2007ko sakontze egitasmoak (III)
Ruben
Beitia “Euskararen arnasguneak Fagor-Ederlanen”: Ruben Beitiaren sakontze
lan honek oso ekarpen interesgarria egiten du. Izan ere, arnasguneen kontzeptu
fishmanianoa hartu eta kaletik enpresara eraman du. Arnasgunea orain arte
gehienok lotu izan dugu lurraldearekin, baina Rubenek eraman du komunitatera,
lurraldea aipatu barik (enpresa baten lantokia lurraldetzat ez dut nik
behintzat hartzen), Erabilera minimoa, erabilera informala eta horrelako
kontzeptuak ondo eraman ditu enpresa mundura. Oso interesgarria, batez ere
komunitatea osa dezaketen enpresentzat (esan nahi baita, euskaldun kopuru
minimoa izateaz gain, euskaldunen proportzioa ere dezentekoa behar du egitasmo
honek). Hizkuntzaren soziologia teorikoa praktikara eramana.
Elias
Zumalde: “Erdaldunak eta euskara planak”: azken aldi honetan asko aipatzen
da erdaldunak erakartzearen beharra eta lan hau ere ildo horretatik doa.
Euskara plana duten enpresetan erdaldunak zelan erakarri aipatzen du sakontze
lanak. Bereziki interesgarria da erdaldun askok (baita euskaldun askok ere)
euskara planen kontrako argudioen bilketa. Eurek erabilitakoak batu eta haiei
aurre egiteko mezuak eta estrategiak aipatzen ditu. Oso interesgarria. Behin
baino gehiagotan aipatu dut nik blog honetan askotan diskurtsoa lantzea falta
zaigula. Ba, tori hemen diskurtsoa lantzeko ariketa paregabea. Bestelako gauza
interesgarriak ere badakartza lanak. Dena den, orokorrean hartuta, lanaren
ekarpenik potoloena, nire ustez, erdaldunak erakartzearen ideia abstraktua
(orain boladan dagoena) praktikara eraman izana, praktikaren eltzea sutan
paratu izana. Horrelako gehiago behar ditugu.
Bi lan horiek Emuneko
lankideek egin dute. Badaude beste bost sakontze egitasmo ere Emunekoek
egindakoak. Ez ditut denak komentatuko oso luze joko bailuke (aspaldion denbora
gutxi eskaintzen diot blogari eta ez dut astirik). Akaso aurrerago denbora
atera eta taxuz komentatzeko aukera izango dut, batek daki.
Lanok hauek dira:
Elexpuru
Egaña, Ima (2007). Produktu/zerbitzua
hobetzeko paktika onak jaso eta zabaltzeko sistema.
Garai
Uribeetxebarria, Jesus Mari (2007). Elkargoetako
euskara planen inplementazioaren barruan, zertan eta nola eragin herriz herri
sakabanatuta dauden eta elkargokide diren enpresa edo negozioetan
Irizar
Mantzizidor, Abel (2007). Proposamen
ekolinguistiko bat. Fagor etxetresna elektrikoak kooperatibaren
nazioartekotzerako
Irizar
Martinez, Olatz (2007). Argumentazioa
zerbitzu enpresetan eta merkataritzan.
Lariz
Irazabal, Amaia (2007). Zuzeneko
langileen eguneroko lanean euskararen erabilera gehitzea, euren eguneroko
lanean eraginez eta euren parte-hartzea bultzatuz.
Abel Irizarren lanari buruz, egileak berak egindako oso laburpen interesgarria (eztabaida eta guzti) plazaratu du Lantalan webguneak.