2007ko sakontze egitasmoak (II)
Alaia
Saenz: “Euskal Herria globalizazioan. Nolako mundua, halako herria”.
Globalizazioari buruzko tesia da honako hau. Alaia Saenz-ek globalizazioari
buruzko bere ikuspegia ematen du, baita globalizazioari aurre egiten diotenena
ere. Azken aldean, identitatea aipatzen du, eta horren barruan hizkuntza. Oso
filosofikoa iruditu zait, oso intangiblea (hau da hau berba). Gainera, ez zait
iruditzen Hiznet-eko gaiekin harreman handirik duenik (zerbait bai, baina asko
ez). Saiakera bat da, globalizazioa, identitatea eta hizkuntza lotu nahi duena.
Nik uste dut praktikak eta egunerokoak gainditu egiten dutela berak
proposatutakoa, baina tira, nire iritzia baino ez da.
Imanol
Haro: “Globalizazioa eta hizkuntza gutxituak. Aukerak eta mehatxuak”.
Aurrekoaren ildotik doa sakontze lan hau ere. Lan mardula egin du Imanol Harok,
benetan mardula. Ez dut osorik irakurri, gehien interesatzen zaizkidan gaiak
baizik. Globalizazioak hizkuntzen gainean plazaratutako mitoak aipatzen ditu,
baita horiek egurtu ere. Ariketa polita da hizkuntza menperatzaileen aldeko
argudioak etengabe jaurtitzen digutenei erantzuteko. Ingelesaren nagusitasunaz
ere egiten du berba, baita horrek hizkuntza gutxituei ekar diezaiekeen kalteez
ere. Oso interesgarria da hiru zirkuluen teoria (aditua nuen, baina berak oso
era zehatzean eta argian laburbildu du). Beste hainbat gauza aipatzen ditu
(identitatea, komunikabideak, teknologia berriak, multinazionalak, euskarazko
kontsumoa, …), baina ni bere ondorioarekin geratzen naiz: gure hizkuntza
komunitatearen helburua bistaratzea izan behar du, agertzea, izatea. Eta irrati
esatariaren adibidea mundiala.
Denis
Elortza: “Euskara ingurune globalizatuan. Globalizazioak euskararen
biziraupenerako ematen dituen aukerak”. Saio oso-oso interesgarria egin du
Denisek. Globalizazioari euskararen komunitatearen begietatik so egin eta
horren araberako diskurtsoa eraiki. Oso interesgarria da euskarak interneten
duen presentziaz egin duen azterketa. Izan ere, blogen kopurua biztanleko
aipatzen du (eta ez gabiltza horren fin) eta abar. Merezi du interneten
inguruko bere hausnarketa, hizkuntza komunitatea trinkotzeaz aipatzen dituenak.
Proposamen oso interesgarriak egiten ditu, internet-i dagokionez. Ekarriko
ditut blogera aurrerantzean. Enpresa multinazionala eta euskararen gaia ere aztertzen
du. Hainbat enpresako kideri elkarrizketa egin eta egoera deskribatu egin du.
Egoera deskribatzeaz gain, egoera horiek gainditzeko proposamenak ere egin
ditu, oso interesgarriak hauek ere. Ezinbestekoa den lana, bai horixe.
Janire
Lopez: “Helduen euskalduntze-alfabetatzean eragiten duten prozesu
psikosozialak. Ikaslearen autoirudia eta motibazioa”. Hau nire blogaren
gaia baino, Karrajuako lagunen gaia izango
litzateke, baina egin dezagun intrusismo apur bat. Basauri eta Arrigorriagako
hainbat ikasleri egindako inkestetan oinarritutako ikerketa da. Oso ikerketa
psikologikoa (barkatu, baina sarritan horrelakoekin galdu egiten naiz!), eta
sakona. Pena lagina txikia izatea, ondorioak estrapolatu ahal izateko. Euskara
irakasleentzat ikasgai politak eman ditzake, ondo behatuz gero.
Egia da, aspaldian dauzkagu apuntatuta baina oraindino ekin barik. Janire Lopezen lan horrek aurrekari bat daukala dirudi, Nekane Arratibelen doktorego tesia: Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioaren errola (laburpena).
Noren terrrenoan dagoen eta, ba holakoetan disziplina asko batzen dira: soziologia, psikologia, pedagogia, soziolinguistika, psikologia soziala, hizkuntzaren soziologia, hizkuntzaren pedagogia… Eskua denok edo inork ez sartzeko terrenoa. ;)wn
Ba bai, Nekane Arratibelen lanaren ildotik doa lana, baina hark egindakoa orokorragoa da hau baino. Honek bakarrik ekiten dio ikaslearen autoirudiari eta motibazioari. Besteak, berriz, jarrerak orokorrean hartzen zituen (baita banaka ere, baina denak).