Aurreiritziak
Behin baino gehiagotan ekarri ditut blog honetara aurreiritziak. Esate baterako, erruleta izeneko artikulu sorta honetan. Baina inoiz ekarri barik nuen definizio zehatza. Eta iberolingua.com-en aurkitu dut eta hona dakart itzulpena:
Aurreiritzia aldez aurreko joera kategorikoa da. Horren bidez, pertsona bat onartu edo batzertzen da bere ezaugarri sozial erreal edo imaginarioengatik. Pertsonok berezkoa dugu aurreiritzia. Honako hauek dira aurreiritziek dituzten osagai komunak.
Aurreiritzia jarrera bezala. Aurreiritzia jarrera bat da, hau da, estimulu baten aurrean erantzuteko dugun aldez aurreko joera pertsonala da. Jarrera gisa hartzen da hein batean ingurunearekiko erantzuna baldintzatzen duelako. Pertsonak egoera jakin baten gaineko posizio pertsonala du, egoera sakon ezagutu gabe.
Konnotazio negatiboa du. Egile batzuen arabera, konnotazio negatiboa (baztertzea) edo positiboa (onartzea) izan dezake. Baina egile gehienen arabera, aurreiritziak konnotazio negatiboa du. Talde baten kontrako jarrera negatiboek talde horri balio kentzeko sinismenak eta sentimenduak bultzatzen dituzte. Batzuetan nabarmen adieraziz kontrakotasuna edo mespretxua.
Ikasitako jarrera da. Teoria modernoen arabera, aurreiritzia ikasten da, pertsonak bizitzan izan dituen esperientzietan oinarrituz.
Eragin kaltegarriak ditu. Aurreiritziak talde baten kontrako ustea zabaltzen du, informazio osatugabean oinarrituz. Hori dela eta, aurreiritziengan oinarritutako edozein portaera ez da izango egokia jendartearen garapen positiborako. Muturreko egoeretan, amorrua eta gorrotoa sor dezakete aurreiritziek.
Errealitatearen bisio distortsionatuan dute jatorria. Aurreiritziak dira errealitatea ulertzeko moduak. Benetako informazioa dute, baina harekin batera akatsak, esajerazioak eta orokortzeak ere bai. Aurreiritzi mota asko daude: erlijiosoak, linguistikoak, estetikoak, sexu edo genero aurreiritziak, …
Aurreiritzi linguistikoak
Aurreiritzi linguistikoak sozialak dira. Kasu honetan, hizkuntza baten, hizkuntza baten ezaugarri edo hiztunen gaineko iritzia ematen da arrazionaltasunari jaramon egin gabe. Aurreiritzidun jarrera hauek hizkuntzen artean edo hizkuntza beraren barietateen artean gerta daitezke. Alemaniera zakarra da, ketxua gozoa, frantsesa musikala, italiera barregarria, valentziera baldarra, gaztelania fina … aurreiritzi linguistikoen adibideak dira.
Juxtu horri buruz hitz egiten du (gehiegi maite ez dudan) Zuhaitz Gurrutxagak IkaMizka-koek aste honetan atera duten bideoan: https://www.youtube.com/watch?v=osP2e1PxM2o&list=UUPM-0zl6Nu9zxFByuB3r46w