Euskararen betaurrekoak
Hizkuntza ohiturak aldatzearen inguruan gabiltza azken urteotan buru belarri ikertzen eta aztertzen. Baina, agian, lehen eskuko testigantzak falta zaizkigu (eta asko egon daiteke). Honako hau Jon Maiaren Berriak jaio ginen liburutik lapurtua:
Bertso eskolan nenbilen garai hartan, eta nire nerabezaroko hausnarketa abertzale sakonetan murgildua segur aski, nire anaia harrapatu nuen eta gutxi gorabehera esan nion: “Egoitz, zu eta ni euskaldunak gara eta nik ez dizut erdaraz gehiago hitz egingo”.
Ez nazazue matxakatu -oh euskal olinpoko intelektualok eta titulurik gabeko soziologook- esaldi honengatik, gogoratu ezazue 12-13 urte zituen mutiko baten bizitzaren pasarte jakin bat dela. Alta, niretzat funtsezkoa izan zen une hori, eta agian nire anaiarentzat ere bai. Egia da x adin bat arte -bakoitzarengan desberdina den adin horretara arte- inertziak edo subkontzienteak erabakitzen dituela zenbait gauza. Zure eguneroko hizkuntza, esaterako, edo baita zure futbol talde kutuna ere. Iritsi daiteke une bat, erabaki bat hartu eta inertziak hauts ditzakezuna. Gainera, hemen, Euskal Herrian, askotan gertatu den kasua da hau. Ikastolara joateko eta etxeko erdal hizkuntza aldatzeko erabakia ez genuen guk hartu, gure gurasoek erabaki zuten gure partez gure euskaldun izatea.
Lehenago edo geroago, norberak hautu bat egin behar du, edo zehatzago esanda, egin dezake. Nik nerabezaroaren hasieran egin nuen (…)
Nik ez dakit nire anaiak ze aurpegirekin begiratuko zidan, beno bai, berearekin. Baina 7-8 urte izango zituen orduan eta “Este tío que me dice” pentsatuko zuen. Baina garaipena zer den, lagunok! Ez dut gogoratzen inoiz nire anaiaren eta bion arteko gaztelerazko elkarrizketa, ez bada ama eta aita tarteko direla (…)
Duela 18 urte Topaberri aldizkarian Pedro Zuberogoitiak argitaratutako iritzia berreskuratu genuen aurrekoan. Bertan euskara elkarteek hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenak antolatu beharko lituzkeela zioen Pedrok eta artikulua abiatzeko Aitor Gorosabelek egunkarian idatzitako gutun bat aipatu zuen.
Horra lotura: http://topagunea.eus/2017/10/hizkuntza-ohiturak-direla-eta/