Tosepan 3
Tajkajtik, nepantajtik, teotaki edo tayaoua (irakurtzen ari zaren orduaren arabera bata edo bestea). Tosepanen jarraitzen dugu Gatxi eta biok, Garabidek eta Emunek bultzatuta. Eta gaur gure egonaldiaren hirugarren kronika dakart.
Astebete pasatxo daramagu hemen. Asko ari gara ikasten, asko gozatzen, asko ematen, asko partekatzen, asko. Egitera etorri garen lau planek bere bidea daramate suabe-suabe, eta ari gara aurreratzen, eta ari gara oinarri sendoak jartzen (gure ustez behinik behin).
Baina, horrez gain, plan horiek diseinatzeaz gain, beste zeregin batzuk ere baditugu. Izan ere, planek ezer gutxi balio dute gero horiek errealitatean aurrera eramango duten pertsonak barik. Horiek ari dira plana egiten, jakina, eta, gainera, ari gara zelanbait planaren ardura teknikoa eramango duen pertsona ere gaitzen (hemen, han bezala, hizkuntza aholkularia deritzote, nahiz eta gure aholkuak, hizkuntza baino, beste zeregin batzuetan egokiagoak diren, aldatu beharko diogu izena zereginari inoiz: hizkuntza garatzeko aholkulari?).
Esan dudan legez, Tosepaneko hizkuntza aholkularia ari gara gaitzen, trebatzen. Gure esperientzia iragazi dugu apur bat hona etorri aurretik. Aholkulari batek behar dituen gaitasunak zerrendatu eta horiek lantzeko materialak topatu (ahal bada, gaztelaniaz): horixe da aurretik egin dugun lan nagusiena.
Gaitasun horiek, nire ustez, lau dira nagusiki: soziolinguistikaren gaineko ezagutza (soziolinguistika soziala, antropologikoa zein psikologikoa, ahal dela), gestiorako oinarrizko ezagutzak (planifikatu, ebaluatu eta abar), taldeak dinamizatzeko oinarrizko ezagutzak (parte hartze teknikak, bilerak dinamizatzeko teknikak, narratibak eta abar) eta, askotan aipatzen ez dena baina nire ustez funtsezkoa dena, gogoa (ikasteko gogoa, hobetzeko gogoa, besteak ilusionatzeko gogoa, planean sinesteko gogoa, arduratsua izateko gogoa eta abar). Azken elementu hau da, nire ustez, ezinbestekoena. Beste guztiak denbora tarte batean eskuratu daitezke azken horren eraginez (nik ere aurreko hiru gaitasun horiek nahiko eskas bainituen orain dela 10-15 urte).
Asko balio izan dit ariketa honek. Lehendabizikoz dut nirekin “dizipulua” (berak horrela deitzen dio bere buruari), lehendabizikoz dut nire ondoan nire lana ikasi nahi duen pertsona bat (zergatik ez ditugu praktikak egiten hizkuntza planak kudeatzen ditugunok?). Bera ikasten ari da (hori dio, behinik behin), baina ni ere asko ari naiz ikasten eta, ez hori bakarrik, ezagutza tazito asko azaleratzen ari naiz (eta hori beti da ona aurrera egin ahal izateko).
Lizbethek dio asko ikasten ari dela, Txerrak dio asko ikasten ari dela, Gatxik dio asko ikasten ari dela, … ondo samar ari garen seinale, ezta?
Jarraituko du …
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks