Deskodetzea
Badugu aukera Stuart Hall pentsalariaren testu batzuk euskaraz irakurtzeko. Argitaratutako liburu horretan, besteak beste, deskodetzea eta kodetzearen inguruko kapitulu interesgarria dator. Telebistari buruz ari da Stuart testu horretan, baina nago beste testuinguru batzuetara hedatzeko aukera ematen duela bere teorizazioak.
Eta zer dio ba? Ba, labur zurrean eta orokorrean arituta honakoa hau dio: gauza bat da kodea eta beste gauza deskodetzea. Hau da, zuk kode bat helarazi zenezake jendartera (telebistari buruz ari zela gogoratu), baina gero jendeak hori deskodetuko du bere modura, interpretatuko du bere modura. Mezu askatzaile batzuk jendeak ez-askatzailetzat har ditzake eta alderantziz.
Hori irakurtzen ari nintzenean, Euskaraldi betean geunden. Ez naiz Euskaraldiaz berba egitera etorri hona, uste dudan arren gogoeta sakon eta esanguratsua behar duela ariketak. Baina, buruak ezinbestean egin zuen lotura: antolatzaileek mila modura igorri arren mezua, gero jendarteak bere modura deskodetu eta interpretatu du. Eta nago deskodetzearen hobetzean datzala Euskaraldiaren etorkizuna hein batean. Edo ez.
Kontxo, Hallen kodetze/deskodetze eredua Euskaraldiari aplikatuta espero dut negoziatutako deskodetzeaz ari zarela. Dena den, Hallen arabera, interesgarriena beti aurkakotasun deskodetze edo irakurketa litzateke. Baina hori hobe dugu euskararen inguruan azken boladan ezker (intelektual) -eskuin (bankero) zabaltzen ari diren mezuei aplikatzea. Nago, gainera, kontrahegemonia hori ezkerrean sortu diren pipie aurre eginez hasi beharko dela. Edo agian ez, hilabete daramakit Stuart Hallekin borrokan eta akaso burua nahasten ari zait.
Ondo izan!