Patenteak
Patenteak dira aurkikuntza egin duen pertsonei Estatuek ematen dizkioten eskubideak. Eskubide horien bidez, pertsonak aurkikuntza hori propio ustia dezake, hau da, beste inork erabilita hari ordaindu behar dio.
Hori da patenteen definizio aseptikoa, esan dezagun. Baina benetan gaur egun ia edozer patentatu daiteke gure bizitza honetan. Baita artefaktu kolektiboenak ere. Esate baterako, hizkuntzak. Patentatu gura duten “antropologo” linguistiko askotxo dabil munduan barrena, Linda Tuhiwai maoriak bere liburu gogoangarrian aipatzen duen bezala.
Horietako batzuk, patentegile batzuk, linguistika deskriptiboaren mozorroan ostendu egiten dira (ez dakit noren aipua den hau, gaztelaniazkoa “La lingüística descriptiva es lingüística destructiva”). Azken finean, euren helburua da hizkuntza bat jasotzea, hizkuntza baten aldaerak jasotzea. Helburu maitagarria izan daiteke, baina gaur eta hemen, gaur eta hor, gaur eta han, horiek ez badute balio hizkuntza horri etorkizuneko bideetan barneratzeko, zer zentzu du horrek? Zertarako demontre balio du horrek?
Linda Tuhiwaik aipatzen duenaren harira, maoriak dira munduan ikertuenak izan direnak. Baina ikerketa horiek guztiek (edo gehienek, behinik behin) zertan lagundu dioten maorien herriari? Zertan?
Hizkuntza lankidetza bidaia baten ostean sortutako burutazio batzuk … (izenburua neoliberalismoa hizkuntzen plazan izan zitekeen ere)
Oker ez banago bere garaian Txepetxek ere hitz egiten zuen horretaz eta “lingüística de guante blanco” deitzen zion … non eta ez zuen Woody Allenen pelikula haren izendapena aipatzen “Toma el dinero y corre”.
.. eta bai, aipatzen genuen, sarritan, aztertuen diren hizkuntzak direla galtzen direnak.
Bai esango nuke El espacio bilingüe liburuan horren gainean egiten duela berba (baina buruz ari naiz) .. eta filmaren aipamenagatik gogoratu egiten naiz bereziki …
Julia Sallabank-en testu bat irakurtzen ari naiz oraintxe bertan, eta honako hau dio berak hizkuntza kontserbazioari buruz: “kontserbazioa … baiak marmelada potoetan eta izokina latetan sartzea da … Liburu eta grabaketek hizkuntzak kontserbatu dezakete, baina soilik jendeak eta komunitateek mantendu ditzake bizirik”. Txalo bero handi bat!