Lehentasun kontua
Oporrak. Troia hondartza zoragarrian etzanda. Eider eta biok. Mundua konpondu guran. Elkarrizketa mamitsua. Blogeratzeko gomendioa eman dit eta badoa.
Hasiko gara, ba. Nire ibilbide akademikoa aztertzen ari ginen Fishmanen eredu soziolinguistikoaren arabera. Nik zuzenbidea ikasi dut Deustuko Unibertsitatean. Klaseak euskaraz jaso nituen zati baten (izan ere, karrera osoko ikasgai guztiak euskaraz jasotzeko modurik ez zegoen). Deustuan hainbat irakaslek kriston lana egiten dute zuzenbidearen ikas-mundua euskalduntzeko: ikasgaiak euskaraz eman (ganoraz ia beti), ikasmaterialak itzuli edo sortu, lege nagusi batzuk euskaldundu (Zigor Kodea, Kode Zibila, …), … Guk unian ikasgai guztiak euskaraz eskatzen genituen, erdarazko taldeekiko independentzia adar berezitu gisa, …
Karrera amaitu nuen, eta urte batzuk pasa dira ordutik (asko ez, baina tira). Eta pentsatzen jarri nintzen. Horrenbesteko esfortzuak fruiturik eman al du? Ba, gauza guztietan bezala fruituak eman dituela argi dago. Baina neurrikoak izan al dira emaitzak, hau da, bat datoz esfortzuak eta emaitzak? Edo beste era batera esanda, egindako esfortzuak euskararen biziberritzean eragin biderkatzailerik izan al du?
Ba, latza da aitortzea, baina egindako esfortzuak ez du ekarri pareko emaitzarik. Zuzenbidea ikasten amaitu eta lan mundura salto egiterakoan konturatzen zara euskaraz ikasteak ez dizula ezertarako balio izan. Are gehiago, zenbait kasutan kaltea ere ekarri duzula konturatzen zara (kaltea batez ere terminologia teknikoan-eta). Euskaraz lan egingo duten zirkuitutxoak eraikitzea oso zaila da mundu horretan, ia-ia bezeroarekiko harremanak baino ez zaizkizu geratzen. Baina horretarako ez da beharrezkoa zuzenbidea euskaraz ikastea, euskaldun izatearekin nahikoa eta sobera.
Abokatu, fiskal eta epaile euskaldunak behar ditugu, baita notario eta aholkulariak ere. Baina gaur egun zuzenbidearen mundua egituratuta dagoen moduan egonda, ia-ia ezinezkoa da euskaraz lan egiteko zirrikiturik aurkitzea, zirrikiturik eraikitzea. Eta, beraz, zuzenbidea euskaraz ematea tema eta erronka polita da, baina unibertsitate mailan (eta zer esanik ez, lanbide heziketan) karrera hori baino estrategikoagoak badaude, eta horietatik hasi beharko.
Izan ere, lan munduan zirrikiturik egon ezean, irakaskuntzan edo unibertsitatean egindako esfortzuek ez dute fruiturik ematen (ez behintzat esfortzuen parekorik). Indarrak sakabanatu egin ditugu horrela
gainera eta lehentasunak ahaztu. Etxearen hormen koloreaz dihardugu bonbardaketa baten erdian, tamalez.
Bueno, abokatua behar dugunean badakigu non topatu sikieran.