Erakartze teoriak
Originala Jakin aldizkarian argitaratua.
Natur zientzien alorreko metaforak jendarte gaietan erabiltzea ariketa arriskutsua da oro har. Izan ere, natur zientzietako metaforek naturan dute sorburu, eta gizakion arteko harremanetara ekartzean beti arriskua dago. Arriskua gizakiok aukeratu ahal dugulako, agentzia dugulako (mugak muga), eta arriskua gizakion arteko harremanak aldakorrak eta askotan iragartzeko zailak direlako. Baina, tira, erabili erabiltzen dira.
Horien arteko bat ekarri nahi dut hona: erakartze teoria, hain zuzen ere. Teoria horren arabera, labur-labur eta argi utzita ez dela inondik ere nire espezialitatea, gorputz batek zenbat eta masa handiagoa izan, orduan eta erakartze indar handiagoa du. Beraz, masa handiko gorputz horrek masa txikiko gorputzak erakarriko ditu, eta ez alderantziz.
Teoria horren alde mintzatu da behin baino gehiagotan Fermin Etxegoien. Berak dio «erabileran dentsitate nahikoa harrapatzen ez duen mintzairak ez duela hiztuna erakartzen». Eta jarraian dio gurean oso mintzaira gutxik dutela (euskarari buruz ari da, jakina) erabileran dentsitate nahikoa: euskalki batzuek baino ez, alegia.
Hiztunak, beraz, erabilera dentsitate nahikoa duten mintzairak baino ez ditu erakartzen, Ferminen arabera. Berak aipatu ez arren, arau sozialek erakartze horretan berebiziko indarra dutela uste dut nik. Eta erakartze hori arau sozialen begiradapean esplika daiteke hein handi batean (dentsitate nahikoa dute mintzaira horiek, nire ustez, arau sozialek horiek erabiltzea saritzen dutelako).
Baina gehiago ere badio Fermin Etxegoienek. Erakartzeaz gain, hautu estetikoak ere berebiziko garrantzia duela, alegia. Hau da, mintzaira bati hurbiltzeko edo harengandik urruntzeko erabakia mintzaira horrek estetikoki emango diguna aurreikustean datzala, hain zuzen ere.
Hortaz, Fermin Etxegoienen arabera, erakarpen indarra euskalki batzuek baino ez daukate. Eta horrek azaldu dezake behinik behin zergatik Bilbo aldean (nik gehien ezagutzen dudan eremuan) euskaldun ‘berri’ batzuek bizkaieraren aldeko hautua egin duten egunerokoan, eta ez batuaren alde. Edo ez, akaso hori ezin daiteke esperientzia estetiko bezala esplikatu.
Estetikaren inguruko hausnarketa horrek beste leku batera egin du konexioa neure buruan. Jon Sarasuaren berba batzuengana, hain zuzen ere: «Inprobisatuko dugu, inprobisatuko gara, inprobisatuko dugu garena eta izan nahi duguna eta etengabe sortuko dugu eta erabakiko dugu zer izango garen eta zer egingo dugun».
Orri zuria. Euskaraz errazagoa da aitzindari izatea: lehen rap taldea, lehen eleberri grafikoa, lehen fikziozko dokumentala, lehen txosten teknikoa, lehen… Euskaraz orria zuriagoa dugu, eta hori izan daiteke abantaila. Jakina, benetako abantaila berrikuntza eta kalitatea direla burutik kendu barik.
Eta horrek zerikusi zuzena du estetikarekin. Eta abangoardiarekin. Eta abarrekin. Nire iritziz, hala ere, hainbat lekutan indarrean dauden arau sozialak aldatzeko, estetikak palanka batzuk ematen dituela ezin uka. Baina palanka batzuk baino ez.
Kaixo, Txerra:
Oraingoan ez zait oso argi geratu zer proposatzen edo iradokitzen duzun zure gogoeta honekin. Sakondu dezakezu pixka bat gehiago?
Eskerrik asko.
Kaixo Aitor:
Artikulu hau berez beste bi artikuluren artean doa Jakin aldizkarian. Lehenengoa da arau sozialen ingurukoa (http://blogak.eus/garaigoikoa/arau-sozialak-1463414182370) eta hirugarrena datorren astean argitaratuko dut (ez-lekuak deitzen da). Hirurak batera irakurrita, nire ustez ulertzen da (edo hori pentsatu gurako nuke). Hirugarrena argitaratu ostean ulertzen ez baduzu, esan eta esplikatuko dut labur-labur eta zuhur-zuhur.
Eta, jakina, eskerrik asko!