Dibulgazioaz eta hedapenaz
Barikuan Soziolinguistika jardunaldia izan zen Donostin. Eta han izan nintzen hizlari. Mahai-inguru baten. Jardunaldien kronika dakart oraingoan, Benito Fizi lapurtuta. Egia esateko, berak nik baino hobeto esan ditu esan beharrekoak.
IV. Soziolinguistika jardunaldian
izan nintzen atzo. Ez da lehenengo aldia Klusterraren ekitaldi honetan
partaide naizena, oraingoan pulpituan ere eduki dut txokotxoa berriz.
Soziolinguistikaren dibulgazioa, zabalkundea, prestakuntza eta
halakoen inguruan ardaztu da aurtengo ekitaldia, eta edukietan ez ezik,
formatuetan ere berrikuntza batzuk probatu nahi izan dira. Ez dut kronika
zehatzik egingo, materialak ere seguraski laster izango dituzue sarean,
Klusterrekoek ohi duten bezala, eta han jasotako ideia batzuk ekartzen
saiatuko naiz.
Politikarien ohiko sarreraren ondoren Xamar
jarri zen mikrofonoaren aurrean, bakarrik ez baina. Ohiko
hitzaldi-speech-aren ordez Klusterreko Belen Urangak hartu zuen
elkarrizketatzaile papera, zuzeneko galdera-erantzun saio publikoa izan
genuen alegia, ordubete luzeko elkarrizketa.
Irakaslea da Xamar, eta euskara irakasleen edo euskaraz diharduten
irakasleen lanaz metafora belikoa egin zuen: “Irakasleak aurkitzen du
hizkuntza-gatazkaren lehenengo trintxera”. Irakaskuntzan edo
hizkuntzan ari garenon aspaldiko sentsazio bati jarri dizkio hitzak
Xamarrek seguraski, abangoardiako fronte batean ari gara, euskararen
mugetan nonbait. Horrek dakarren higadura emozional, motibazional eta
fisikoa ere bai ezagunak ditugu honez gero. Xamarrek mahai gainean jarri
zuen, eta hala ere nago euskalgintza edo dena delako mundu-sektorean
horren pisua eta garrantzia ez dela behar beste aintzat hartu garapena,
ikerketa edo gogoeta egiteko orduan. Deigarriago zenbat euskaltzale
profesionalek ere jardun duten inoiz irakaskuntza lanetan jakinda.
Xamarren ideia horrekin geratu nintzen. Ondoren kultura eta jarreren inguruan ere jardun zuen. Berrian irakur dezakezue gehiago.
Hausnartu sariak eman ziren gero, eta lanen egileei
tartetxoa utzi zitzaien haien berri emateko. Bat aldizkariaren 78.
zenbakian daude jasota. Sarien hurrenkeran atzekoz aurrera Patxi
Juaristik Euskal soziolinguistika aplikatua: bilakaera metodologikoa eta teknikoa lehenengo.
Ikerketa soziolinguistikoen historioa aztertu du, eta ondorioetan, nik
ulertu nuenaren arabera, haren ustez ikerketa eredu kritikoaren faltan
gaude, partaideak inplikatzen eta erakaldaketan jartzen duen eredua.
Ideia interesgarria iruditu zitzaidan benetan, ikertua partaide egitea,
ondo ulertu banuen behintzat.
Galder Unzalu deustuarrak Sugea dantzan: She’s in fashion-etik Bilbao euskaraz-era bigarren.
Bilbon espazio publikoaren diseinu eta kudeaketa publikoa eta
hizkuntzak zein komunikazioak duen lekuaz paralelismoa ezartzeko ariketa
bitxia eta interesgarria egin zuen. Komunikazioa ezinbesteko du
hizkuntzak, eta komunikaziorako espazioak eta aukerak Bilbo batean
murrizten ditu politika urbanoak berak, euskaldunok komunikazio espazio
publiko horiek konkistatu behar dugu nonbait. Beste ideia interesgarri
bat duda barik.
Luis Azpiazu irakasleak jaso du lehenengo saria Gazteak, musika eta euskara lanarekin. Arrasateko Arizmendi ikastolan
egin zuen ikerketa lana, euskara eta euskal munduaren erreferentzia
kulturalak gazteek nola ikusten dituzten musikaren bidez. Egilea bera ez
zen bertan egon, eta haren lanaren pasarte batzuk irakurri zizkiguten.
Badirudi gaur egun euskara indarra galtzen hasita dagoela gaztetxoen
erreferentzia musikalen artean, “euskal musika” topiko edo gune zehatz
batzuekin lotzen ari direla. Seinale kezkagarriak nonbait.
