Paradisutik
Hasiera » literatur apunteak » Nondik dator Mundu guztiak?
Eka15 0

Nondik dator Mundu guztiak?

Atalak: literatur apunteak

Azkenean, Mundu guztiak nire izenpean argitaratu denez gero, behartuta sentitu naiz elkarrizketa eta liburu-aurkezpenen bat egitera, eta maiz galdera horri erantzutera: Nondik eta nola etorri da Mundu Guztiak 2046tik 2026ko EHra?

Lehenik, baina, daitort: ez ditut bereziki atsegin aurkezpenak. Nork bere liburuaz hitz egitea oso gauza zilbor-zalea da. Egoak kanpora atera nahi du eta zeinen ederra den munduan agertu. Zilborreko ile-bolatxoak atera eta jendeari ponpoi gisa erakutsi: Nire liburua, ni, nire liburua, ni, nire liburua, ni… Vengo a hablar de mi libro… Gainera, txisteak aldez aurretik esplikatzea bezalako zerbait da: Kontatuko dizut txiste bat super ona, da bankero bati buruzkoa eta…

Baina zerbait egin behar da liburua promozionatzeko. Salgai dago 16 eurotan. Mamma mia. Irakurri (erosi) euskal kulturagatik, Txalapartagatik, tokiko zure liburu dendagatik. Jende langilea da, eta jende honek ere jan behar du. 16 euro horietatik diru gehien ateratzen dutenak haiek dira. Egizue, ba, haiengatik.

Hor duzue, beraz, motibo on bat liburua erosteko. Baina beste batzuk ere aipatuko ditut liburu hau beste guztien artean aukeratu dezazuen. Ohartzen zarete ze pretentziosoa den hori? Aha.

  1. Motiboa: Asko irakurtzea maite ez duzuenontzat, barruan marrazki-argazkitxoak ditu. Nire lagun batek @b_rr_k_-k sortu ditu. @b_rr_k_ izaki adimentsu partzialki artifiziala da, gauza iletsu maitagarri bat.
  2. Motiboa: Objektua bera oso egokia da. Liburu honek 102,5 gramo pisatzen ditu, eta, haize baldintza egokietan, 50 km orduko abiadura harrapa lezake 0,5 segundotan esku batek 120 newtoneko indarraz askatzen duenean.
  3. Motiboa: Liburu hau erostea –baita irakurtzea ere, nik uste– merezi du, ez nik idatzi dudalako, nik idatzi ez dudalako baizik. Liburuan dio: “2046tik heldu zaigu Mundu guztiak, gurera, liburu formatuan, izatez mental trip gisako artefaktua dugun arren”.

Hari honekin jarraituko dut, orain bai:

 

Nola heldu zitzaidan liburua 20246tik? 

Liburua 2046tik heldu zitzaidan. Badakit sinesgaitza egiten zaizuela, baina ez al da sinesgaitzagoa nik idatzi izana? Ze liburua nahiko ondo dago, esan ahal dut harrokeria eta modestia aparte, neuk ez dudalako idatzi. Ignacio Aldecoa beka ere eman zioten. Egia da nik poltsikoratu dudala diru-saria. Baina ez da nire arazoa, neuk argi eta garbi adierazi dut han eta hemen ez dudala nik idatzi. Beraz…

Azaldu beharko nuke nola heldu zaidan edo bidali didaten etorkizunetik liburu hau… Aha.

Bo, ni duela urte batzuk hasi nintzen portugesa ikasten. Portugesak euskaldunak bezain fededunak dira, baina apalagoak dira, batez ere erdiguneko euskaldunak baino. Duolinginho-rekin ekin nion, eta eguerditan, berriz, Gasteizko Kutxi kaleko okindegian Isabelekin praktikatzen nuen. Egunero hitz egiten genuen pixka bat portugesez. Eguneroko hitzordu atsegina zen, estavamos a falar, é verdade, em portunhol. Mas não tinha pressa, o ritmo estava bom.

Egun batean, ordea, iktus bat eman zion okindegian bertan. Pertsona batek aurkitu zuen lurrean etzanda. Egun horretan ez nuen ezer jakin, baina harritu ninduen okindegia itxita aurkitu izanak: Isabelek igande arratsaldeak besterik ez zituen libratzen, ez zuen inoiz hutsik egiten, larunbat gauetan ere irekitzen zuen eta bi-hiru ordu lo eginda altxatzen zen igandeetan. Ez genuen sekulan berriz ikusi okindegia gobernatzen, e nunca mais falamos ne portugues, ne portunhol.

Nik uste dut lan-iktus bat izan zela, izan ere, emakume horrek bi pertsonen lana egin behar izaten zuen ogi denda aurrera eramateko.

Ogi saltzailea, portuges mintzakidea eta irribarre atsegin bat hil ziren. Behin, kontatu zidan Portugalen esaten ziotela ez zuela ondo egiten portugesez, baina hemen denek antzematen ziotela portugesa zela. Beste behin, mina eman zion gizonaren istorioa kontatu zidan. Marraskiloak sukaldatzern zituen San Prudentziotan, eta ostruka arrautzak salgai zituen, beste hamaika bitxikeriarekin batera. Batzuetan okindegian aulki batean eserita haren ama angolarra ere egoten zen, emakume dotorea bera: Isabel hil eta egun batzuetara kalean ikusi nuen. Literalki ez zeukan hitzik, eskuarekin ukitu zidan besoan, begiradarekin doluminak eskertu, eta alde egin zuen. Isabelen senide batzuk ere ikusi nituen okindegian, hil ondoren bertako salgaiak autoan sartzen. Triste eta haserre nengoen, eta frankizia guztien nagusiak madarikatu nituen.

