin kezkatuta… eta Niharen begiradak bihotza zeharkatu dit; Eta argazkia atera diot, eta gaizki sentitu naiz. Eta ez zait bere begirada burutik kentzen.
Niha.