Goizaren errematea lan-saioa deitu zutena izan genuen. Formatu
esperimentala jarri nahi izan zuten praktikan hemen. Mikel Zalbidek
“Teoriari tiraka, diglosiaren purgatorioaz” izenarekin emangio zion
gaiari sarrera, eta bertan beste hiru adituk emango zioten erantzuna:
Paula Kasares, Iñaki Martinez de Luna eta Estibaliz Amorrortuk (azken
hau ezin etorri izan zen azkenean).
Diglosia kontzeptuaren historiaz eta adierak argitu nahian
hasi zen Zalbide, terminoa adiera desberdinak dituela, beti ez direla
bat etortzen eta halako adiera kolokiala dabilela hor nonbait zabalduta
egokia ez dena (trenari abioia edo abioiari trena).
Martinez de Lunak eta Kasaresek eman zioten segida eztabaidari, eta
gauza interesgarriak entzun ziren, baina uste dut askori geratu
zitzaigun sentsazioa eztabaida bizantino baten aurrean egon ginela.
Gaiak (diglosiaren adierak) ez duela hainbesteko garrantzirik, edo ez
zitzaiola oratu gaiaren muinari (noraino heldu behar dugu: elebistasun
orekatu, deskorekatu edo zer bateraino?).
Ideia batekin geratu nintzen hari horretan: diglosia hitzak adiera kolokiala hartu badu, bistan dago hemen badagoela halako soziolinguistika popularra
deitu daitekeen zerbait, hau da, dibulgazioak funtzionatu du nonbait
gurean, termino tekniko bat adituen hizkeratik euskaltzaleen hizkerara
ailegatzeraino. Ez gara 0tik hasten beraz.
Bazkalorduan zer hausnartu eduki genuen beraz, eta arrastiko txanpari ekiteko modua. Kataluniatik etorri eta Jordi Solé i Camardonsi
egokitu zitzaion bazkalosteko modorraren erremedioa izateko beharlekua.
Katalanez aritu zen Solék bat-bateko itzulpen zerbitzuarekin, askok
erabili ez genuena gure osagai latinoari esker. Katalunian
soziolinguistikaren dibulgazioa arlo ezberdinetan nola jorratu den
kontatu zigun, hezkuntzan bereziki, hango kezkak eta irtenbideak. Ideia
asko eta nik bati erreparatu nion, hizkuntzaren egoera, erabilera eta
izaera soziala hizkuntzaren partea ere bada, eta hala zabaldu behar da,
hizkuntzaren erabilera ez da soilik egin beharreko bat, ezagutu
beharrekoa ere bai adibidez. Hizkuntzaren aldeko lanarentzako
ezinbestekoa ia. Hala, ikas-programetan ere txertatu izan dira osagai
soziolinguistikoak, heziketa soziolinguistikoa edo deitu daitekeena.
Euskara ikasten duenarentzako “curriculumetan” horrek zer leku duen
jorratzeko gaia dela esango nuke.
Jardunaldiaren errematea Txerra Rodriguez, Jacqueline Urla, Julen
Arexolaleiba eta lauron esku geratu zen, Arkaitz Zarragak gidatuta
soziolinguistikaren dibulgazioaz jarduteko jarri gintuzten mahaiaren
atzean mahai-inguruan. Duela gutxi argitaratu den Soziolinguistika eskuliburuaren koordinatzailea izan da Arkaitz eta hura izan zen jardunaren abiapuntua.
Mahaian egonda eta memoria txarraren jabe, zurrunbiloan ideiak
oraindik. Baten bat ekartzearren, uste dut bat etorri ginela
soziolinguistika euskararen normalizazioarekin lotuta gehien bat, arlo
desberdinetara zabaldu beharreko jakintza eta gogoetagaia dela:
euskararen profesionalen artean, euskaltzale konprometitu edo militateen
artean, eta jendartean oro har. Bakoitzena bere mailan, formatuetan eta
kanaletan. Urlak esan zuen modura, gure muga linguistiko, sozial eta
politikoetatik harago ere eman behar da euskararen berri
“soziolinguistikoa”: euskara zertan den, zer eta zergatik ari garen
egiten eta euskal-komunitatearen ikuspegi sozial hori zabaldu nonbait.
Bistan da lehenengo lubakian dabiltzan horiek zeren aurrean dauden
ulertu eta hari ekiteko estrategiak eta taktikak aurkitzen laguntzeko
tresnak eta mapak eskertuko lituzketela, lubakitik inoiz irten ahal
izateko besteak beste.
Beste kronika batzuk agertu dira han hemenka:
– Argian (Nova Canço neuk aipatu al nuen?)
– Klusterrekoen kronika bera
– Berrian eta Garan