Transmisioaren molde berriak
Bat 94. aldizkarian transmisioaren molde berriak aztertu dituzte. Artikulu zeharo interesgarriak dakartza aldizkariak. Haien artean, Paula Kasaresena nabarmenduko nuke. Eta, hori dela eta, artikulu horretatik ateratako lau aipu zuokin partekatu nahi ditut:
ikertzaileen interesa ez ohi da hizkuntza gutxituen atxikitzeko gertakarietara zuzendu eta mintzaira horiei iraunarazteko ahalegin eta estrategia sozialak maiz ikusezinak izan dira gizarte zientzien literaturarako. Ikertzaileek tradizioaren irautea ikusi ohi dute, ez tradizioari eustea edo tradizioari iraunaraztea.
euskara teknikariek, hizkuntza dinamizatzaileek nahiz haurren euskararen erabileraren sustapenean diharduten hainbat eragilek bi hamarkada daramatzate hizkuntza transmisioaren alorrean lanean teoria soziolinguistiko egoki baten itzalik gabe.
haurren hizkuntza jokaeraren faktoreen artean adinkideen eragina ukaezina da; hau da, haurrek beren mintzajardunean elkarri eragiten diote. Hizkuntza transmisioaren gaineko ikerketek ez ohi dituzte belaunkideen arteko eragin horiek behar bezala balioetsi, soziolinguistikan kontu jakina bada ere ingurune eleaniztunetako haurrek gurasoen mintzamoldera baino gehiago bere adinkideen mintzaerara egokitzeko joera izaten dutela.
neska-mutikoek elkarrean artean bat-batean eta berez mintzaira ahulean egitea da hizkuntza indarberritzeko ahaleginetan lortzea zailenetakoa den emaitza, baina erdiesten delarik zinez esanahitsua. Indarberritu (edo biziberritu) nahi den hizkuntza belaunaldi gazteen erabileran errotzea bezain seinale onik ez dago soziolinguistendako.
Bada joera zabaldu bat, erabilera adin tarteka aztertzeko, adinkideen arteko jardueran arreta berezia jartzeko, eguneroko jardunak erakusten digun arren erabileran eraginak askotarikoak direla, harremanak bezain ugariak.
Belaunaldi gazteen erabileran eragin nahi izatea belaunaldi helduagoon jokaerak aldatu gabe, ariketa antzua da. Areago, belaunaldi guztiok eskura daukagun euskarazko aisialdi, kultur, kirol eta bestelako eskaintzen hizkuntzari erreparatzen bazaio. Teoria egokien beharra ez dut nik ukatuko, baina sumisiotik, utzikeriatik eta arduragabekeriatik ez dago hizkuntza berreskuratzerik, eta horiek dira gure alderdi eta sindikatu “euskaltzaleen” jarrera nagusiak, batzuenak besteenak bainoago, baina orokorrak. Nekez ikusten dira politikari eta sindikalista abertzaleak euskararen egoeraz eta etorkizunaz mintzatzen, ez bada ardura zuzena duen bat edo beste. Besteei ez omen die gaiak eragiten. “Normal” ari dira herria “askatzeko” lanean, españolez. Horien jarrera aldarazten ez badugu, alferrik dira teoriak, tesiak eta euskararen aldeko jaialdiak, zein onak diren ere.
Adibide ageriko bezain lotsagarri bat: nola jasan dezakegu bakean eta isilik, jasaten dugun euskarazko telebista publikoa, inor gutxik txintik ere esan barik? %1,5eko audientzia duelarik, horietatik gehienak adinekoak… Hori bai, beharbada, jasan ere ez dugu jasan beharko laster, berez desagertuko baita martxa honetan… euskarazko telebista publiko bakarra!!! Internet zertarako aipatu… Nola aldaraziko dugu inoren hizkuntzazko ohiturarik baldintza hauetan?
Errealitate penagarri honekin, zein eztabaidetan ari gara euskalgintzan? Ez dirudi lehentasunekin asmatzen ari garenik. Areago, uste dut beldurrez eta lotsaz ekiten zaiola oro har eztabaidari, salbuespenak salbuespen.