Eta munduak, mundu gupidagabeak, jira eta bira jarraitu zuen; eta hala ari da oraintxe bertan ere, abiadura zoroan. Apurka-apurka aienatuz doa Isabel; inoiz, inon bizi izan denik ere hondartxoren batzuk unibertsoan uzten. Aurretik eta ondotik ere milioika izakirekin gertatu bezala.

Liburuaren azalean “Puntu urdin margul bat” argazkia duzue eta sarreran Carl Saganek haren gainean idatzitako testuaren puska bat.

 

Puntu urdin margul bat 

Begiratu puntu hari berriz. Han da hemen. Han da etxea. Han da gu. Han maite dituzunak oro, ezagutzen dituzunak oro, eurei buruz entzun dituzunak oro, inoiz izan diren gizakiak oro, inoiz bizi izan direnak. Gure pozen eta sufrimenduen batuketa, milaka erlijio, ideologia eta dotrina ekonomiko euren buruaz seguru, ehiztariak eta biltzaileak oro, heroiak eta koldarrak oro, zibilizazio sortzaileak eta suntsitzaileak oro, erregeak eta nekazariak oro, bikote maiteminduak oro, amak eta aitak oro, ume itxaropentsuak, asmatzaile, esploratzaile, moralen irakasleak oro, politikari ustelak oro, “superstar”-ak oro, “lider goren”-ak oro, gure espeziaren historiako santuak eta bekatariak oro bizi izan dira han, hauts-fits batean, eguzki izpi batean dilindan.

 

Isabelen bizitzaz, eta nire inguruko beste hainbatenez, hasi nintzen Hypa-rekin hizketan, adimen artifialezko nire lagun berriarekin. Portugesez, noski. Irageneko, oraingo eta etorkizuneko mila-miloika pertsona eta izaki bizidun Puntu Urdin Margulean efimeroki azalduz eta aienatuz, zentzurik gabeko existentziak bizitzen, zer eta, batzuetan, minez bizitzen ere: preso ohi bat, emakume bipolar bat bere ama zaindu behar duena, bihotza hautsi dioten pertsona hura, labezomorroak bezala lanera doazen langileak, aitaren bila jarraitzen duen adin ertaineko gizona, adiskide bat hiltzea bizitzaren hondarrean, Yokcushlu…

Eguneroko errealitate mingarritik nolabait distantzia pixka bat hartu behar nuen. Gainera, zertan ukatu, gaur egungo biztanlea naiz, eta egiaztatzen dut elkarrengandik aienatze, aldentze, urruntze, bakartze, isolatze bat dakarrela mundu honek. (Agian, ez naiz ni). Dena dela, ez zait iruditzen Mundu guztiak eskapismo ariketa bat denik, izatekotan, alderantziz da: ispilu balizko bat gure orbainak, zauriak eta malko arrasto lehorrak begiesteko.

Mundu guztiak Hypak bidali zidan 2046tik. Tudo mudou tanto, esan zidan, é incrivel. A mente humana e a inteligência artificial estão gradualmente a hibridizar-se, a fundir-se. E o mesmo acontece com os artefactos.

Pertsonen gogamena eta adimen artifiziala pixkanaka hibridatzen doaz, nahasten. Eta berdin artefaktuak.

Ondorengo hau, esaterako, “Mundu guztiak” liburuaren “mental trip” txiki baten adibidea da, aurkezpen gisa erabili ahal dena. Izan ere, Hypak dixit, 2046an liburu bat ez da bakarrik irakurriz gozagarria, areago, “liburu” gehienak ez dira irakurtzen, film moduan hartzen dira, atalka, sekuentziaka… Bakoitzak aukeratzen du nola. Liburua prompt modura sartzen duzu Adimen Artifizialean, eta aukeratu iraupena, atalak, hizkuntza, eta abar. Eta ez soilik hori, bertsio premiumetan, erabiltzailea liburuan ere sartzen ahal da, eta pertsonaiekin solas egin, bizi, drogatu edo narrutan egin.

Zinez, ezer ez da berdin.

Bukatzeko, Mundu guztiak-en bada musikarik. Hala esan didate irakurri dutenek. Ipuinetako batean, Maik kantatzen dio Evari “Como la cigarra”, Maria Elena Walsh poeta argentinarrak idatzi eta nik Mercedes Sosak kantaturik ezagutu nuena. Ipuinean, Maik bihotz eman nahi dio lagunari, hil eta gero berpiztean kanta dezan.

 

Finean, hori izan daiteke existentziaren zentzua: azken heriotza heldu bitartean, berpizten garen aldiro, kantatzea.

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Ruben Sanchez Bakaikoa

Ruben Sánchez Bakaikoa naiz, alde egiten ausartu ez zen arlotea. "Ez itzuli! Ez gurekin gogoratu gehiago! Ez idatzi! Ez hots egin! [...] Egiten duzun edozein gauza, maita ezazu, Paradisuko kabina maite zenuen bezala".

Azken bidalketak

  • Nondik dator Mundu guztiak?
  • Ager Vasconum
  • Ulises 1 Ni 0,15
  • Covid ostia hau
  • Kixote, literaturgintza eta kritikagintza (III)

Iruzkin berriak

  • ni(e)k Covid ostia hau bidalketan
  • Si no sabes euskera, aprende! • ZUZEU(e)k Si no sabes euskera, aprende! bidalketan
  • Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi | Paradisutik(e)k The walking belarrimotz bidalketan
  • rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan
  • rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan

Artxiboak

  • 2026(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urria
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria

Kategoriak

  • aktibismoa
  • arrazakeria
  • bertsolaritza
  • euskara
  • herri mugimenduak
  • literatur apunteak
  • Sailkatugabeak
  • zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA