Hasiera »
Ruben Sanchezen bloga - Paradisutik
Ruben Sanchez Bakaikoa
Ruben Sánchez Bakaikoa naiz, alde egiten ausartu ez zen arlotea. "Ez itzuli! Ez gurekin gogoratu gehiago! Ez idatzi! Ez hots egin! [...] Egiten duzun edozein gauza, maita ezazu, Paradisuko kabina maite zenuen bezala".
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- ni(e)k Covid ostia hau bidalketan
- Si no sabes euskera, aprende! • ZUZEU(e)k Si no sabes euskera, aprende! bidalketan
- Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi | Paradisutik(e)k The walking belarrimotz bidalketan
- rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan
- rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan
Artxiboak
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urria
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
#M25KoloreBizia
2018-05-22 // aktibismoa, arrazakeria, euskara, herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Stop racial segregation oihukatu ahal dute Ipar Karolinako eskoletan, edo Brusela, Paris, London, Sofia, Madril, Girona, Basauri, Atarrabia, Arrasate, Baiona eta Gasteizkoetan. Gure hiriko kasuan guraso etorkinak dituzten umeen %83,1 sare publikoan ari da ikasten, bai eta, baliabide ekonomiko gutxiago duten familia gehienak ere. Badira gaur egun zenbait eskola umeen %100 familia etorkinen umeak dituztenak, eta beste hainbatek bide bera hartu dute. Gasteiz #Whitecapital ez da soilik neguko elurretako argazkiengatik.
(gehiago…)
Boikot
2017-05-03 // aktibismoa, herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Iturria: http://ireland-calling.com
Noiz eta gaur, non eta gurean, ni boikotaren alde. Espainiar ultraeskuindarrek (bakarrik?) hainbat euskal aktoresa-musikari-pailazo-politikariren kontra bultzaturiko kanpainaren azken atala prime time-n daukagunean. Kanpaina horrek kalte handia egin digu boikota elkartasun tresna (arma) modura defenditzen dugunoi.
Boikota pertsona, enpresa edo estatu baten produktuen kontrako kanpaina bat da, irudian eto ekonomian kalteak eragiteko asmoz; Gandhik-eta Erresuma Batuaren produktuekin, Apartheidaren Hegoafrikaren Springboks-ekin edo Charles Boycott-en kontra irlandarrek egin zuten bezala adibidez. Boikotak pertsona, enpresa edo estatu horrek egindako zerbait gaitzestea du abiapuntu eta helburu.
Boikota tabu bihurtzen ari da eta badirudi boikot guztiak, arrazoiak arrazoi, boikot diren heinean berdintzen ari direla, eta horrekin batera arrazoiak. Pertsona bati ezin zaio boikota egin bere iritziengatik. Inoiz ez? Berdin dio zein iritzi diren? (gehiago…)
Ni ez naiz arrazista baina
2017-03-15 // arrazakeria // Iruzkinik ez
Natalie Nourigaten komikian ahoa estaltzen dio lagun batek besteari, nago gurean ez diogula antzekorik dioen lagunari besarkatu eta ahoa estaltzen sarritan.
Umeen eskola-matrikulazio aldia bukatu berri delarik lerroburua: “Gasteizko 20 eskolak %30 baino gehiago ikasle-atzerritar dute” (beste herri/hiri batekoa bazara ez pentsa gasteiztarrak zuek baino “ni ez naiz arrazista”-goak garenik eta eman paseotxo bat eskola patio batetik bestera badaezpada).
Datu gehiago albistean: 20tik 19 eskola publikoak dira, haietariko batzuetan (zenbatetan?) Jaurlaritzak gehienez aholkatzen duen %30 hori %80tik gorakoa da. Nik esan ahal dut gure etxe inguruan dauden 4 eskolatan gutxienez 2 urteko umeen matrikulazioan guraso etorkinak dituen umeen kopurua %100ekoa dela. (gehiago…)
Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi
2017-02-28 // euskara // Iruzkinik ez
Iturria: baleike
Ez dut gogoan esaldi hori neuk bota izana, baina maiz entzun dut eta buruaz igorleari arrazoia emango nion batzuetan seguruena. Zenbat denbora eta euskara-ikasle potentzial galdu dugu euskaldunok era horretako esaldietan? Eta esaldi horren ifrentzuan zeinen gutxitan aldarrikatu dugun —benetan nahi bagenuen erdaldu horrek euskara ikasi zezan— berarentzat euskalduntzea debalde izatea, adibidez.
Euskaldunok hain gara guayak, ezen uste baitugu munduko gauzarik normalena dela gure herri (jarri hemen nahi duzun adjektiboa: gutxitu-ukatu-asimilatu-txiki-zilborzale-berde-menditsu-zahar-arraultzaile-…)-ra pertsona bat iritsi eta bere bizitzako (2 urte?) euskara ikasten ematea eta horretarako x mila euro ordaintzea.
Berriki Dani Alvarezek Aizu-n botatzen zuen euskaldunok asmatu beharko genukeela galdera honentzako erantzun on bat: Ingelesa adibidez bidaiatzeko, lana lortzeko etab. erakargarria bada, zertarako euskara ikasi? (gehiago…)
Euskara Gasteizko gauza elitista eta xenofobo hori
2016-10-04 // euskara // 8 iruzkin
Ez, titulua ez da irakurtzeko amu probokatzaile bat. Administrazioak eta euskaldun asko euskararen status elitista eta xenofobo samar bat onartu eta zabaltzen ari garela uste osoa dut, bi adibide emango ditut horretarako, eta eskatuko dizuet gure euskal hizkuntza eta kulturaren ukazio hori pairatzen dutenen larruan jartzea.
Duela 3 astetik gure amama zaintzen hasi da Brasiletik etorri berri den emakume bat. Familia osoa etorri da, senarra eta bi seme-alaba. Aurrez beste senide bat zuten Gasteizen, eta hark xaxaturik, lan egiteko aukerak eta gure hiriaren lasaitasunak erakarri du familia hau gure artera -agi danez, beren jatorriko hirian bortizkeria giro handia zegoen-. Umeen eskolaratzea egin behar zela eta, delegaritzara joan zen, eta emaitza hauxe izan da: ume txikia (5 urte) D ereduko eskola publiko batean matrikalatu du, handia, berriz, 12 urtekoa, A ereduko institutu batean matrikulatuarazi dute; handiegia omen da orain euskaraz hasteko.
Laguntza eskatu zigun, izan ere, A ereduko institutu hori ez zaio gustatzen, eta nahiagoko luke handiak ere euskara eta euskaraz ikastea.
Hainbat laguni egoera hau komentatu, eta ondorioa da gauzak ezin direla erraz konpondu. D ereduko institutu bateko irakasle batek, adibidez, komentatu zigun iaz kasu bat izan zutela D ereduan matrikulatu zen nerabe batena, baina ezin izan ziotela harrera gelarik eskaini. Izan ere, harrera hori Gasteizen A ereduan egiten dute. Beraz, holako kasuetan ez da ezinezkoa D ereduan matrikula egitea, baina beharrezkoa den harrera ez duzu izango. Gauzak horrela, Gasteizen geratzen diren A ereduko institutu eta eskola apurrak, gaur egun, etorkinen seme-alaben ghetto bihurtu dira. Datuak hor daude, eta gure begiak ere bai ikusi nahi duenarentzat. (gehiago…)
Arnaldo Otegiren azentua
2016-03-04 // euskara // 4 iruzkin
Belodromoko ekitaldi mesianikoaren bezperan, gogoan dut Arnaldok “El atxikimendu! Que no me sale en castellano!” belodromoan esan zuenekoa, eta belodromotar gehienak barrez gustura. Baina orduan entzun nion nik lehen aldiz euskara puruaren zaindari horietako bati “Bai, hori ez zaio gaztelaniaz atera, eta denak barrez, baina niri Otegiren euskarazko azentua erderaren kalko hutsa iruditzen zait, eta joskera, eta…”. Neu ere lehen kolpean horretaz hausnartzen geratu nintzen, larreko behi gorria eguzki beteko arratsaldean nola.
Ez dut fokalizatu nahi ezker abertzalean, berdin-berdin zait Laura Garrido izatea (aurrekoan Fermin Etxegoienek egin zion elkarrizketa osorik irentsi bainuen), berdin zait Idoia Mendia izatea, Joan Jose Ibarretxe edo Txiki Muñoz. Besterik da, politikari batek euskara ikastea erabakitzen duenean, izan ditzakeen abantailak (ekonomikoak, ordutegia, irakasle propioa, etab.) herritar arruntentzat ere noraino iritsi beharko liratekeen eztabaidatzea. (gehiago…)
Ametsaren kondaira
2016-01-25 // literatur apunteak // Iruzkinik ez
Ekaitz Samaniegori.
Hau da istorio bat, edozein gizakiri, bere bizitzaren -edo guztion existentziaren- misterioaren gaineko galdera barrena jaten dionean, ezer azaltzeko ez, baina agian bizitzaz harritzeko balio liezaiokeena. Hamaika antzeko istoriok egin lezaketen moduan.
Ez naiz flamenkoan aditua, ezta Camarón edo Lorca-n ere. Hainbat kasualitatek ekarri naute hitz hauetara, hori da dena, bizitza bera azkenean hainbat kasualitateren batuketa, maiz ausazkoa, den heinean. Niri Camaronek kasualitatez eragin zidan, nire bizitzako une berezi batean, aita hil berritan. Ez dakit nork oparitu zidan “Antología inedita” (eta ez dakit non dagoen egun). Eta hor bazegoen “La leyenda del tiempo” kantaren bertsio bat. Sasoi hartan mila saltsatan nenbilen, baina gogoan dut hala bedi irratian “zernahi” izeneko kolaborazio bat egiten nuela eta ale bat, kanta horren aitzakian, aitari eskaini niola. Eta geroztik haizeak haren musikaren lurrina ekarri didanean, gizaminez aditu dut. Batez ere “La leyenda del tiempo” kanta eta izen bereko diskoa.
Ezustean usain bat aditu dugu, eta jarraitu diogu eta bat-batean bizimina piztu zaigu, gizamina, esaterako, gure hitzak baste baten eskutik izkiriaturik aurkitzean, areago hitz konbinaketa eder bat geuretik atera denean, melodia batek bereganatzen gaituenean, edo denetan ederrena, Lorcak zioen gisan, leku batera sartu zara eta bat-batean ematen du hango pertsona batek aura berezi bat duela. Azala sentibera, begiak erretzen, besarka gaitza(te)n besterik ez dugu nahi. Mundua jan ahal dugula sentitzen dugu. Unearen jainko txiki bihurtzen gara. Bakan unibertsoan.
Eta ondoren, goiz edo beranduago, bat-batean ohartzen gara bakarrik gaudela basamortuan.
Hegan noa
Hegan noa, hegaka nator, eta bidean luzamendutan.
Bizitzaz maiteminduta, batzuetan minez
hotzak banago, kandela(re)n bila
Hegan-(hegaka/hegan) noa, hegaka nator (nator), eta bidean luzamendutan.
Jakitun izan gizona, eta andereeeeea!
Merezi duenarentzat gaueko lorea
Hegan-(hegaka/hegan) noa, hegaka nator (nator), eta bidean luzamendutan.
Bizitzaz maiteminduta, batzuetan minez
ez dakit nor naizen ezta nork maite nauen
Hegan-(hegaka/hegan) noa, hegaka nator (nator), eta bidean luzamendutan. (gehiago…)
Maroto efektua
2015-05-25 // herri mugimenduak, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Gasteiztar gehienon ahotan zapore garratza utzi dute igandeko hauteskundeek. Kalera atera gara ezezagunei zehar-begiratuak botatzen, non daude? Hau izango ote da? Aja! Irrifar txikia duen horrek seguru eman diola botoa Marotori. Izan ere, Gasteizen beti gertatu izan da gauza bitxi bat: PPri inork ez dio botoa ematen eta gero… zaska! 9 zinegotzi! Tori Maroto efektua! Boto emaileak ikustezin bihurtzen dituzte, -Rajoyren “gehiengo ixil” hori-, eta jakina ezin dituzu kalean identifikatu eta elkarrizketa demokratiko bat izan haiekin, demagun “iruditzen zatzaikidazu pixka bat arrazista”.
Orain serio. Non ostia daude? 30.000 perretxiko omen daude gure green jardin honetan eta nik ez dut bakarra ere batu inguruan!
Baina egiatan beti egon dira, euria gora euria behera ateratzen dira eta Marotok aurten ureztatzeaz gain, ugalketa produktu debekatuak ere bota dizkie. Emaitza nabarmena izan da: PP leku guztietan jaitsi da Gasteizen izan ezik, eta Gasteizen bertan aldundirako PPri eman ez dion 5000 lagun daude Marotori eman diotenak. Efektua deitzen zaio horri.
Dena den, hartu dezagun perspektiba pixka bat. (gehiago…)
labezomorroak I
2015-03-10 // literatur apunteak // Iruzkinik ez
labezomorroak holakoak gara,
arduratzen gaituzte eguneroko papurrek,
berotzen gaituen gas-galdarak,
eramaten gaituen autoak,
gure aisialdiko gauzek,
telebistak, chi kung-ak, facebook-ak…
aitortzea politikoki zuzena ez bada ere,
telebistako programazioak edo bizioen apalategiak
gehiago arduratzen gaituzte
ondoko zomorro bat zapata azpian zapaldua izateak baino,
batzutan asaldatzen gara,
zapaldutako zomorroaren gertutasunaren arabera. (gehiago…)
bolalumak
2015-02-09 // literatur apunteak // Iruzkinik ez
gauza jakina da bolalumek -txiskeroak, giltzak edo linternen antzera- askoz luzeago eta egonkarrago irauten dutela beren lekuan, idazten -edo pizten, irekitzen ala argitzen- ez dutenean. beti beren potean, beren tiraderan, edo beren armairu zokoan.
adibidez, idazten ez duen bolaluma. bera beti dago pote berean. esan liteke bere potea dela ia, pote horretaz jabetu dela.
zenbat aldiz frogatu behar digu ez duela idazten? badakigu hutsaren hurrengo probalitatea dugula, baina behin, bitan, hirutan botazen diogu aho-hatsa, edota borobilak egiten ditugu era konpultsiboan, edota barruko tinta-tutua ateratzen dugu eta tolesten dugu, ea berpizten den… baina finean, emaitza bera da, hartzen dugu bolaluma hori eta berriro bere potean sartzen dugu. haserre bai, baina bere potera. azkenean, iristen da egun bat, bat-batean idazten ez duten 3-4 bolaluma pote berean elkartzen direna, eta beraz, aho-hatsa, borobil konpultsiboak edota tinta-tutu-tolestea hainbeste biderkatzen zaigu, ezen egun horretan (5 urtean behin gutxi gorabehera), bai egun horretan, azkenean, amorruz hartzen ditugu denak eta botatzen ditugu, batzuetan txiki-txiki eginda, biraoka. izan ere, konturatu gara zenbat aldiz jo diguten adarra madarikatu horiek, zenbat aldiz zapuztu duten gure idazteko itxaropena.
baina zer gertatzen da orduan idazten duen bola-lumarekin?
idazten duen bola-luma, aitzitik, oso bestelako bizimodua darama. arlotea da. batzuetan bere potera sartzen dugu bai, baina maiz bere potetik hartu eta gero geuretzat gordetzen dugu poltsiko batean, edo kaierreko espiralean, edo zerbait idazten dugu eta idaz-mahaiko tiraderan sartzen dugu, edo telefono ondoan ala egutegian uzten, edo sofan barrena galtzen da liburu bati iruzkin pare bat idatzi eta gero, edo gau-mahaian uzten dugu maitasun-ohartxo bat idatzi ondoren. bere potean sartu ordez.
auskalo orain non dagoen.
idatzi zituen testuak lez.